Ana Aldana
ANA ALDANA
Zuraren zizelkaria
2004 / 07 / 16-30
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


SARRERA

  Ana, zizelkatzen.
Ana, zizelkatzen.
Garbi dago Historian zehar zeregin jakin batzuk sexuaren arabera banatu izan direla. Horrela, gizonari harria, metala, zura zein hezurra bezalakoak lantzea egokitu zaio; ARTEA garatzea alegia. Eta emakumeari, aldiz, oihalak, zuntzak, buztina eta abar lantzea; hots, ARTISAUTZA egitea. Banaketa hori, gainera, oraindik ere oso argi ikus daiteke hainbat gizartetan. Eta, itxura guztien arabera, antzeko zerbait gertatzen zaigu artisautzari eskaintzen diogun txoko honetan ere; ikusi besterik ez dago orain arte elkarrizketatu ditugun zizelkari guztiak gizonezkoak direla: Fermín Anda (ikus Euskonews-en 166. zenbakia), Lander Urkia (Euskonews-en 217. zenbakia ) eta Antxon Mendizabal (Euskonews-en 243. zenbakia).

Baina, Jainkoari eskerrak, paper horiek aldatzen hasiak dira. Horren lekuko, gaurkoan emakume gazte bat ekarri dugula gure sailera. Artisau honek gizonek bezainbesteko trebeziaz lantzen du zura, baina, aitor dezadan, askoz ere originaltasun eta irudimen handiagoarekin.

Euskonews aldizkariaren 166. zenbakian, Sebastián de Cobarrubiasen gaztelaniazko lehen hiztegiak (1611koa) TAILU hitzari buruz zer jasotzen zuen azaldu genizuen, eta adierazten genuen lehen gizakiak, ehizatu ahal izateko, beren makilak zorrozten aritzen zirenean ere zizelkatzen ari zirela jada. Geroago, berriz, etxeak egiteko habeak, katiluak, jateko tresnak, apaingarriak eta gurtzeko idoloak egiten hasiko ziren. Honela genioen aldi hartan:

"Zizelkariak, zura lantzen aditu diren artisauak alegia, betidanik existitu dira, aspaldiko denboretatik. Eta zura lantzen aditu diren artisau hauen trebeziaren adierazle, gure baseliza, parrokia zein etxe ugaritan ikus ditzakegun egitura zoragarriak ditugu, gurtzeko irudiak, altzariak, eta nekazaritza giroko tresnetan beha daitekeen maisutasuna -eskalapoi, kaiku zein uztarrietan adibidez-. Zurezko itsasontziak eraikitzen zituztenek ere irabazia zeukaten fama. Eta horrelako beste alderdi ugari azpimarra genitzake."

Halaber, 217. alean, beste hau genioen:

"Gizakiak erabili duen aurreneko lehengaia zura izan da: berotzeko, ehizatzeko, etsaiak uxatzeko, txabolak egiteko eta abar erabili izan du. Eta ziur txabola horietakoren batean norbait, harri zorrotz batez baliatuz, zerbait grabatzen hasi zuela. Horixe izango zen lehen zizelkadura."

 Galeria
Bilatu Euskonewsen