Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Lanabesak | |
Prezioak |
HISTORIA
Gure gaurko artisaua hilerrien munduari lotuta aritzen denez lanean, hauen inguruko zerbait azaltzea iruditu zait egokiena. Horretarako, gai honi buruz prestatu nuen lan batean bildutako hainbat ideia aurkeztuko dizkizuet jarraian.
Kristautasuna gure inguruetara iritsi zenean, gorpuak tenplu primitiboen kanpoaldean lurperatzeko ohitura zabaltzen hasi zen. Tenpluen barruan XIV. mendean hasiko ziren hobiratzen, eta XV.erako erabat zabaldua zen. Horretarako, baina, diru kopuru bat ordaindu behar zen aurrez, eta Gotzaindegiaren baimena jaso.
Hilobiak familiarenak izaten ziren; bertan, jabe zen sendiko kide guztiak hobiratzen ziren. Hauetako batzuetan —Azkoitiako (Gipuzkoa) parrokian egindako indusketetan, kasu—, hobi bakoitzean hamar gorputik gora aurkitu izan dira, ekialdera begira zeudela guztiak.
Carlos III.ak, baina, garbitasun eta osasun publikoa argudiatuz, 1787ko apirilaren 3ko Errege Zedula baten bidez, debekatu egin zuen leku sakratuetan lurperatzea, eta hilerriak herrietatik kanpo sor zitezela agindu zuen -Zuzenbide erromatarrean bada agindu honen aitzindaririk; izan ere, debekatu egin baitzuten hirietan gizaki hilak egotea, hobiratzea, erretzea edo erraustea-. Itxura guztien arabera, baina, ez zen erraza izan Borboitarraren agindua betetzea, herritarrak ez zeudelako prest beren hildakoak parrokietan -Jainkoaren babesean, igandero euren senideek gurtzeko lekuan- lurperatu beharrean, kanpoaldean hobiratzeko, inolako babes erlijiosorik gabe, eta euren arbasoengandik urrun. Beraz, alternatiba modura, hilerri berriak ermita eta elizetatik hurbil sortzea erabaki zuten kontzeju askok, hildakoek behintzat gune erlijioso batetik hurbil har zezaten betiko atsedena.
Ez dut gauza berririk esango adierazten dizuedanean hildakoen hirietan, bizidunenetan bezalaxe, gizarte mailaren arabera banatutako auzoak izaten direla. Horrela, hilerrietako lekurik dotoreenetan, panteoi zabalak, kriptak eta, zenbaitetan, marmolean edo kalitatezko metalen batean egindako irudi apaingarriak ikus ditzakegu. Gutxitan ikusiko dugu inguruotan plastikozko lorerik, egotekotan naturalak izaten baitira. "Lehen mailako" auzo hauetan ez da epitafiorik ikusten, baizik eta hobiaren jabe den sendiaren izena, hizki handitan idatzita, eta, gehienetan, bertan lurperatuta daudenen zerrenda.
Hiri handietan bezalaxe, hilerrietan ere izaten da errebalik, urrunduta gelditzen den txoko txiki eta esturik, eta hortxe egoten dira langile xumeen gorpuak, etorkinenak, bizian arrakastarik lortu ez dutenenak, betierekotasunerako zulo bat baizik eskuratu ezin zutenenak. Lursail hauen egiturak langileen auzoetako erlauntz moduko etxeen antza handia du. Hilobiak pertsona bakar batentzat edo gehiagorentzat izaten dira -hirurentzat, gehienetan-, elkarren artean inolako harremanik eduki ez arren, eta urte kopuru jakin baterako alokatzen dira -10 eta 15 urte bitartean-. Gainaldean, hobi horietan nortzuk dauden agertzen da, eta askotan gisa honetako epitafio bat eramaten dute:
“ZURE GURASO, ALABA ETA ANAI-ARREBEN
OROIGARRIA. EZ ZAITUGU SEKULA AHAZTUKO”. |
Edota:
“ZURE SEME-ALABAK ETA BILOBAK. BERPIZTEAN BILDUKO GARA”. |
Aukerak oso zabalak dira, baina mezua berbera izaten da funtsean: lasai har beza atsedena hildakoak, bizidunen gogoan bizirik egongo da-eta. "Bigarren heriotzaren" kontzientzia dago pentsaera honen atzean, hildakoaren gaineko oroipena itzaltzen denean gertatzen dena alegia.
Kutsu erlijiosoa daukaten esaldiak ere sarritan ikusten dira:
“BETIKO ARGIAK ARGI EGIN BEZAIE”; |
“NIGAN BIZI DENA EZ DA IÑOZ
ILKO”. |
Baita latinezkoak ere:
“O CRUX AVE SPES UNICA”. |
Topatu ditudan bitxikerien artean, Donostiako hilerrian aurkitu dudan esaldi malenkoniatsu bat aipatu nahiko nizueke, etorkin portugaldar baten lauzan idatzia:
“BITXILOREAK NOLA HAZTEN DIREN IKUSTEA
GUSTATUKO LITZAIDAKE”. |
Hildakoen auzo xume hauetako ia hilobi guztiek izaten dute apaingarri edo lorerik -plastikozkoak gehientsuenak-. Eta Hildako Fededunen eguna iritsi ahala, senitartekoak hilobia txukuntzera hurbiltzen dira, itxura garbi eta zaindua eman dezan, hildakoaz oroitzen direla islatzen duena.
Juan Ignacio Intxausti arkitektoak zera idatzi zuen hilobiei buruz:
“Zibilizazioa demografia, informazio eta bizi mailaren aldetik gora doan neurrian, bere nekropolien egoerak behera egiten du eta erabat zarpail bihurtzen dira”.
Hilerrietan, errautsak biltzen dituzten kutxa modernoei gordetako eremu txikiaz gain, hirugarren gune bat ere izaten da, beren azken zabalpenari dagokiona, dela galeria itxurakoa -lurperatuta edo ez-, dela hilobi indibidualez jositako horma gisa. Kanpotik ikusita, oso "harmonikoak" direla esan dezakegu -ezingo nuke beste hitzik erabili horiek deskribatzeko-, baina arazorik ere ematen dute; izan ere, idazkuna ez da gorpua dagoen lekuan ipintzen, gainean baizik, plaka identifikatzaile xume batzuetan; bestetik, ez da oroigarri bat edo loreak ipintzeko lekurik ere izaten, ez eta otoitz bat egiteko ere. Garbitzera joan beharrik ez da izaten, jakina.
Duela zenbait egun, oso gutun bitxia argitaratu zuten egunkari batean. Irakurle batek bere harridura agertzen zuen, amona hilobiratzera joan eta ikusi zuenean betiereko atsedena hartzeko "albo bakoitzean 3.000 hobi zeuzkan garaje moduko bat" zeukatela erreserbatuta, "tiraderak bailiran". Amona ohoratzeko, eta bere oinetan izena zeraman plakatxorik ipintzeko aukerarik ez zegoela ikusita, bilobak, azkenean, zera erabaki zuen: "lurperatuta dagoen lekuan, folio plastifikatu batean bere argazkia ipintzea”. Dirudienez, beste sendi batzuek ere horixe bera egin zuten hormaren hoztasuna nolabait arintzeko.
“Hurrengo egunean, amona ikustera joan nintzenean, nire harridurarako, ikusi nuen kendu hilerriko langileek egin zutela lehengusinak eta biok bezperan maitasun guztiarekin jarritako orria, eta baita beste hildako guztienak ere. Debekatuta dago hildako bakoitza identifikatzen duen idazkun edo antzekorik ipintzea”.
Horizontaltasunetik, bertikaltasunera: lurzorua hain garesti izatean, arau batzuk bete behar dituzte, bizidunek ez ezik, hildakoek ere. Eskema geometrikoak aplikatzen zaizkie gorpu guzti-guztiei, denei espazio berbera egokitzen baitzaie. Gizakia hiltzearekin, bere nortasuna ere desagertu egiten dela ematen du.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria