Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Museoa | |
Prezioak |
BERE PRODUKTUAK
Produktu ugari egiten ditu, baina bera euskal pastelak eta galleta goxo-goxoak egiten dago espezializatuta.
Hotel eta jatetxe ugaritarako aritzen da lanean, eta "euskal sukaldaritza berria" osatzen duten sukaldari asko ditu bere bezeroen artean.
Bere fitxa osatzeko, artisauak berak luzatu digun errezeta bat eskainiko dizuegu. Dena den, aitortu beharra dago artisautzako lan guztietan "artistaren esku" egoten dela azken ukitua.
Euskal pastelaren errezeta
40 bat minutu behar dira 6 lagunentzako euskal pastela prestatzeko, eta beste 30 minutuz labean utzi behar da, 200ºC-tan.
Osagaiak: 200 g gurin, 200 g azukre, 5 g gatz, 4 gorringo, 2 arrautza oso, 400 g irin, legamia koilaratxo bat.
Gurina, azukrea eta gatza ondo nahasi. Nahasketa ondo landuta dagoenean, gainerako osagaiak erantsi, eta orea landu. Ondoren, leku fresko batean, oihal garbi batekin estalita pausatzen utzi, irin pixka batekin -itsats ez dadin-.
Bien bitartean, pastel krema egingo dugu. Osagaiak: esne litro laurden bat, arrautza bat, gorringo bat, 60 g irin, 65 g azukre, 2 ron koilaratxo, eta banilla leka erdi bat. Guztia beroan ondo nahasi, eta hozten utzi.
Orea ondo luzatu, xafla mehe bat lortu arte. Moldea gurin pixka batekin igurtzi, eta irin pixka bat erantsi, bertan botako dugun orea itsatsita gera ez dadin, eta orea molde horretan bertan zabaldu. Gainean krema bota, jada hotza dagoela (zentimetro erdiko lodiera), eta orearen beste geruza bat jarri gainean. Pintzel baten laguntzaz, arrautza irabiatua igurtzi, bukaeran distira polit bat izateko, eta labean sartu, 200ºC-tan, 30 bat minutuz.
Nire iritzian, gerezi pastela hobea da kremazkoa baino, baina gozoa da oso; beraz, gozozalea denak gustura hartuko du, baina hainbeste azukre nahi ez duenari atseginagoa irudituko zaio pastel kremazkoa. Dena den, jakin ezazue Bixentek bi pastel motak ematen dizkiela bisitariei dastatzeko, eta, beraz, erosketa ziurtasunez egiten duela jendeak.
Gerezi pastelaren gainean, lauburu bat marrazten du, eta kremazko pastelean, berriz, marra batzuk.
Galletak
Bixentek egiten dituen galletak biribilak dira, lauak eta oso gozoak, natazko galleten oso antzekoak. Xumeak dira bere osagaiak: gurina, azukrea, gatza, arrautzak, irina eta legamia, baina kalitate gorenekoak guztiak ere.
Oso ezagunak dira gateau bouche Noel edo Gabonetako pastelak ere, Gabon Gauetan eta Eguberrietan jaten direnak. Kremaz betetako bizkotxo luzeskak dira, ijito-besoaren tankerakoa.
Bestalde, hagitz zabalduta dago gateau du roi edo errege pastela ere. Tradizioaren arabera, biribila izan behar du, eta gainean fruta lehor gorri zein orlegiak eraman behar ditu. Biribila izateak koroa bat gogorarazten du, fruta gorriek errubiak, eta orlegiek esmeraldak. Azpialdean, urre koloreko paperezko koroa bat ipintzen da, eta familiako txikienari ematen zaio. Hain zuzen ere berak adieraziko du pastel zati bakoitza norentzat izango den. Moztu, berriz, mahaiean dagoen adinduenak moztuko du pastela. Sorpresarekin -lehen baba bat izaten zen, baina gaur egun edozer izan daiteke- topo egiten duenak, urte osoan zehar zintzo-zintzo portatzeko betebehar morala izang du.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria