Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
HISTORIA
Historiako lehendabiziko erlojua K.a. 2025 urtearen inguruan sortu zuten, Mesopotamian. Eguzki erloju bat zen.
K.a. 1360 urtearen inguruan, Egiptoko Amon-en tenpluan urezko erloju bat ipini zuten. K.a. 250. urtean, greziarrek hobetu egin zuten teknika hori, Alexandriako Ctesibio-k orduak, egunak eta urteak markatzen zituen erloju bat asmatu baitzuen.
K.o. 850. urtean, berriz, Veronako Pacifico monjeak pisuen bidez funtzionatzen zuen lehen erloju mekanikoa sortu zuen.
XIII. mendetik aurrera, kanpandorreetako erlojuak hasi ziren Europan zehar hedatzen, eta XIV. mendean erloju soinudunak agertu ziren.
1505ean, Nuremberg-eko Peter Henlein errementariak sakelako lehen ordularia egin zuen.
1657an, Christian Huygens holandarrak penduluzko lehen erlojua sortu zuen. Denbora zehaztasunez neurtzen laguntzeko aurrerapen itzela izan zen honako hau, ondorengo urteetan hobetzen joango zena.
1844an, Alexander Bain argiketari eskoziarrak lehendabiziko ordulari elektrikoa sortu zuen.
Eta 1875, berriz, Vienako De Löhr erlojugileak sakelako lehen ordulari automatikoa egin zuen, norberaren mugimenduari esker kargatzen zena.
1929an, Ameriketako Estatu Batuetako Warren Albin Marrison erlojugileak kuartzozko ordularia sortu zuen, eta 1946an bere herrikide Willard Frank Libby-k erloju atomikoa.
Hamilton Electric enpresa eskumuturrean eramateko ordulariak merkaturatzen hasi zen 1957an.
1969an, 1,7 milioi urteko segundo bateko zehaztasuna zuen erloju atomikoa sortu zuten Ameriketako Estatu Batuetan.
Labur esateko, honela sailkatuko genituzke soinean eramateko ordulari motak denboran zehar:
1.- Sakelako lehendabiziko ordulariak mekanikoak ziren. Gizonek bakarrik erabiltzen zituzten, segurtasun katea batekin lotuta. Roscoff etxekoak oso ezagun egin ziren.
Erlojuak, piezak eta lanabesak. |
2.- Eskumuturreko ordularia, mekanikoa, soka eta malguki baten bidez ibiltzen zen. Gurpilaren trakzioa bolantera eramaten duen "aingura" izeneko piezatxoa asmatzean izugarri hobetu zen erloju mota honen zehaztasuna.
Talken aurkako edo "incabloc" sistema ere oso asmakuntza garrantzitsua izan zen: ordura arte hain hauskorrak ziren bolanteko ardatzak kolpeen aurrean sendoago bihurtzearekin, horrela ordulariek askoz ere gehiago irauten zuten.
3.- Eskumuturreko ordulari mekaniko eta automatikoa. Pendulu sistema bati esker, indarra ematen dion malgukia kargatzen joaten da.
4.- Ordulari elektronikoa, energia pila batetik jasotzen duena, 1980 urtearen inguruan hasi zen hedatzen.
70eko hamarkadan, lehendabiziko modeloak merkaturatzen hasi ziren. Hasieran onarpen txikia jaso zuten jendearen aldetik, eta erlojugileek ere ez zituzten oso begi onez ikusten.
Ordulari hauei "kuartzozko erlojuak" deitzen zaie, hain zuzen ere material honekin egina dagoelako barratxoa. Korronte elektrikoak ematen dio indarra, eta segundoro mugitzen da.
Kontuan izan behar dugu erloju elektroniko analogikoek ematen dituzten arazoak konpondu ahal izateko, erloju konpontzaileek mekanikari buruzko ezagutza eta tresna bereziak eduki behar dituztela.
Zaila izaten da oso gaur egungo ordulari digitalak konpontzea, mekanismo guztia ukitu ere egiterik ez dagoen zirkuitu itxi batean biltzen delako. Egin daitezkeen eragiketa bakarrak, pilak aldatzea, eta kontaktu eta sakagailuak berrikustea da.
Garai batean ordularien zenbait alderdi elektroniko konpongarriak baziren ere, gaur egun, kasu gehienetan, pieza osoa aldatzen da, dela zirkuitua, dela bobina. Nolanahi ere, izaten dira erloju konpontzaileek baino konpon ezin ditzaketen bestelako arazo batzuk ere.
Horrenbeste izanik bai ordularien markak, bai marka bakoitzaren barruan aurki daitezkeen modeloak, erloju konpontzaileek ordezko pieza izugarri edukitzen dituzte beren tailerretan.
Ordulari mota hauek guztiak elkarbizi dira gaur egun, hauetako bakoitzaren baitan itxura eta kalitate ezberdinekoak daudela.
Bestelako erramintak. |
Gure artisauak dioen moduan, bi erosle mota bereiz daitezke: batzuek balio eta garrantzi handia ematen diote ordulariari, eta, gehienbat gazteek, nahiago dute noizbehinka aldatzen joatea, dela modagatik, daramaten arropagatik edo une bakoitzeko joerengatik. Ulertzekoa da antzinako ordulariek oraingo "erabili eta bota" motakoek baino denbora gehiago irautea, eta apur bat garestiago izatea. Nolanahi ere, marka eta modeloen moda honen ondorioz, gora egiten dute prezioek. Badira, gainera, bildumagileentzat ordulari ezberdinak ateratzen dituzten markak ere.
Beste alde batetik, gaur egun ordulariak maiz ematen dira opari modura ere: familian, lagunartean, enpresaren opari gisa erretiroa hartzean, banketxe jakin batean diru-sarrera bat egitean, etab. Horregatik, ez da batere harritzekoa jendeak ordulari bat baino gehiago izatea.