Argazkia
José Javier Martínez Araguzo
Beirateak
2006 / 09-29 / 10-13
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Elementuak
 Prezioak


PROZESUA

Gure artisauak beirateak nola egiten dituen azalduko dugu jarraian. Hona hemen prozesua, urratsez urrats:


1.- Diseinua

Bezeroak zer nahi duen entzun eta enkargua onartu ondoren, paperean marrazten du. Kolore bakoitzari zenbaki bat jartzen zaio bereizteko, eta gero beste zenbaki bat (gorria, ez nahasteko) kokagunea adierazteko. Ondoren, diseinua egiten da, berunak loturetan nolako lodiera hartu dezakeen kontuan izanda.


2.- Txantiloiak egin

Hurrengo urratsa patroia sortzea da, marrazkiaren kopia egin eta paper-zati guztiak moztuz. Piezei txantiloi bana egiten zaie, eta gehienetan kartoi mehea erabiltzen da horretarako.


3.- Kristala prestatu

Txantiloiaz baliatuta, kristal-zati bakoitza mozten da (“kalibre” deitzen zaio). Glass beiraz osatutako kristala, Alacanten edo Granadan erosia, erabiltzen da. Lehen Donostian ere saltzen zuten, baina orain ez, eskari urriaren ondorioz. Metro koadro bat eta 3 mm inguruko lodiera dute plantxek. Eta jakina, era guztietako koloreak, marrazkiak, urak... daude aukeran.


4.- Margotu

Beharrezkoa denean, margotu egiten da kristala. Argizari pixka bat hartu, atzetik argiztatutako asto batean “kalibrea” ezarri, eta margotzen hasten dira lur eta grisaila bereziak erabiliz.


5.- Labekatu

Margotutako kristalak labe elektrikoan sartzen dira, marrazkiak behin betiko finkatuta geratu daitezen. Tenperatura 600 eta 640º C bitartekoa izaten da. Gero, zain egon behar izaten da labea berez hoztu arte; bestela, barruko kristala hautsi egingo litzateke.


6.- Beruneztatu.

Mahai gainean, pieza bukatuaren ezaugarriei buruzko planteamendua egiten du, eta gero “kalibreak” mihiztatu egiten ditu, berga izeneko berunaren (% 100 berunez osatua) bidez elkar lotuz.

Berga izen teknikoaz ezagutzen diren berunak T bikoitza osatzen duten zerrendak dira, eta kristalak sartzeko zuloak edo “bideak” dituzte (T bikoitzak sortutako bi bideen artean arima izeneko gorputza dago).

Bergak zerrendatan heltzen dira: barruan 4 bat mm-ko espazioa dute, eta kanpoan 7 mm ingurukoa. Gero, kasuan kasuko beharren arabera (kristalaren tamaina kontuan hartua) prestatzen ditu artisauak. Horretarako, profilatzeko makina erabiltzen du: kojinete batzuen bidez, zerrendak hotzean desitxuratu eta nahi duen tamainako bergak lortzen ditu. Hainbat kojinete-joko ditu zeregin horretarako.

Berga motako berunek, T bikoitza osatzen dutela, hainbat ezaugarri izan ditzakete:

Neurriak tamainaren araberakoak izaten dira. Horrela, 3 mm-ko bidea daukan berga batek bospasei mm-ko zabalera eta 3 mm-ko arima izan ditzake.

Lehen, beraiek egiten zituzten bergak sortzeko berunezko zerrendak: beruna urtu eta salda lingote-ontzi batean sartzen zuten. Ontziak 3 bide zituen, 3 zerrenda ateratzeko. Behin hoztutakoan, zerrenda perfilatzeko makinan sartu behar da, nahi den tamaina emateko.


7.- Soldatu

Beiratea beruneztatuta dagoenean, “bergen” ertz edo mutur guztiak eztainuz soldatzen dira (% 65 eztainua eta % 35 beruna). Gero, piezari alde batetik buelta ematen zaio, eta beste aldea berdin soldatzen da


8.- Betuna eman

Aurreko prozesua bukatutakoan, betuna ematen zaio. Produktu hori artisauak berak egiten du, linazi-olioarekin eta bismuto-oxikloruroarekin. Lehortzen utzi eta gero zerrautsaz igurzten zaio, betuna kentzeko. Horrela, produktua kristalen eta “bergen” arteko tarteetan sartzen da, eta lehortu eta gogortutakoan, pieza gogor-gogorra lortzen.

Ez dugu ahaztu behar beirateek bi alde dituztela, baina alde bakar batetik begiratzeko sortzen direla.

Beirate handiei dagokienez, beira babesteko, ate zabukarietakoei sendotasun handiagoa emateko edo kanpo aldean ezartzeko, hainbat konponbide erabiltzen dira:

A.- Atzean hagaxka metalikoak ezarri eta beirateari alanbreekin lotzea. Lehen horixe egiten zuten beti, ondoren azalduko ditugun bi sistemak nagusitu ziren arte. Gaur egun, beirateetan ia ez da hagatxorik ezartzen.

B.- Atzean “ESTADIT 3 +3” motako kristala ezartzea. Gardena da, eta kristal lauz eta plastiko-geruza gardenez dago osatuta. Horrekin batera, beste kristal bat ere finkatzen dute, biek pieza bakarra osatzen dutela. Beiratearen kanpo-aldean kokatzen dute, babesteko.

C.- Beste aukera bat beiratea CLIMALIT barruan (bi kristalen artean) sartzea da. Gero, hutsean zigilatzen dute, ertzetik. Horrela, ogitarteko antzeko bat sortzen da, beiratea barruan dagoela.

Duela 20 urte inguru, berunezko bergen ordez aluminio zuriz edo urdinez egindako batzuk erabiltzeko ohitura hedatu zen. Baina arazo bat zegoen: material horrekin ezin da bihurgunerik sortu, eta beraz, irudi geometrikoko beirateetan baino ezin zitekeen erabili.

Gure artisauaren ustez, ez dira hain estetikoak, aluminioa askoz ere gehiago nabarmentzen delako, eta, adierazi dugunez, ez duelako balio bihurguneak eta marrazki artistikoak egiteko.

Batzuetan, labean hutsik dagoen tokian “jolasean” ibiltzen dela esan digu José Javierrek: beira-botilak desitxuratzen eta hautsontziak eta bestelako gauzak, batzuk bitxiak benetan, egiten aritzen da.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen