Sarrera | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Materialak | |
Prezioak |
PROZESUA
Olatz, olio bat zaharberritzen. |
Eta ezinezkoa zaigunez produktu bakoitzaren kasuan jarraitu beharreko zaharberritze-prozesua pausoz pauso azaltzea, pieza guztietan -edo ia guztietan- jarraitzen diren pauso nagusien ezaugarriak ematera mugatuko gara.
Artisauen eskuetara pieza bat iritsi orduko, lehen-lehenik xehetasunez aztertzen dute, zaharberritzen hasi baino lehen aurrekontua prestatzearren. Horretarako, pauso hauek ematen dituzte:
1.- Piezari buruzko txostena prestatu: materiala, neurriak, etab. zeintzuk diren zehaztuz.
2.- Deskribapena egin: zein motakoa den, noizkoa, nor den piezaren ustezko egilea edo eskola, etab.
3.- Patologiari buruzko txostena prestatu: zein den piezaren egoera, zein zati dauzkan kaltetuak, etab.
4.- Egin beharko litzatekeenari buruzko txostena, lanari ekin baino lehen piezaren jabearen onespena jasotzeko.
5.- Aurrekontu ekonomikoa prestatu.
Zaharberritze lanari ekiteko onespena jasotakoan, honakoak egiten hasten dira:
Silvia. |
1.- Piezaren egoera nolakoa den ikusteko, argazkiak ateratzen dizkiote.
2.- Piezaren ezaugarri fisiko guztien berri ematen duen fitxa tekniko bat osatzen dute, bai zaharberritzen hasi baino lehen nola zegoen jakiteko, bai pieza desmuntatu behar izatekotan, muntatzerakoan nola utzi behar duten jakiteko.
3.- Zer eta nola egingo duten azaltzen duen txostena prestatu.
4.- Pieza lehen aldiz garbitu, mekanikoki. Pieza desmuntatu egin beharko balitz, desmuntatu ahala garbituko dute.
5.- Sakontasunez garbitzeko tratamendua eman. Horretarako, elementu mekanikoak edota produktu isurkari egokiak erabiliko dira.
Piezak sitsen aurkako tratamendurik behar izanez gero, enpresa espezializatu batera eramango dute. Hauetan, pieza zero azpiko tenperaturan sartzen dute, eta hainbat orduz horrela utzi, parasitoak hiltzeko.
6.- Kontsolidatu. Fase honetan, denboran zehar irauteko gauza diren elementuak egonkortzeko ahaleginak egingo dira, kolak, itsasgarriak eta abar erabiliz, betiere materiala eta dekorazioa kontuan hartuz egokienak direnak.
Ezusteko ezatseginak ekiditearren, gure artisauek, lehenik eta behin, proba txiki bat egiten dute ageri-agerian gelditzen ez den puntu baztertu batean (ertz batean, atzealdean, etab.), erabilitako isurkari edo materialak elementuan zer-nolako efektua sortzen duen ikusteko.
7.- Zaharberritu beharreko zatiak zaharberritu, behar izanez gero material, pintura, oihal, metal edo dena delakoak erantsiz.
Lehen planoan Silvia, eta atzealdean Isabel, altzariekin lanean. |
8.- Azken ukituak eman. Baldin eta piezari zati berririk erantsi baldin bazaio, zati berri horiek piezaren jatorriko zatiekin bateratu beharko dira, dela esmaltea, kolorea edota argizaria emanez.
Nahiz eta zenbaitetan pieza guztiari itxura homogeneoa eman nahi izan, kasu batzuetan gomendatzen dena da garbi bereiz dadila zein den piezaren jatorrizko zatia, eta zein zaharberritua. Hori, zaharberritze prozesuari ekin baino lehen erabaki eta adostu beharko da.
Lana amaitutakoan, beste argazki batzuk ateratzen dizkiote piezari.