Sarrera | |
Artisaua | |
Historia | |
Prozesua | |
Prezioak |
HISTORIA
Abarketak asko erabili izan dira, batik bat mediterraneoar kultura duten lurretan (Nafarroan eta Araban). Kantauri aldean ere erabiltzen ziren, hirietan bereziki.
Araban kontatu ziguten abarketariak herriz herri ibiltzen zirela. Gerra piztu aurretik (1936-1939), Trebiņoko Obekuri herrixkatik Logroņoko abarketari bat igarotzen zen, eta han bertan bezeroak nahi zuen neurriko abarketak egiten zituen. Kalamuzko zola izaten zuten, eta 6 erreal kobratzen zituen pare bakoitzeko. Abarkarik erabiltzen ote zuten galdetu genienean, erantzun ziguten gomazko abarkak Euskal Herrian bakarrik erabiltzen zirela.
Gerra piztu baino lehen, arrantzaleak, arrantzaleen emazteak eta haurrak oinutsik ibiltzen ziren gehienetan. Baina, abarketak jantzi behar zituztenetan ere, esate baterako mezatara joateko, eskuan eramaten zituzten, ez hondatzeko; elizaren atariraino oinutsik joaten ziren, eta han bertan janzten zituzten. Euria ari zuen egunetan, baserrietako emakumeek eta emakumezko arrantzaleek eskalapoiak erabiltzen zituzten, eta hauen barruan abarketak edo abarkak.
Nire berri-emaileetako batek, Pasaiako portuan zenbat arrain sartzen zen kontrolatzen aritu zen denboran, abarketen gainetik eskalapoiak ipintzen zituen, haiek ez hondatzeko. Zurezkoak izaten ziren, takorik gabeak, eta zola laua zutela. Batzuek gomazko tira batzuk jartzen zituzten, ez irristatzeko.
Gure berri-emaileetako baten aita hain zen trebea, berak egiten zituela bere abarketak. Zola egiteko, lastoa lotzeko soka eta bere emazteak josten zuen oihal gogor bat erabiltzen zituen. Gero, iragazgaizteko, brea bero pixka bat botatzen zien.
Zola eskuz josten |
Garai batean haurtxoei abarketak ipintzeko ohitura zegoela kontatu ziguten, oinez ibiltzen azkarrago ikasten zutela esaten zelako.
Lehen abarketa guztiak lotzen ziren lokarriekin, baina orain dantza taldeek erabiltzen dituztenek bakarrik daramatzate lokarriak.
Gure berri-emaileetako baten aitonak denda bat zeukan Trebiņon. Denetarik saltzen omen zuen, abarketak barne, eta behin batean, karlistaden garaian, karlisten ez eramateko zinta guztiak kendu omen zizkieten.
Abarketen zola jutezkoa izaten zen, baina jute gutxi zegoenean espartzua edota kalamua erabiltzen ziren. Horrelakoetan, zolaren barrualdean kalitate okerragoko materiala ipintzen zuten, eta kanpoaldean kalamu ona.
Txikitan, kale bat breaztatzen ari zirenean, zola galipotaz zikindu eta ondoren txintxorra zapaltzen zuten, gehiago irauteko.
Julianek eskuz josten du abarketaren zola. |
Bigarren Mundu Gerraren garaian, abarketa asko egin zituzten Gipuzkoatik igaro behar zuten alemanentzat. Gure artisauak dioenez, oso neurri handikoak ziren guztiak.
Gizonezkoek abarketa zuri, beltz eta urdinak erabiltzen zituzten, eta emakumezkoek gorriak ere bai. Jenderik "dotoreenak" zuriak erabiltzen zituen.
Hirietako klase ertainak abarketak erabiltzen zituen beti, euria egiten zuenean salbu, orduan zapatak eramaten baitzituzten. Udan abarketa zuriak, eta neguan beltzak. Igandeetan ere, abarketak.
Nire berri-emaileetako batek jostundegi batean aritzen zen, eta lanera zapatak jantzita joateko obligazioa zeukan. Abarketak udan mendira, hondartzara edo arroketara joateko erabiltzen zituen.
Lehenagoko abarketek ez zuten oraingoek duten bezalako gomazko zolarik izaten, espartzuzkoa baizik. Ondorioz, berehala hondatzen ziren; zenbaitetan, aste betera besterik ez. Kontatu didatenez, "batzuetan, etxetik abarketa zuri berri-berriekin atera, eta euriak harrapatzen gintuen, eta orduan abarketak zikin-zikin eta hondatuta geneuzkala itzultzen ginen". Gainera, bustitakoan oso usain txarra ateratzen zuten.
Oihala zolara josten. |
Dakigunez, 1894an lantegi bat zegoen Orion, Arbilla y Cia, abarketak egiteko jutea eta sokak egiten zituena. Turbina handi batek mugitzen zuen makineria guztia.
Garai hartan bertan, Azkoitian Esteban Alberdiren lantegia zegoen. Probintzia guztian zehar saltzen zuen abarketentzat egiten zuen oihala. Urak bultzatutako turbina baten bidez funtzionatzen zuen. Uda partean eta ur eskasia zegoen garaietan makinak mugiarazteko, 10 CVko lurrunezko makina bat zeukan. Abarketak egiteko 200 metro oihal ekoizten zituen eguneko.
Esteban Alberdik beste lantegi bat zeukan Azkoitian bertan, Santa Clara izenekoa. Jutea prestatzen zuten bertan. Bertako motor nagusiak 25 zaldi zeuzkan, eta 30 langile aritzen ziren lanean.
Azkoitian bertan jarraituz -1894. urtean gaude oraindik-, Narciso Arambarri industria gizonak iruteko eta txirikordatzeko lantegi bat zeukala aipatu beharra dago. Lau zaldiko gurpil hidrauliko bat zeukan, iruteko sei makinei indarra ematen ziena. Hamar langile aritzen ziren bertan. Abarketak egiteko lehengaiak prestatzen zituen. Beste lantegi batean 80 langile zituen, eta hauek astean 500 abarketa parte egiten zituzten.
Garai hartan, abarketak egiten zituzten 20 tailer baino gehiago zeuden Azkoitian. Guztira, 500 langiletik gora. Abarketa hauek batik bat Bilbon eta Kuban saltzen ziren.
Nire berri-emaileek Hondarribian zegoen lantegi bat ezagutu zuten; Echeveste sendiarena alegia. Familia osoa aritzen zen abarketak egiten. Hiru anai-arreba ziren: Sabino, Leandro eta Pepita, eta amak egiten zituen joste lanak. Kalen aritzen ziren abarketak egiten, mahai handi batekin. Leandro izan zen bizirik gelditu zen azkena; 1993an hil zen. Artisautza azoketara joaten zen, bere aulkiarekin, eta hantxe, jendaurrean, abarketak egiten aritzen zen.
Iruretagoyenatarren abarketen biltegia. |
Elgoibarren oso lantegi garrantzitsu bat zegoen, Arrietakoa (San Francisco kalean, Mag-dalenatik gertu). Zolak partikularrek beren etxean egiten zituzten, eta beraiek tindatzen zituzten oihalak. Asko Kubara bidaltzen zituzten.
Donostian, Bermingham kalean, jada desagertua den zezen plazara igotzen zen errepidearen hormaren alboan, solairu bakar bateko etxetxo bat zegoen, eta hain zuzen ere bertako etxabean zegoen Uzcudun abarketen lantegia. Abarketa hauek izango ziren, ziurrenik, 40ko hamarkadan Donostiako haur eta gazteek gehien erabiltzen zituztenak. Oso oihal sendoz zeuden eginak, eta abarketaren puntan, goialdean, ardi larruzko errefortzu bat izaten zuten. Zola gomazkoa izaten zen, baina goma hori ez zen biguna izaten, baizik eta -esaten zutenez- gurpil azal zaharretatik aterea, oso sendoa. Ez dakigu hori egia ote den edo ez, baina gomaren kolorea eta mota ikusita, antza behintzat bazuen. Abarketa hauek luzaroan irauten zuten. Apenas hondatzen ziren euriarekin edo bero handia egiten zuen egunetan bonba autoak kaleak bustitzeko botatako urarekin, edo kale garbitzaileek San Martin eta Bretxako azoketako espaloiak garbitzeko egunero botatzen zuten urarekin. Abarketa hauek beltzak izaten ziren.
Donostian bazen abarketak egin eta saltzen zituen beste lantegi bat ere, Ecenarrotarrena, Antigua auzoko Matia kalean.
1931ko errolda industriala aztertu dugu, eta honako datuak lortu ditugu. Gipuzkoan 60 ziren abarketak egiten zituzten lantegiak: 25 Azkoitian, 6 Azpeitian, 2 Beasainen, 2 Eibarren, 4 Elgoibarren, 6 Errenterian, 1 Irunen, 3 Oņatin, 2 Donostian, 4 Seguran eta 5 Bergaran. Nafarroan 24 zeuden: 9 Iruņan, 1 Castejonen, 5 Cintruenigon, 1 Buņuelen, 6 Esprontzedan, 1 Garesen eta 1 Tafallan; Bizkaian, berriz, 4: Bilbon, Bermeon, Durangon eta Turtziozen. Guztira, 88 lantegi.
Iruretagoyenatarren abarketen biltegia. |
Gaur egun, lehen baino askoz ere gutxiago erabiltzen dira abarketak. Batez ere hondartzara joateko, jaialdietarako, eta egun berezietan erabiltzen dira (Alardean, Euskal Jaietan, Kalejiretan, dantza taldeek, etab.). Nolanahi ere, mota ezberdin ugari daude, bai ereduen aldetik (takoiarekin, takoirik gabe...), bai koloreen aldetik.