Argazkia
Idoia Larrañaga
Kaligrafoa
2004/10-22/11-05
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


HISTORIA

Idazketa, hasieran, ideiak zeinuen bidez adierazteko arte modura azaldu zen. Hobetzen joan ahala, kaligrafia sortu zen.

Ekialdean du jatorria kaligrafiarekiko maitasun eta arteak, zehazki Txinan, sei arte nagusien artean kokatzen baitzuten. Pixkanaka, idazketa motak ugaritzen joan ahala (sigilarioa, ofiziala, etzana, etab.), eskola eta modak sortzen joan ziren.

Artisaua, bere mahaian lanean.
Artisaua, bere mahaian lanean.

Persiarren artean, kaligrafiak K.a. XVIII. mendean izan zuen bere loraldia, baina arabiarrak izango ziren hizki kufikoak erabiliz kalitate paregabeko lan ikusgarriak egin zituztenak.

Mendebaldean, berriz, monasterioetan landu zen kaligrafiaren artea, nagusiki eskuizkribu eta liburu erlijiosoen kopiak egiteko. Hizkiez gain, miniaturazko irudiak ere egiten zituzten.

Dirudienez, Joannes de Yciar euskal kaligrafoa (1523an edo 1524an jaioa) izan zen letra espainiarraren asmatzailea). Bereak dira “Orthografía práctica” (1548), “Arte Subtilissima” (1549) eta “Nuevo estilo de escribir cartas mensajeras” (1569) lanak.

Erdi Aroko kopia bat erreproduzitzen.
Erdi Aroko kopia bat erreproduzitzen.

Gizon hau hain izan zen ezaguna, ezen Cervantesek berak ere aipamena egin ziola “Viaje al Parnaso” liburuan:

“Y con él Gaspar de Ávila, primero
secuaz de Apolo, a cuyo verso y pluma
Iciar puede envidiar, tener Sincero.”

Beste euskal kaligrafo ospetsu batzuk, Pedro de Madariaga, “Libro Subtilisimo” (1565) obraren egilea, eta García de Cortázar de Ondategui arabarra ditugu.

Inprentaren agerpenak kolpe latza eman zion arte honi, baina, hala ere, sekula ez zen desagertu.

Erdi Aroko kopia bat erreproduzitzen.
Erdi Aroko kopia bat erreproduzitzen.

Kaligrafia indarberritzen hasi da gure herrialdean. Frantzian hemen baino eskaera handiagoa du, eta, gehien preziatu, Ingalaterran egiten dute. Hantxe izan du garapenik handiena, gainera, forma eta diseinu berriak sortu baitituzte.

Gure artean ere badugu kaligraforik: Jesús Patón irundarra, Erdi Aroko idazketan espezializatua dagoena, eta Idoia Larrañaga, kaligrafia modernoak egiten dituena.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen