Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
PROZESUA
Bere lanerako, haritz amerikarraren zura erabiltzen du gehienbat -frantsesa ez delako behar bezain lehorra iristen-, baina intxaurrondo, gereziondo, gaztainondo, pago, sapelly eta beste hainbat zuhaitzen zurak ere erabiltzen ditu. Halaber, eraitsitako baserrietatik ateratako zura lantzea ere gustatzen zaio. Normalean, biltegi-lehortegietan erosten du zura, jada lehortuta.
Nagusiki bi arrazoirengatik erabili ohi du haritzaren zura: batetik, oso gogor eta sendoa delako, eta, bestetik, oso ederra delako, lerro politak dauzkalako.
Ana, zizelkatzen. |
Ohi baino neurri handiagoko zurak behar izaten dituenean, taula batzuk besteekin lotzen ditu. Azken emaitzaren kolore eta itxura ahalik eta bateratuena izan dadin, aurrez taula bakoitzaren tonu, lerro eta gainerako alderdiak aztertzen ditu.
Erreminta gutxi erabiltzen ditu: gubia batzuk, trintxak, zizelkarien hainbat mailu, arraspak, metroak, konpasak, eskuairak, agintzaileak, zerrotea, arku zerra, kurrikak, bihurkinak, giltza ingelesak, arotzen mailua, belarri mailua, nylonezko mailua, burubiribila, nibelak, kalibreak, marrazak, bastrelak, grapagailuak, kurben txantiloiak, igorkiak, garlopak, garlopinak, eta ezer gutxi gehiago.
Bera arduratzen da erremintak zorrozteaz: lehenik eta behin elektro-esmerilagailuan, eta, bukatzeko, olio harriarekin edo Arkansaseko harriarekin.
Erabiltzen dituen gubiak suitzarrak dira, PFEIL markakoak, eta merkatuan dauden onenak dira, bere iritzian.
Makina erremintei dagokienez, trontzatzeko makina diskodun txiki bat erabiltzen du.
Ana, zizelkatzen. |
Produktuak egiteko prozesuan, honako pauso nagusi hauek jarraitzen ditu:
1. Egin beharreko produktuaren marrazki bat egiten du, eta bere neurriak, lotuneak, zizelkadurak eta abar zeintzuk izango diren zehazten.
2. Taularen gainean, arkatzez, zizelkatuko duen irudia marrazten du.
3. Gubia eta mailuen laguntzarekin, zizelkatzen hasten da.
4. Zizelkatu dituen pieza guztiak muntatzen ditu.
5. Pieza jada muntatuta dagoenean, hautsa kentzen dio eta behar dituen konponketak egiten dizkio (esaterako, muntatzean egin dizkion marka txikiak kendu).
Tailerraren zati baten ikuspegia. |
6. Argizaria ematen dio. Elementua argizariz igurztearen helburua, tonu bereziak ematea da; hortaz, elementuari babestu eta edertzeko produktuak emango zaizkio, baina, betiere, ahal dela zuraren edertasun naturala zapuztuko ez dutenak. Pauso hau emateko, gure artisauak argizari birjina, linazi olioa, Judeako betuna eta nogalinarekin egindako nahasketa bat ematen dio zurari.
Zenbaitetan, altzari polikromatuak ere egiten ditu, eta, batzuetan, berak eginiko zeramikazko piezak txertatzen dizkie.