Xabier Agote
XABIER AGOTE
Erriberako Arotza
2004 / 01-23 / 02-06
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Ontziola
 Prozesua
 Prezioak
 Ekitaldiak
 Bibliografia



PROZESUA

ZUREZKO ITSASONTZI BAT EGITEKO PROZESUA

Zurezko itsasontziak antzinako teknikei jarraituz egiten dituztenak erriberako arotzak ditugu. Belaunaldiz belaunaldi iritsi zaizkigun teknika hauek artisauak dira funtsean.

Lan nagusia ibai ertzetan edo kaietan egiten bazen ere, lehendabiziko pausoak, garrantzitsuak oso, mendian ematen ziren, zuren artean egokienak aukeratzen. Zuraren saltzaile eta eroslea akordio batera iritsitakoan, zuhaitzak markatu egiten ziren, moztaileek identifikatu ahal izan zitzaten.

Mendi askoren gaineko jabetza kontzejuen esku zegoenez, udalek irabazi handiak lortzen zituzten zuhaitzen salmentari esker, gainerakoan eskas samar ibiltzen ziren-eta gerren zein lan publikoen ondorioz. Aipatzekoa da, gainera, XVI. mendean zehar Bizkaiko jaurerriak forma bereziko zura saltzen ziela gipuzkoarrei, itsasontzietarako korbatoiak egiteko (istriborretik ababorrera zihoazen piezak).

Marco Terencio Varron idazle erromatarrak (K.a. 114-25) aholkatutakoaren arabera, zura mozteko unerik egokiena udaberriko ekinozioaren eta maiatzaren hasiera bitarteko garaia da, baina erriberako arotz eskarmentatuen iritzian, hobe da egurra iraila eta abendua bitartean moztea. Ilargi aldia, berriz, moztu beharreko zur motaren araberakoa izango da. Esate baterako, pagoa ilgoran moztea gomendatzen zen, eta haritza zein akazia, berriz, ilbeheran. Bestela, zurak pipiz jota amaitzen omen du.

Itsasontzietako gila (itsasontziaren azpialde osoa hartzen duen enbor lodia) eta gilagaina (gila estaltzen duen egurra) egiteko, berezko forma gisa horretakoa zuten zurak aukeratzen zituzten, zuhaitza ahalik eta ondoen aprobetxatzearren. Izan ere, kontuan izan behar dugu pieza bakarra osatzen duten bi elementu hauek 20 edo 25 metroko luzera har dezaketela. Gaur egungo itsasontzi modernoek haritzezko gila izaten dute, baina garai batean pinuzkoak, altzifrezkoak edo zumarrezkoak ere izaten ziren.

Zura lehortu baino lehen landu behar izaten zenez, egurra denbora batean uretan sartuta utzi behar zen. Hiruzpalau astez, enborrak ibaietako lokatzean sartuta egoten ziren.

Zura ontziolara eramatean hasten ziren ontzia egiten. Lehenik eta behin, "zati bizia" prestatzen zuten (ura ukituko duen zatia), eta, ondoren, "zati hila" edo ontziaren kanpoaldea.

Xabier Agotek Nafarroa Beherea eta Zuberoako basozainei erosten die zura. Gaur egun, Hego Euskal Herrian ez dago behar bezainbeste haritzaren egur, baina Frantzian bai ostera.

Egurra saltzen dien basozain zaharrak antzinako erara mozten du egurra, neguko ilbeheretan, zuhaitzek jada izerdirik ez daramatenean.

Enpozatzeko lana ez dute beraiek egiten, baina bai gila eta kareletarako pieza zuzen luzeetan.

Garai bateko ontziak bezalakoak egiteko, antzinako itsasontzien kopiak izaten dituzte. Azpimarratzeko modukoak dira Orioko Mutiozabalen plano ikusgarriak. Baina itsasontzi berri bat egin behar dutenean ¾larruzko azala daraman Bartolomé ontziaren kasuan, adibidez¾, lehendabizi eredu bat egiten dute, hortik planoak ateratzen dituzte, eta ondoren hasten dira zura mozteko txantiloiak egiten.

Zura eurek mozten dute, txantiloiez baliatuz, eta, beharrezko denean, zura egosi ere egiten dute, forma egokia emateko. Horretarako, zurezko bi kaxa hermetiko dauzkate, bakoitza 3,5 m-koa, laukiak, 400 x 400 mm-koak, eta, hainbat kasutan, elkartu egiten dituzte bi kaxak, 7 metroko hodi bat lortzeko. Bertan, beste hodi baten bidez, garagardo bidoi batekin egindako galdara bateko lurruna sartzen dute, zura bigundu eta nahi duten forma emateko.

Antzina, ontzioletan, kanpoaldean pizten zuten suan berotzen zuten zura, zuzenean. Lehendabizi uretan izaten zuten, eta gero suaren berora hurbiltzen zuten, aldian behin busti egiten zutela.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen