Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Lanabesak | |
Prezioak |
BERE PRODUKTUAK
Bere ardura nagusia, hilobietako tapetan (horizontalak) edo zutikako harrietan (bertikalak) hildakoen izen-abizenak, data eta epitafioak ipintzean datza. Lan hau tailerrean egiten du batzuetan -pantografoaren eta abarren laguntzarekin-, eta in situ beste batzuetan, jada ipinita dauden plaketan. Dena eskuz egiten du.
Tapak zein plakak aldatzea ere eskatzen diote.
Enkargatzen diotenean, panteoiak garbitu eta konponketa txikiak ere egiten ditu.
Marmolinazko irudiak ere ipintzen ditu, baxuerliebean gehienetan. Marmolina, marmolaren antzeko ore bat da, marmol hautsez eta aglutinatzailez egina, eta ziri eta kolaz ipintzen dena. Gehien jartzen den irudia, Karmengo amaren medailoia izaten da. Panteoietan jarri ohi da. Hormako hilobietan, berriz, gurutzea eta argazkia jartzen dira gehienbat.
Panteoi berrietan, gaur egun, ez dira bertan lurperatuta dauden guztien izen-abizenak jartzen; horren ordez, sendiaren abizena bakarrik jartzen da: “(abizena) SENDIA".
Enkargatzen dizkioten argazkiak ere jartzen ditu gure artisauak: serigrafiatuta batzuk, koloretan beste batzuk, edota hareazko zorrotadaz egindako grabatu finak.
Errauskailuak erabiltzen hasi direnetik, marmolariek lehen baino askoz ere lan gutxiago izaten dute. Panteoi batean lurperatzea baino dezente merkeagoa izaten denez, eta beste hainbat arrazoigatik, jendeak gero eta sarriagotan egiten du erraustearen aldeko aukera.
Noizean behin, panteoia daukaten sendiek nahiago izaten dute gorpua erraustu eta bere errautsak panteoian sartu, hilobian izen-abizenak eta data ipinita.
Marmolezko kutxak ere egin izan ditu, bertan hildakoaren gorpuzkiak sartu eta panteoian gordetzeko. Leku eskasia izaten denean egin ohi da hau. Lurperatzaileek plastikozko kutxa marroi batean ematen dizkiote gorpuzkiak sendiari, eta honek, batzuetan, nahiago izaten du balio handiagoko kutxa batean sartu, non izen-abizenak eta jaiotza zein heriotza data ere ipintzen dituzten. Horrela, panteoian utzi baino lehen, marmolezko kutxaren barruan sartzen dute plastikozkoa.
Enkargu bidez, lorontziak ere ipintzen ditu, hilobiari itsatsita edota zirien bidez lotuta -hilobiaren kalitate eta kokapenaren arabera-, ez lapurtzeko helburuarekin. Lorontziak merezi baldin badu, bertan izena grabatzeko aholkua luzatzen du artisauak, betiere lapurretak ekiditeko.
Santu Guztien ospakizuna gerturatzen doan heinean, askoz ere lanpetuago ibiltzen da, beti izaten baita egun horretarako izenak eguneratu edota panteoia garbitu nahi dituenik.
Bezeroren batek lan bat eskatzen dionean, elkarrekin joaten dira hilerrira, metro gutxi batzuetara baitago, eta bezeroak hantxe azaltzen dio zehazki zer nahi duen. Horrela, errazagoa izaten da bezeroaren nahia asmatzea.
Kanpoko jendearen enkargurik ere jasotzen du Manuelek, panteoi batean lan bereziren bat egin dezan. Lana amaitutakoan, argazki bat atera eta fakturarekin batera bidaltzen dio bezeroari, nola gelditu den ikus dezan.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria