Iruretagoyena
IRURETAGOYENA
Abarketagileak
2003 / 05 / 09-16
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Historia
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Gaurkoan gure ataleko protagonista ditugun Azkoitiako (Gipuzkoa) Iruretagoyena artisauek lana nola egiten duten azalduko dizuegu. Enpresa familiar txiki honetan, teknika moderno eta tradizionalak uztartzen dituzte, oihal eta jutezko ABARKETAk egiteko.

  Jutezko tirak leuntzen.
Jutezko tirak leuntzen.
1. Zola prestatzea.
Antzina, zolak espartzuzkoak edota kalamuzkoak izaten ziren. Lehenengo motakoak bigarrenak baino ahulagoak ziren. Gaur egun, zolak jutezkoak izaten dira. Jutea Asiatik ekartzen dute, hariletan.

Artisauak egiten duen lehenengo gauza, jutezko tira bi arrabol dituen makina motordun batetik pasatzea da, trinkotu eta berdintzeko.

Gero, mahai berezi batean jutezko tirari hainbat bira emanez, zola prestatzen da.

2. Zola jostea.
Zola egin ondoren, josi egiten da, behin betiko izango duen forma emateko. Juliánek dioenez, lan hau lehen eskuz egiten zen. Zola prest dagoenean, taula baten gainean ipintzen da (abarketariaren aulkian), eta ezten luze batekin, jutezko hariz josten da alde bat. Lan honek bere denbora eskatzen zuen.

Makinaz josten.
Makinaz josten.

Gaur egun, zig-zagean josteko makinari esker, lan hau askoz ere arin, eroso eta azkarrago egiten da.

  Kautxuzko basea egiten.
Kautxuzko basea egiten.
3. Kautxuzko plantila prestatzea.
Gaur egun, jutezko zolaren azpialdean kautxuzko plantila bat ipintzen da; horrela, abarketa sendoagoa izango da, gehiagoan iraungo du, eta hobeto itsatsiko zaio lurrari.

Horretarako, artisauak kautxuzko hainbat geruza bata bestearen gainean jartzen ditu, eta, zolaren forma duen altzairuzko xafla batekin, guztiak batera mozten ditu. Kontuan izan behar da zenbakiaren (oinaren neurriaren) arabera, xafla bat edo bestea erabili behar dela, eta xafla hauek garestiak izaten dira.

4. Kautxuzko basea zolari itsastea.
Kautxuzko plantilak beroaren bidez itsasten zaizkio jutezko zolari. Bero hori termosoldatzeko makina batek ematen du. Horretarako, kautxuzko basea molde batean sartzen da, bere gainean jutezko zola ipintzen da, eta erresistentzia elektriko batzuen bidez berotu egiten dira, biek bat egin arte. Hau egitearekin batera, kautxuaren azpialdean zenbakia ipintzen da.

Termosoldatzeko makina.
Termosoldatzeko makina.

5. Oihala prestatzea.
Hurrengo pausoa, oina estaltzen duen kotoizko oihala prestatzea izango da. Bi pieza dira artisauak moztu beharko dituenak: aurrealdeko "pala" edo "oin puntakoa", eta atzealdeko "orpoa".

Oihala mozten.
Oihala mozten.

Horretarako, hainbat oihal bata bestearen gainean jartzen ditu, eta arotzen zerra erabiliz (hortzik gabea, laban baten modukoa) oihala mozten du. Horrela, aldi berean pieza berdin batzuk lortzen ditu, lehenengo aurrealdekoak, eta gero orpokoak.

6. Oihala jostea.

  Oihala josten.
Oihala josten.
Azken fasea, oihala jostean datza. Lan sakrifikatu hau egiteko, jostunak abarketa zurezko aulki batean sostengatzen du, eta kotoizko haria erabiltzen du josteko. Garrantzi handikoa da honako lan hau; izan ere, oinetakoaren kalitatea bere joskeren sendotasunaren araberakoa izaten baita.

Aspaldian lan hau emakumeek etxean somara egiten zuten; alegia, egindako lanaren arabera kobratuz. Arantxa, Julianen emaztea, aritzen da josten.

Bere esanetan, puntako oihalak pixka bat lasai gelditu behar du, behatzei lekua uzteko.

 

 Galeria
Bilatu Euskonewsen