Kastrexana tailerra
KASTREXANA TAILERRA
Zeramika
2004 / 05-21 / 06-04
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUAK

  Paco Presa, lanean.
Paco Presa, lanean.
Lanerako erabiltzen dituen produktu suntsikorrak ez dira gehiegi: buztina, esmalteak, oxido metalikoak -hotzean eta beroan egindako akaberentzat-, markoak egiteko zura - berak egiten baititu markoak-, eta ezer gutxi gehiago.

Erremintei dagokienez ere, apur batzuk besterik ez ditu erabiltzen: espatula batzuk, zizelkatzeko makilak -berak egiten ditu-, marrazak, zerra, etab. Lanerako erremintak berak egitea gustatzen zaio.

Ekipoak: tornu elektrikoa, buztina laminatzeko makina, eta bi labe -propano gasezkoa bata, eta elektrikoa bestea-. Gutxi gorabehera 1050ºC-tan egosten ditu bere produktuak.

Pieza bat egiten hasi aurretik, gure artisauak, lehenik eta behin, nolakoa nahi duen pentsatzen du, eta ideia garbi daukanean hasten da lehengaia lantzen. Gehien erabiltzen dituenak edo buztina -merkatuan jada homogeneizatuta eta erabiltzeko prest erosten du-, edo azulejoak izaten dira.

Buztina lantzea tokatzen zaionean, "azalore" zati bat hartzen du -horrela deitzen zaie buztin zati handiei-, eta, eskuekin oratuz, bigundu egiten du -ogia egitera joango balitz bezala-. Buztinlariaren esanetan, lehengaia behar bezala biguntzeko funtsezkoa da eskumuturrak ondo mugitzen jakitea.

Buztin puska tornuan ipintzen du eta, irudiren bat egin nahi izanez gero, espatulak edota marrazak erabiltzen ditu; aldiz, ontzi edo txarroren bat egin nahi badu, tornua birak ematen jartzen du.

Elementuari nahi duen itxura emandakoan, bustita dagoen larru zati baten laguntzarekin leundu egiten du, eta, itzaletan betiere, lehortzen uzten -sekula ez eguzkitan, bestela buztina zartatu egingo bailitzateke-. Piezari, egoera honetan dagoenean, "bizkotxoa" deitzen zaio.

Artisaua lanean.
Artisaua lanean.

Ondoren, labe elektrikoan sartzen du, 980-1000ºC arteko tenperaturan. Labeak hamar bat ordu behar izaten ditu bero maila horietara iritsi ahal izateko, eta labealdi bakoitzak -hau da, piezak labean sartzen direnetik ateratzen diren arteko denborak- 24 bat ordu irauten ditu.

Pieza labetik ateratakoan, buztinlariak esmalte edo koloreak emango dizkio, eta, berriz ere, bizkotxo egoeran zegoen tenperatura berberean laberatuko du.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen