Juan Elgarresta
JUAN ELGARRESTA
Albarkagintza
2003 / 04 / 11-25
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Historia
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

ABARKAGINTZA PROZESUA

Argazkiaren oina eta egilea  
Argazkiaren oina eta egilea
Ikus dezagun nola egiten dituen abarkak Juan Elgarresta artisauak. Hona jarraitzen dituen pausoak:

Larrua ohol baten gainean ipini, eta bertan moztu beharrekoa marrazten du.

Gaur egun hur koloreko ardi larru koipeztatua erabiltzen da, edo bestela zekorraren larru ondua. Begetalki, taninoz, ondutako materiala erabiltzen du. Oraindik ere "oinka" saltzen da (31,7 cm2.).

Lehen, ondu gabeko larruarekin egiten ziren, ilearekin edo gabe. Gogortu eta zurrun gera ez zitezen, eta garai lehorretan oinean minik egin ez zezaten, busti egiten ziren, edo zaku busti batean sartu, edo barruan belar freskoa sartu, edo ukuiluan uzten ziren, leku horretan beti egoten zelako hezetasuna. Ez zen sutondoan uztea komeni, larrua gogortu egiten zelako

  Artisaua, josteko prestatzen.
Artisaua, josteko prestatzen.
Animaliaren zatiari dagokionez, artisauari gehien gustatzen zaion zatia lepoa da, gogorragoa eta beraz lana egiteko zailagoa izan arren, abarka sendoagoa izaten delako eta gehiago irauten duelako.

Marraza batekin, larrua mozten du.

Mailu eta marraza batekin (berak L formakoa erabiltzen du: alderik luzeena kirten modura eta motza, puntan amaitzen dena, ezten bezala) zulo txiki batzuk egiten ditu piezaren perimetro guztian zehar. Hain zuzen ere zulotxo horietatik pasako da gero larruzko lokarria. Zuloen kopuruak bikoitia izan behar du beti.

Ondoren, punta josten du.

Abarka josten.
Abarka josten.

Gero buelta ematen dio puntari, josturak barrualdean geratzeko.

Abarkari buelta ematen, jostura barrualdean geratzeko.
Abarkari buelta ematen, jostura barrualdean geratzeko.

Begiak egiten dizkio; hau da, abarkaren aurrealdean simetrikoki ipintzen diren larru beltzeko bi zatitxo.

Abarka, josita eta jostura barrualdean duela.
Abarka, josita eta jostura barrualdean duela.

Bere aitonak esaten zuenez, jaiegunetan erabiltzeko abarkei bakarrik ipini behar zitzaizkien begiak, ez ordea egunerokoei.

Goialdean zintak edo uhalak ipintzen dizkio.

Hara nola egiten dituen zinta hauek. Larruzko biribil bat egin, eta ohol batean laban bat sartzen da. Ondoren, larruaren punta atera eta indarrez tira eginez labana zinta bat egiten hasten da, laranja bat zuritzean bezala. Oso modu garbi, azkar eta zehatza da.

Abarkaren ertzean zazpi lazo ipintzen ditu: hiru oinaren alde bakoitzean eta bat aurrealdean, erdian, besteekiko ezberdina. Lokarriak pasatzeko dira.

Abarka, fase ezberdinetan.
Abarka, fase ezberdinetan.

Berak egindako artile beltzeko lokarri edo traiak ipintzen ditu. Horretarako, artilea garbitu ostean, kardatu egiten du, eta ondoren, txaratila edo maratilaren bidez, haria ateratzen du. Hari luzeak ateratzen ditu, eta ondoren hari berriak eransten dizkie txaratilari eraginez. Horrela behin eta berriro, hariari nahi bezalako lodiera eman arte. Normalean 3 m inguruko luzerako soka egiten du.

Lokarriak egiteko artilea.
Lokarriak egiteko artilea.

Abarka pare bat egiteko, bi ordu eta erdi inguru behar izaten ditu artisauak.

Gaur egun dantzariek eta jai egun berezietan (Santa Agedan, Eguberrietan, Euskal Jaietan, etab.) baserritarrez janzten direnek erabiltzen dituzte.

Inoiz jaso duen enkargurik handiena, 47 abarka egin behar izan zituenekoa izan zen, eta egin duen abarkarik handiena Euskal Festa baterako egin zuena da, 1,5 metrokoa.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen