Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Lanabesak | |
Prezioak |
PROZESUAK
Lan mekanikoak, ebakitzeko eta leuntzeko makinak dauzkaten marmolariei azpikontratatzen dizkie.
Mozketak, uretan hoztutako diamantezko disko baten bidez egiten ditu.
Pieza handiak garabi baten laguntzaz ipintzen ditu.
Hizkiak negatiboan joaten dira batzuetan -gainazal leunaren gainean zizelkatzen direla hizki eta testuak-, eta positiboan besteetan -non hizkiak baxuerliebean gelditzen diren-. Azken honetarako, plaka guztia jaten joaten da, eta laukizuzen bat markatzen du hizkien inguruan, plaka guztia jaitsiz gero ezin izango litzatekeelako aurrerantzean beste testurik idatzi. Horrela, inoiz beste idazkunik erantsi nahi izanez gero, beste laukizuzen bat egingo litzateke azpian, eta horrela etengabe, xedagarri dagoen tarte guztia erabili arte.
Izen-abizen eta datarik erantsi beharra dagoenean, jendeak, normalean, harlauzan jada ipinita dagoen letra mota berbera erabiltzeko eskatzen dio.
Hiru hizki mota erabiltzen dira nagusiki: erromatarra, ingelesa eta euskalduna. Bitxia den arren, azken hau da, hain zuzen ere, jendeak gutxien eskatzen duena.
Gaur egungo hilobietan -hamar urterako ematen dira- aukera zabalak izaten dira, eta argazki gehiago ipintzeko ohitura dago. Azken hauei dagokienez, liburu baten erliebea ipini ohi da, argazkiaren alboan esaldi bat idatzita duela.
Labur esanda, gutxitan ikusten da argazkiak dituen panteoirik, eta baita
argazkirik gabeko horma-hilobirik ere. Bistan da hildakoak gurtzeko bi modu
ezberdin daudela, eta bakoitza gizarte maila bati lotuta egoten dela; hots,
aberatsei (panteoiak) eta behartsuei (horma-hilobiak). Bereizketa ekonomiko
hau inguruotako hilerri guztietan beha dezakegu.
Beste alde batetik, oso alde handia dago gure hilobien eta Frantziakoen
artean, azken hauetan objektu, plaka, oroigarri eta hamaika gauza gehiago
jartzeko zaletasuna baitaukate, barrokismotik gertu.
Materialari dagokionez, gehien erabiltzen direnak Italiako marmol zuria eta Almeriako marmol zuria dira. Bigarren hau, dena den, ez da lehena bezain kalitate onekoa, kristalinoagoa izatean errazago puskatzen zaizkiolako ertzak.
Markinako marmol beltza ere maiz erabiltzen da, baina mantenimendu aldetik askoz ere lan handiagoa eskatzen duenez, ez da oso gomendagarria.
Galiziatik ekarritako granitoa ere lantzen da, kolore ilunetan batez ere. Edonola ere, marmola baino garestiagoa izaten da.
Esan dezakegu hilobien %90 marmol zurizkoa izaten dela, eta %10 granitozkoa.
Grabaturiko hizkiak margotuta edo beruneztatuta joan daitezke. Ikus dezagun bertikalean jarrita dagoen plaka batean nola beruneztatzen dituen letrak. Lehenik eta behin, hizkiak grabatu behar dira, eta ondoren, 2 mm-ko barautseko zulagailu txiki batekin, zulo bat egiten zaio hizki bakoitzean, goitik behera okertuta. Ohol bat ipintzen du hizkien gainean, eta beruna botatzen hasten da, zeina grabaturiko hizkien zuloan sartzen den. Beruna lehortutakoan, leuntzeko makinaren bidez soberan dagoen beruna kentzen hasten da.
Plaka harlauzakoa baldin bada, horizontalean, hizki, zeinu zein zuloak egiteko pauso berberak jarraitzen, eta gero jada prest dauzkan berunezko puntatxo batzuk sartzen ditu bertan. Hotzean, zurezko mailua erabiliz, beruna hizki eta zuloetan zehar zabaltzen hasten da, eta, azkenik, leundu egiten du, aurreko kasuan bezala.
Ikus dezakezuen bezala, plaka bertikalean egonez gero, berun urtuz egiten da lana, eta horizontalean badago, berun hotzarekin.
Garai batean, testu guztiak beruneztatuak izaten ziren.
Pintura zein beruna aukeratu, harlauza zuria erabiltzen da, eta hizki beltzak.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria