Juan Unzueta Solaegi
JUAN UNZUETA SOLAEGI
Otzaragilea
2002 / 11 / 15-22
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Lanbidea
 Prezioak


LANBIDEA

Plastikoak agertu ziren arte, zurezko otzarak erabiltzen ziren gauzak alde batetik bestera eramateko. Baina gaur egun horrelako gutxi saltzen direnez, eta otzarak egiteak bere lanak eskatzen dituela jakinik, otzaragintza arriskuan dagoela esan dezakegu.

  Argazkia
Juan Unzueta, oraindik lanean darraien otzaragile euskaldun gutxietako bat dugu. Aita ere otzaragilea zuen eta berak erakutsi zion lanbidea.

Lanean aritzeko, gaztainondoaren anduiak erabiltzen ditu, 5 eta 7 urte ingurukoak. Azarotik otsailera bitartean mozten ditu adar hauek, ilbeheran beti.

Ondo kontserbatzeko, bere tailerretik gertu dagoen putzu batean sartu, eta hantxe uzten ditu, erabiltzeko unea iritsi arte. Ahal izanez gero, putzuan sartuta bost urte baino gehiago ez egotea komeni da. Ur gainean ez geratzeko, harri batzuk ipintzen dizkie gainean.

Argazkia  
Egur hauek erabiltzeko unea iristen denean, putzutik atera eta labean berotzen ditu. Labe hau, ogiak egiteko erabiltzen direnen antzekoa da -artisau batzuek labe hori bera erabiltzen dute-. Labea berotzeko, lanetik ateratzen dituen txirbilak erabiltzen ditu. "Egostearen" helburua, egurra malgutzea da, lana errazago egiteko. 30-90 minutu artean edukitzen ditu horrela, beren hezetasunaren eta lodieraren arabera.

Ondoren, xafla edo matxete batekin, tira fin batzuk ateratzen hasten da.

Eskuz, aulkian, eta azien laguntzarekin, zintak orrazten ditu, gainaldea guztiz homogeneoa geratu arte. Lehenengo zama handiena eutsiko duen azpialdea prestatzen du; horregatik, hortxe erabiliko ditu tirarik lodi eta handienak, eta ondoren alboak prestatzen ditu. Bukatzeko, buelta guztian zehar errefortzu bat ipintzeko dio.

Otzararen kirtena ere adarrekin egiten du, eta punta metaliko pare batekin lotzen ditu ertzak.

Juan Unzuetak Euskal Herriko txoko guztietatik jasotzen ditu otzarak egiteko enkarguak. Izan ere, saski hauek, guztiz erabilgarriak izateaz gain, balio etnografiko handikoak dira.

BIBLIOGRAFIA

 

 Galeria
Bilatu Euskonewsen