Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
SARRERA
Artisauen fitxa bakoitzeko egiten dugun sarreran, atal honetan bertan ezagutu ditugun espezialitate bereko beste artisauen berri eman ohi dizuegu. Oraingo honetan, ordea, besteetan baino laburragoa izango da hasierako sarrera, orain arte inoiz ez baitugu gure artean erloju-konpontzailerik izan.
Bidezkoa iruditzen zait José Luisek bere tailerrean sartu orduko bota zidan galdera hemen ere planteatzea:
- Zer naiz ni, “erlojuak konpontzen dituen artisaua” ala “ogibide gisa erlojuak konpontzen dituen langilea”? Non dago artisauaren eta langilearen arteko ezberdintasuna?
Artisaua Donostiako Miracruz kaleko lantegian. |
Interesgarria da galdera, oso lausoa baita bi kontzeptuak bereizten dituen muga.
Hiztegira joanez gero, zera aurkituko dugu:
“LANBIDE edo OGIBIDEA: Ohiko zeregina. Kargua, enplegua, ministerioa. Arte mekanikaren batean datzan lana....”
Horixe da guri interesatzen zaigun zatia.
Eta ARTE MEKANIKA, berriz, hiztegiaren arabera, zera izango litzateke: “eskulanean edo makinaren baten erabileran oinarritzen den edozein arte”.
“Eskulana”, zenbait lanbidetan, artisautzaren sinonimotzat jo daiteke, artisaua “arte edo lanbide mekaniko bat duena" baita.
Horregatik, “lanbide” guztiak “artisautzakoak” ez badira ere, bada “artisautzako lanbiderik”.
Eta hain zuzen ere horregatik sar dezakegu erloju-konpontzaileen lanbidea artisautzako lanbideen zerrenda ofizialetan.