Xabier Agote
XABIER AGOTE
Erriberako Arotza
2004 / 01-23 / 02-06
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Ontziola
 Prozesua
 Prezioak
 Ekitaldiak
 Bibliografia



ARTISAUA

Gure artisaua Donostian jaio zen, 1964ko irailaren 9an. Bere aita abokatua da, baina oso itsasozalea. Ontzi bat zeukan Donostiako kaiean, eta horri esker hasi zen Xabier itsasoa maitatzen. Batelak atsegin zituen bereziki, eta kezkatuta zegoen oso, dagoeneko zurezko itsasontzirik egiten ez zela ikusita.

18 urterekin, Frantziako nekazaritza eskola batera joan zen, eta bi urte eman zituen bertan. Telebista frantseseko Thalassa saioa ikusten ari zela, Ameriketako Estatu Batuetako Maine herrian itsasontzigintzako eskola bat zegoela jakin zuen. Jakin bazekien Euskal Herrian ia ezinezkoa zela jakintza horretako teknikak ikastea, ez baitzegoen zurezko ontziak egiten zituen ontziolarik, eta lanbide hori bere kabuz ikasteko urteak eta urteak eman beharko zituela konturatuta, aukerarik onena eskola espezializatu batera jotzea zela ikusi zuen, askoz ere azkarrago ikasiko zuelako. Gauzak horrela, Mainera joatea erabaki zuen. Bertan sartzea, ordea, ez zen batere erraza izan, jende askok egiten duelako eskola horretan sartzeko eskaria. Itxaron-zerrenda luzean egon behar izan zuen denbora, munduan zehar bidaiak egiteko eta ingelesa ikasteko aprobetxatu zuen. 24 urte zeuzkan Maineko Itsas Museoko Itsasontzigintza Eskolan sartzeko baimena eman ziotenean. Ikastetxe horretan, lanbidea bakarrik ez, baizik eta itsasontzi mota guztietan nabigatzen ere irakasten zuten. Behin graduatu ondoren, Maineko iparraldean dagoen Moosehead ontziolara joan zen, urte betez lan egitera.

Euskal Herrira 27 urterekin itzuli zenean, arrantzontzi batean berdela harrapatzearen aldeko kanpaina bat egin zuen, lanbidea barrutik ondo ezagutzeko asmoz.

Itsasontzigintzako teknika tradizionalak ikasteko interes bizi-bizia zeukanez, hainbat lanetan zebilen bitartean, aisialdia pezio zaharrak aztertzen ematen zuen. Lagun batzuek Hondarribian (Gipuzkoa) utzi zioten biltegi batean, hondoa jotako itsasontzi zaharren puskak hartu eta nola eginda zeuden eta nolako mihiztadura zeukaten begiratzen aritzen zen. Hauen planoak ere egiten zituen. Itsasontzi horietako batzuk konpondu, eta Donostiako Untzi Museoari eman zizkion; besteak beste, Irungo Amuete auzoko gabarra eder bat.

Bere aisialdian, traineruetan arraunean aritzen da. Aurrena Hendaiako talde batean ibili zen, eta gero, bi urtez, Pasaiako Koxtapen.

Kezkatuta zegoen Euskal Herrian ez zelako inolako ahaleginik egiten itsas ondarea eta itsasontziak egiteko teknika zein moduak berreskuratzeko, eta bai ordea beste herrialdeetan.

30 urte zeuzkanean, erakundeen aldetik inolako laguntzarik jasotzen ez zuela ikusita, bi urtez belaontzi batean zeharraldi transatlantikoak egitera joan zen. 50eko hamarkadako itsasontzi holandar batean engaiatu zen, eta, gero, lagun batekin, Kanariar Uharteetatik Martinika Uharteraino joan zen. Han, bakoitzak bere bidea hartuko zuen. Xabier Agotek beste bi zeharraldi transatlantiko gehiago egin zituen itsasontzi italiar batean.

32 urterekin, Maineko The Rockland Apprenticeshop-en gonbidapena jaso zuen, euskal itsasontzi tipiko bat egiteko. Erakunde hori itsasontzi tradizionalak egiten dago espezializatuta, eta lehen aipaturiko eskola sortu zuen pertsona berberak eratua da. Erakunde horrek 35 urtetik gora zeramatzan antzinako itsasontzien berreraikuntzak egiten, baina sekula ez zuen euskal ontzirik egin, nahiz eta bazekien zenbaterainoko garrantzia izan zuten euskaldunek Ternuan balea harrapatzen zen garaian. Xabierrek XIX. mendeko arrantzontzi bat egitea proposatu zien, Euskal Herriko itsasontzirik adierazgarrienetakoa alegia. Hasiera batean erabaki zen itsasontzia, bukatutzat emandakoan, Maineko Museoan geldituko zela, baina Xabierren nahia ontzia Euskal Herrira ekartzea zen. Horregatik, hainbat hilabetez Ameriketako euskal erkidegoei dirulaguntzak eskatzen aritu zituen. 1998ko urtarrilean hasi ziren ontzia egiten, eta urte horretako maiatzaren 10ean uretaratu zuten. 11,5 m.ko luzera zuen, 1,96 m.ko zabalera, eta 0,85 m.ko altuera, eta 11 eta 14 lagun artean aritzen ziren bertan nabigatzen. Ameriketatik izena ipini zioten traineruari.

Hiru astetan zehar, ontzigileetako batzuk Hudson ibaia nabigatzen aritu ziren Manhattan inguruan, promozio moduan. Ondoren, Euskal Herrira ekarri zuten ontzia, jatorriz Euskadi, Nafarroa eta Iparraldekoak izanik bertara emigratu zuten euskaldunen opari gisa.

Ontzi hori jasotzeko xedearekin, ALBAOLA Elkartea sortu zen. Itsasontzigintzak Euskal Herrian izan duen garrantzia azaltzeko, eta Ameriketatik itsasontzia jendaurrean erakusteko, euskal kostalde guztia zeharkatu zuten, itsasertzeko herrixkaz herrixka. 29 egunetan 29 eskala egin zituzten. Egun bakoitzean, kostaldeko herri bakoitzeko ontziek portu batetik bestera eramaten zuten Ameriketatik itsasontzia. Bi pertsona besterik ez ziren bertan egunero-egunero egon zirenak: Xabier Agote, patroi lanak egiten, eta Ekantz Mendiburu (Remigio Mendiburu eskultore ezaguna izandakoaren semea), laguntzaile gisa. Guztira 350 arraunlariren laguntza jaso zuten. Hau guztia 1998an jaso zen.

ALBAOLA

ALBAOLA ELKARTEA
J.J. Otaegi plaza 1
20110 PASAI DONIBANE / GIPUZKOA
Web: www.albaola.com
mail: albaola@albaola.com

ALBAOLA Elkartea apolitiko eta akonfesionala da, eta bere helburuak kulturalak baino ez dira.

Sei xede dauzka:

1. ITSASONTZIAK IKERTU ETA EGITEA. Ahal den heinean, antzina jarraitzen zituzten metodo, modu eta material berberak erabiliz egiten dituzte itsasontziak. Helburu hau, gaur egun, ONTZIOLAk betetzen du, baina bere eremuaren neurriak direla-eta, itsasontzi txikiak baino ezin dituzte egin (gehienez jota 9 m.ko luzerakoak).

2. NABIGATZEKO TEKNIKAK BIRRAURKITZEA. Itsasontzi tradizionalek nabigatzeko erabiltzen zituzten teknikak ikertu eta zabaltzea ere dute xede; hau da, nabigazioaren etnografia egitea.

3. NAZIOARTEKO TOPAKETETAN PARTE HARTZEA. ALBAOLAko kideek urtez urte itsasontzi tradizionalei buruz egiten diren nazioarteko topaketetan hartzen dute parte. Bilkura hauek oso aproposak izaten dira esperientziak trukatzeko eta eraikitzeko prozesurako zein nabigatzeko teknikak ezagutzera emateko.

4. ITSAS ESPEDIZIOAK ANTOLATZEA. ALBAOLAk itsasontzi tradizionaletan ibiltzeko hainbat itsas espedizio sustatzen ditu.

5. ONDAREA HEDATZEA. Ekintza hauen guztien bitartez, gure itsasontzi tradizionalak nolakoak ziren eta nola nabigatzen zuten erakusteaz gain, euskal itsasoko ondarea ezagutzeko aukera ematen zaigu, bai euskaldunoi, bai kanpokoei.

6. EKITALDIAK ANTOLATZEA. Aurreko puntuetan aipaturiko guztia ezagutzera emateko, ALBAOLAk ekitaldiak antolatu ohi ditu, enkargu bidez.

Azokak eta kultur ekitaldiak izaten direnean, esaterako, hitzaldiak ematen dituzte, itsasontziak erakusgai jartzen, edota jendaurrean lanean aritzen dira. Zenbaitetan, gainera, ur gainean demostrazio batzuk egiten dituzte, edota zeharraldi labur batzuk antolatzen.

2003. urtean Errenteriako (Gipuzkoa) Artisautza Azokan izan ziren, eta, azokak iraun zuen hiru egunetan, zurezko itsasontzi bat egin zuten, eta gero hantxe bertan uretaratu. Jai giro ederra sortu zen aitzakia horrekin.

Beste alde batetik, Lezo (Gipuzkoa) herria sortu zela 800 urte betetzen zirela-eta, zortzi itsasontzi tradizional jarri zituzten erakusgai, eta jendaurrean ontziak konpontzeko lanak egiten aritu ziren.

Gure gaurko artisaua, Xabier Agote, dugu ALBAOLAko lehendakaria.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen