Sarrera | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Denda | |
Museoa | |
Prezioak |
PRODUKTUAK
Dendan elikagaiak zeuden salgai (freskoak ez, horiek baserritarrek saltzen zituztelako): babarrunak, txitxirioak, arroza, azukrea, gatza, olioa, ozpina, bakailaoa, ardoa botilatan, Lagarto xaboia, etab.
Beraiek txokolatea, kandelak eta pastelak egiten zituzten, baina ogia inoiz ere ez, hori okindegien zeregina zen eta.
Produktuak ontziratu gabe saltzen zituzten, poltsetan edo estraza-paperean. Bakailaoa, Forao etxekoa, Bilbon erosten zuten, baina jatorriz Eskoziakoa zen. Baserritarrek egunerako behar zutena erosten zuten, orduan, orain ez bezala, ez baitzegoen kantitate handiak erosteko ohiturarik.
Euria egiten zuenean, zerrautsa botatzen zuten lurrean.
Denda kanpoan zirgiloak zeuden, eta baserritarrek haietan lotzen zituzten astoak eta zaldiak.
Batzuetan jendeak ez zuen ordaintzen, eta zorrak liburuxka batean apuntatzen zituzten: apuntea deitzen zioten, horrexegatik. Kobratzen zutenean ordaintzen zituzten zorrak. Lehen supermerkatua ireki zutenean ohitura hori bertan behera geratu zen, momentuan bertan ordaindu behar zelako nahitaez.
Gure informatzaileak, Jose Marik, supermerkatu bat irekitzeko zorian egon zela azaldu digu, baina azken orduan atzera egin zuela. “Ez naiz damutzen”, adierazi zidan.
Kafea
Gehien saltzen zen produktuetako bat da kafea. Kafe bikaina saltzen zuten, “ez Gineakoa”, egunero txigortutakoa baizik. Kaletarrek oro har ontza bat (30 gramo inguru) erosten zuten egunean bertan hartzeko; baserritarrek, aldiz, libra laurdena eraman ohi zuten (125 bat gramo) hainbat egunetarako.
Irasagarrak
Irasagar-gozoki asko egiten zituzten.
Pastelak
Aitaren garaian (gerra aurretik), Tolosan merkatua zegoen larunbatetan egiten zituzten pastelak. Makina bat baserritar joaten ziren dendara hamaiketakoa egitera: pastela eta basokadatxo bat ardo gozo. Igandetan ere egiten zituzten pastelak, baina astegunetan enkarguz bakarrik.
Ez zeuden pastel mota asko aukeran. “Lecler” eta “petissus” izenekoak (ikusten denez, izen frantsesa zuten biek) egiten zituzten ore berbera erabilita. Lehenengoak luzeak ziren eta bigarrenak biribilak. Barrutik pastel-kremaz edo kafe-kremaz bete eta txokolate geruza txiki batez estaltzen zituzten, apaingarri gisa.
Hostoreak ere egiten zituzten, batez ere kanutiloak, eta era berean, “jesuitak”, “Sanramonak”, hau da, barrutik almendraz, azukrez, gurinez eta arrautzez betetako brotxetak, eta bizkotxo-pastelak.
Etxeko espezialitateetako bat mazapanak ziren, gehienetan piñoidunak.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria