Sarrera | |
Artisaua | |
Ontziola | |
Prozesua | |
Prezioak | |
Ekitaldiak | |
Bibliografia |
ONTZIOLA
ITSASONTZI TRADIZIONALAK IKERTU ETA EGITEKO ZENTROA
1998an, Xabier Agotek erriberako aroztegi bat zabaltzeko egitasmoa aurkeztu zion Oarsoaldea Eskualdearen Garapenerako Agentziari; hots, Pasaia eta bere inguruak sustatzeko erakundeari. Erriberako aroztegi horrek izan beharreko helburuak ere zehaztu egin zituen:
· Bat: itsasontzi tradizionalak egitea.
· Bi: itsasontziak egiteko teknikak irakastea.
· Hiru: erakarpen turistiko gisa eta inguruari bultzada bat emateko
balio izatea.
ONTZIOLA, 2000. urtean jarri zen abian.
Pasai Donibanen, elizaren aurrealdean, dago kokaturik ONTZIOLA. Bertan zurezko itsasontzi txikiak egiten dituzte, eta hara hurbiltzen den jendeari lanerako erabiltzen dituzten teknikak erakusten diote, Euskal Herrian jada ez baita horrelako teknikarik erabiltzen. Gainera, urtero itsasontzi berri bat egiten dute, garai batean zeudenak bezalakoa.
Kontuan izan behar da gure eskualdea inoiz ez dela oso haizetsua izan, eta arrazoi horrengatik arraunek oso garrantzi handia izan dutela beti. Euskal Herrian arraunak Galizia edo Britainia bezalako eskualdeetan baino askoz ere gehiago erabili izan dira, aipaturiko herrialde horietan, itsasontziak mugiarazteko haizea izaten zenez, ez zutelako arraunak erabili beharrik izaten. Horregatik, euskal itsasontziak txikiagoak izaten ziren, ezberdinak. Gainera, eskualde bakoitzean itsasontzi mota bakar bat egiten zenez, euskal motako itsasontziak euskal kostaldean bakarrik aurki zitezkeen. Horregatik dute hainbesteko garrantzia itsasontzigintzaren historian.
ONTZIOLAn, bestalde, itsasontziak egiteko beste modu bat ere badute: antzinako planoei jarraiki. Dena den, plano hauek ez dituzte beti xehetasun guztiak jasotzen; haize oihalei buruzko datuak, bereziki, hutsunez beteta egoten dira. Lana ondo egin duten edo ez, itsasontzia uretaratu eta nabigatzen hastean frogatzen da. Honela, beraz, itsasontzigintzari buruzko ikerketak ere egiten dituzte.
Gainera, itsasontzi tradizionalak egiteko teknikak ere irakasten dira ONTZIOLAn.
Dena den, Xabier Agote artisauak dioen bezala, "zura lantzen"
irakasten dute batez ere; hau da, zura zer den ikasten dute, zein zur mota
dauden, zeintzuk diren zur mota bakoitzaren ezaugarriak, nola lan daitezkeen,
etab. Lezio aberats horiei esker, ONTZIOLAn ikasle modura ibili diren gazteei
lanbide ezberdinetan aritzeko aukera zabaltzen zaie. Gaur egun, esaterako,
batzuk eskulturan ari dira, beste batzuk antzinako altzariak zaharberritzen,
etab. Ikasleari ez zaio ezer kobratzen, ezta ordaintzen ere.
ONTZIOLAn, gelatxo batean, museo bat daukate, eta bisitariek gauza ezberdinak
ikus ditzakete bertan: jada bukatuta dauden itsasontzi txiki batzuk, oraindik
amaitzeke dauden beste batzuk, eta itsasontzietako tresneria (planoak, maketak,
haize oihalak, makilak, arraunak, buiak, etab.).
ONTZIOLAko beste areto batean ontziola bera dago. Hor beti ari dira itsasontzi berriren bat egiten, eta bisitariei xehetasun guztiak azaltzen zaizkie.
ONTZIOLAren aurrean, uretan, bertan egindako hainbat itsasontzi daude ikusgai. Besteak beste, Ameriketatik izenekoa edota larruzko kaskoa daukana.
ONTZIOLAk Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren, URBAR Fundazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta inguruko udalen dirulaguntza jasotzen du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondartxo eraikina eskaini dio (Pasai San Pedroko Askorreta ontziola zegoenekoa), Itsasontzigintza Eskola zabaltzeko egitasmoa bertan garatu ahal izateko. Horrela, neurri handiagoko ontziak egiteko aukera izango lukete. Lehen-lehenik egin nahiko luketena, 23 m-ko baleontzi bat da, eta ondoren, kanadiarren laguntzarekin, San Juan itsasontzia. Jatorrizko ontzia XVI. mendekoa da; Ternuan aurkitu zuten, itsas hondoan, eta uretatik atera ostean konpondu egin zuten. Duela bi urtez geroztik, itsasontzi hau "gizateriaren itsaspeko ondarea"-ren logotipoa da (urperatuta dauden itsasontziena, alegia). Egitasmo hau 2004. urtearen amaieran jarri nahiko lukete martxan.
Hemendik hilabete gutxi batzuk barru, baleak harrapatzeko erabiltzen ziren euskal txalupetako bat egiten hasiko dira ONTZIOLAn, hain zuzen ere txalupa hauek baitira, dakigula, balea harrapatzeko mundu osoan dauden zaharrenak.
2001. urtean, Xabier Agotek eta Urko Mendiburuk ¾elkarrekin aritu ziren Koxtape arraun taldean¾ ozeanoa beraiek egindako ontzi batean arraunez zeharkatzeko lasterketa batean parte hartzeko erabakia hartu zuen. Guztira 35 ontzi atera ziren abiapuntutik, eta 32 iritsi ziren helmugara; bidean hiruk utzi egin zioten jarraitzeari. Xabier eta Urko azkenak iritsi ziren. Ia entrenatu ere egin gabe hartu zuten bertan parte, eta bidean eman zizkioten ontziari behar zituen azken ukituak. Esperientzia gogorra izan zen oso. Janaria gordetzen zuten sentinako eskotilatik ura sartu zitzaien, eta Kanariar Uharteetan 10 egunez gelditu beste aukerarik ez zuten izan. Guztira 73 egun behar izan zituzten zeharraldia amaitzeko.
ALBAOLAren babesean, bestetik, larruzko itsasontzi bat egin zuten 2001. urtean. Izan ere, erromatarren deskribapenetan ikus daitekeenaren arabera, inguru hauetan ibili ziren lehendabiziko itsasontziak larruz zeuden eginak. Horretarako, ALBAOLAko bi kide Britainiara joan ziren, bi egunez larrua josten eta tratatzen ikastera. Lehengai modura, taninoz ondutako eta kanpotik zein barrutik lanolinaz iragazgaiztutako larrua erabili zuten. Bartolomé izena ipini zioten ontziari, eta Pasaian uretaratu zuten. Ontzi honetako lehendabiziko eskifaia Albaolako emakumezkoek osatu zuten. Ipar Irlandako eta Britainiako ontzi banaz lagunduta, 25 egunetan arraunean ibili ondoren, kabotajea eginez eta gauez akanpatuz, itsasontzi tradizionalen kontzentrazio batera joan ziren, Galiziara. Oso esperientzia ederra izan zen, eta asko ikasi zuten.
Aldi hartan irlandarrekin izandako harremanaren ondorioz, Ameriketatik itsasontzian Irlanda osoari itzuli bat emateko gonbidapena bidali zioten ALBAOLAri. Albaolako 30 lagun abiatu ziren Euskal Herritik. Aldi honetan, gizon eta emakumeak bildu zituen eskifaiak, 22 eta 60 urte artekoak. BAKEAREN ALDE NABIGATZEN 2003 lelopean nabigatu zuten. Espiritu horrekin bat, itsasontzi irlandarretan katoliko eta protestante kopuru berbera zihoazen, guztiak harmonia eta anaitasun giroan ibil zitezkeela demostratzeko. Zeharraldi honek 6 aste iraun zituen, eta 2003ko abenduaren 9an Irlandako presidenteak Presidentziaren jauregian harrera egin zien parte-hartzaile guztiei, beren ekintza gogoangarria eskertzeko.
2003an, halaber, zortzi asteburutan zehar Euskal Herriko ibai guztietan nabigatzen aritu ziren, jendea gure ibaiak berreskuratzearen beharraz kontzientziatu nahian.
2003ko abuztuaren 3an, Xabier Agotek alaba polit bat izan zuen, Izaro.