Artisaua | |
Musika Tresnak | |
Produktuak | |
Etorkizuna | |
Prezioak |
MUSIKA TRESNAK
Musika tresnaren bat egiten duen langileari artisau deitzen baldin badiogu, nola deitu danbolinak, atabalak, bonbeteak, dunbalak, danborrak, makilak, panderetak, ttun-ttunak, txirulak, dultzainak, eltzagorrak eta txalapartak egin, eta, gainera, plaza eta kaleetan barna dultzaina jotzen aritzen denari? "Musikako fenomeno" bat, nola bestela?. Bera izango dugu gaurkoan gure ataleko protagonista.
Dultzaina edo gaita
Dultzaina edo gaita Erdi Aroko musika tresna bat da, 39 cm inguruko luzerakoa. Zazpi zulo dauzka, sei elkarren segidan eta zazpigarrena albo batean. Normalean ez du airearen sarrera erregulatzeko giltzarik izaten; penintsulako beste zenbait eskualdetan, ordea, izaten dute. Ezaugarri honen eta beste batzuengatik, oboearen eta fagotaren aitzindaria dela esan dezakegu.
Tolosan du tailerra Joxe Manuel Agirrek. Bokazioz musikaria da, baina bizitzako gora-beherek folklorearen artisaua izatera ere eraman dute. Gaurkoan dultzaina bat egiten ari da, bere espezialitateetako bat, baina bestelako musika tresnarik ere egiten du: danbolinak, atabalak, danborrak, panderetak, etab. Guztiak, beti, tradizio dinamikoaren irizpideari helduz egiten ditu. Hau da, bere elementuen kalitatea hobetzearren, noizean behin berrikuntza txiki batzuk ere sartzen ditu.
Joxe Manuel bere lantokian gaita probatzen. |
Antzina, sagarrondo, udareondo, arte, ebano edo ezpelaren egurrez egiten ziren dultzainak, Nafarroan bezala, bertan oso ugaria baita zuhaixka hau, baina orain artisauak polimeroen erretxina erabiltzen du lehengai gisa, tenperatura aldaketen eta hezetasunaren aurrean zura baino sendoagoa delako, eta ondorioz lan gutxiago ematen diolako musika tresna gozatzeko orduan.
Pita egiteko prozesua berezia da oso. Kanaberak Erriberan hartzen dira, kontuz-kontuz aukeratuz, eta arreta handia eskaintzen zaie. Besteak beste, neguan, ilbehera dagoenean, moztu egin behar izaten dira, aurreko egunetan euririk egin ez badu.
Bitxikeria modura, esan musika tresna hau egiteko orduan musikaria eskuina edo ezkerra den hartzen dela kontuan. Izan ere, hatz txikiarekin estaltzen denez ahotik urrutien dagoen zuloa, komeni den aldean jarri behar izaten da.
Joxe Manuelen esanetan, teknika, sentiberatasuna eta bokazioa behar dira lan hauetan aritzeko.
Danbolina
Danborraren kaskoa egiteko, Joxe Manuelek intxaurrondoaren kontratxapatuzko zilindro bikoitza erabiltzen du. Bere perimetroan, adabakia edo antxumearen larrua iltzeztatzen du, pagoaren uztai sendo batzuekin, bustia egonez gero erraz tenkatuko dena. Soka hori Lizarrako sokagile batek egiten dio. Tenkatzaileak, larru beltz onduzkoak izaten dira. Gaur egun tenkatzaile metalikorako sistema bat erabiltzen du bere danbolinetan, musika tresna azkarrago gozatu ahal izateko.
Damborinak lantzen. |
Gainera, urtean zehar ehunka danbor eta danbolin ematen dizkiote tenkatzeko.
Larrua tenkatzea berez ez da oso gauza konplikatua, baina gogaikarri samarra
izaten da dena den.
Pandereta
Pandereta eta panderoekin ere prozesu berbera jarraitzen du. Hobeto bukatuta egoteko eta sendoagoak izateko, gaur egun pagoaren zurezkoak egiten ditu, pinuzkoak beharrean. Beste fabrikatzaile batzuek egindakoak ez bezala, honako hauek konpontzea erraza da.
Panderetak. |