Sarrera | |
Artisaua | |
Ontziola | |
Prozesua | |
Prezioak | |
Ekitaldiak | |
Bibliografia |
SARRERA
Gipuzkoako baso emankorretako zuhaitz aberatsak eta garai batean zegoen erriberako arotzen kopurua kontuan hartuz, erraz uler daiteke zergatik lortu zuen gipuzkoar probintziak hainbesteko garrantzia ontzigintzaren arloan Erdi Arotik aurrera.
Kasu ugari aipa genitzake Gipuzkoan egindako itsasontziek gerra eta espedizioetan bete zuten paperari buruz. Adibide bat ematearren, esan dezagun Aragoi eta Nafarroako Alfontso I. erregearen aginduz 1130. urtean Baiona blokeatu eta hartu zenean, bertan izan zirela itsasontzi gipuzkoarrak, eta baita 1212an ere, Alfontso VIII.aren esanetara.
Gipuzkoako erriberako arotzen ekoizpen nagusia, mende luzetan zehar, gerrarako ontziak izan ziren arren, arrantzarako, merkataritzarako eta garraiorako ontziak ere egiten zituzten.
Erriberako arotzen lanbideak Inperioa hedatu zen garaian bizitu zituen bere urterik oparo eta distiratsuenak, Amerika eta Asiarekin komunikatzeko bide berriak zabaltzen hasi ziren aroan hain zuzen ere (XV. mendetik XVII.era bitartean). Espainiarrek itsasoaren gaineko nagusitza galdutakoan, ordea, lanbide hau krisialdian erori zen. Nolanahi ere, XVIII. mendean Karakaseko Errege Konpainia sortu zenean, itsasontzigintza berpiztu egin zen erabat.
XIX. mendean burdinezko ontziak agertu baziren ere, erriberako arotzek oraindik ere urte luzez jarraituko zuten lanean, gure egunetara arte. Izan ere, gaurkoan erriberako azken arotza aurkeztuko dizuegu: XABIER AGOTE.