Sarrera | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Denda | |
Museoa | |
Prezioak |
ARTISAUAK
Gure pertsonaiaren aitona Martín Gorrotxategi, Zegamako Etxeberri-bekoa baserriko semea, izan zen. Berez artzaintza zuen ogibidea, baina gerora trenbidegintzan hasi zen lanean, eta denboraren poderioz langile-buru izendatu zuten. Tolosara bidali zuten zeregin hori betetzera, eta konpainiak etxea ere eman zion. Bertan jaio zen bere semea, Jose Maria Gorrotxategi Otaegi, gure pertsonaiaren aita, alegia.
Jose Maria Gorrotxategi Otaegi (gure pertsonaiaren aita) Zegaman jaio zen 1900ean, eta 1973ean hil zen.
Jose Maria Gorrotxategi Otaegi seminariora joan zen lehen ikasketak bukatu ondoren (on Jose Migel de Barandiaran ezagutu zuen bertan). 18 urte zituela, seminarioa utzi eta Agirre Mendizabalen gozotegian hasi zen lanean, Donostian. Hantxe ikasi zuen gozogile-ofizioa. Gerora Oñatiko Maiztegi txokolategian aritu zen. Azkenik, 1925ean, bere kasa finkatu zen Tolosan, Kale Nagusiko 2. zenbakian, Anacleto Berroetaren gozotegia traspasoan hartuta.
Antzina, “Xaxu” izeneko langile bat zegoen gozotegian. Tolosako San Blas baselizaren ondoko Sasueta baserrian (Xaxueta esaten zioten) jaioa zelako deitzen zioten horrela.
1850ean, Miguel de Eguía de Orendain (Xaxu izenari eutsi zion) zen saltokiko gozogina. 1875ean, Miguel adinekoa zela, iloba bat Anacleto Berroetarekin ezkondu zitzaion, eta aurrerantzean ilobaren senarrak hartu zuen gozotegiaren ardura.
1928an, Jose Maria Gorrotxategi Otaegi Rafaela Pikasarri Alustizarekin –Zegamako alaba hura ere– ezkondu zen, eta 4 seme-alaba izan zituzten: Jose Maria, gure artisaua, eta hiru emakumezko.
Kale Nagusiko 2. zenbakiko gozotegiak eraikin osoa hartzen zuen orduan.
Beheko solairuan denda zegoen, eta etxeko kontsumorako gaiak, txokolateak, kandelak eta gozogintzako produktuak saltzen zituzten. Denda atzean, 35 bat m2-ko eremuan, tahona (txokolatea egiteko makina) zeukaten: obrako zilindro hutsa zen, eta gainean egurrezko hiru trunko birarazi behar ziren. Trunkoen gainean, gogorrago sakatzeko, harri handi bat zegoen. Zilindroaren barruko hutsunean sua pizten zuten, goiko harria berotzeko. Horrela, beroaren eta trunkoen presioaren eraginez, kakaoa urtu eta txokolate-orea sortzen zen. Trunkoak birarazteko abere zamaria behar zutenez, animaliak alokatzen zituen gizon bat, Otxua ezinenaz ezaguna, kontratatu ohi zuten Gorrotxategitarrek. 1926an, poleadun motor elektrikoa ezarri eta zamaria erabiltzeari utzi zioten.
Denda atzea azukre-zakuak, txitxirioak, olioz betetako upelak eta gainerako gauzak gordetzeko ere erabiltzen zuten.
Lehen solairuan Tolosako Kasinoa zegoen antzina: mahaiak zituen, jokoan aritzeko. Bertan, neskamearentzako gela, sukaldea eta jangela kokatu zituzten gure pertsonaiaren gurasoek.
Bigarren solairuan senar-emazteen logela handia zegoen, eta txiki bat ere bai, haurrentzat. Gerora logela handia zatitu eta bi gela egin zituzten: bata gurasoentzat eta bigarrena semearentzat. Beste gela hiru alabentzat utzi zuten. Alaben gela Letxuga kalera begira zegoen, eta beste biak Kale Nagusira.
Hirugarren solairuan gozogintzako lantegia zegoen. Labea, bi sutegi eta bi mahai zituen: handi bat, marmolezko plantxaz hornitua, karamelua egiteko eta beste bat hostorea lantzeko. Sabaian poleak zeuden, eta kakoetatik zintzilik pertzak, konfiteak egiteko eta kakaoa txigortzeko erabiltzen zituztenak.
Arrautzak eskuz irabiatzen zituzten, harik eta 1933an irabiagailu elektrikoa ezarri zuten arte. Laguntza handia izan zen, lan hura nekeza baitzen oso.
Lantegiko eremurik zabalenean kandelak egiteko ontziak zeuden. Ontzi bat lurrean finko zegoen, eta ez zen mugitzen; besteak gurpilak zituen, beharrezkoa zenean batetik bestera eramateko. Pertza bi ontzien artean ezarri eta bildumina (kandela fin biribilgarria) egiten zuten. Pertz berarekin egiten zituzten betiko kandela zurrunak ere.
Lantegian kafe-txigorgailua ere bazuten, ziur aski Frantzian erosia, galdaketazkoa zela eta ingurukoek txapazkoak erabiltzen zituztela kontuan hartuta.
Gainean, 4. solairuan, ganbara zegoen. Egur-ikatza gordetzen zuten han:
handizkako erosketa egiten zuten urte osorako, eta zakuetan ekartzen zuten
orga-gurdien bidez. Eskaileretatik igotzen zituzten zakuak, lepoan hartuta.
Gizon batzuk ibiltzen ziren horretan: adibidez, Roke izeneko bat, “Roke
hegalaria”, eta Eloy izeneko beste bat.
Teilatupean edo “gallurrean” hiruzpalau oilo hazten
zituzten.
Barneko eskailera zegoen solairu batetik bestera joateko (solairuek ez zuten aterik). Hormetako leiho txikietatik sartzen zen eskaileretara heltzen zen argi apurra.
Bai denda atzean bai lantegian komuna zeukaten.
Gozotegian etxekoek egiten zuten lan: aitak lantegian, eta amak dendan saltzen ematen zuten egun osoa. Etxeko lanetarako neskamea zeukaten, beraiekin bizi zena. Dendan beste neska bat egoten zen, eta beharra zegoenean lantegian ere aritzen zen.
Jose Mari Gorrotxategi Pikasarri 1929ko martxoaren 24an, Erramu Igandean, jaio zen Tolosako Kale Nagusiko 2. zenbakian. Tolosako Eskolapioen ikastetxean ikasi zuen 14 urtera arte, eta adin horrekin etxeko lantegian hasi zen ofizioaren oinarriak ikasten. Ezagutzak sakon lantzeko, Donostiako Garibai kaleko Tea Room gozotegian, Biarritzen eta Iruñean aritu zen trebatzen. Sabat Maisuaren Gozogintza Eskolako ikasle fundatzailea izan zen. Izugarri ikasi zuen maisuarekin, eta ofizioarekiko grina bizia ere tinko errotu zitzaion.
Bere ekimenez, Tolosako Udalbatzako Alkateorde zela, gerra osteko Euskadiko
lehen Udal Ikastola sortu zuten, eta Udaleko Txistu Akademia ere bai.
Tolosako Konfiteri Museoa sortu zuen.
Aitormenak:
Jose Mari Gorrotxategi Pikasarri 1957an ezkondu zen Mirentxu Perales Maizarekin, eta 6 seme-alaba izan zituzten. Horietatik 5 bizi dira. Hona hemen guztien izenak: Jose Mari (1958an jaioa), Rafael (1959an), Arantza (1962an), Maite (1962an jaioa, haurrekoaren bikia zen eta 17 urterekin hil zen), Iñaki (1964) eta Blanca (1967).
Jose Mari Gorrotxategi Pikasarrik beti pentsatu izan zuen denda bien artean eraman behar zutela, berak gozogintzan eta emazteak dendan jardunez. Lanari emanda bizi zirenez, ez zuen seme-alabak negozioan sartzerik nahi, eta ikasketak eman zizkieten.
Baina halako batean, bere seme Rafael eta Iñakik ofizioan hasi nahi zutela esan zioten. Lehenengoa ekonomia-zientziak ari zen ikasten, eta bigarrena publizitatea. Batetik, pena hartu zuen, hori lehenago jakin izan balu Suitzako Txokolate eta Gozogintzako Unibertsitatera bidaliko zituelako, ofizioan trebatzera. Bestetik, ordea, poztu egin zen, benetako bokazioa zutela ikusita. “Izugarrizko ahalegina egin behar izan dute, baina ekinaren ekinez ezagutza handiak eta leku nabarmena lortu dituzte Gipuzkoako gozogintzan”, dio aitak harrotasunez.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria