Argazkia
Miguel Ángel Mediavilla
Irazki hari altuen artista
2007  /  06-01  /  07-12
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


ARTISAUA

Gure artisauaren ibilbide eta eboluzio artistikoa laburbiltzeko, “beti gehiago” bilatzeko nahiak eraginda dabilela esan behar da. Mediavillaren ustez, artea ez da guk egiten edo sortzen dugun zerbait. Aitzitik, bizitzak berezkoa du artea, eta arteak sortzen gaitu gu. “Jaiotzen garenean sartzen gara artearen munduan, eta bertan murgildurik ematen dugu bizitza osoa”.

Miguel Ángel Mediavilla Hurtado Bilbon jaio zen. Aita eskultorea eta urregilea zuenez, txikitatik hasi zen trebatzen artearen munduan, marrazkigintzan, taiaketan, eskulturagintzan eta bozelketan arituz. 1960an, arkitekturako ikasketak uztea eta arte zaletasuna bete-betean lantzea erabaki zuen. Orduan, Madrilera joan zen San Fernando Arte Ederren Akademian ikastera.

Miguel A. Mediavilla

1980an tapizgintza ezagutu zuen, eta bolumena eta kolorea osatzeko modu berritzaile, natural eta sortzailea iruditu zitzaion. Ordutik, Arte Eder horren adierazpen-aukerak ikertu ditu buru-belarri, zeregin horretan dena emanez.

1987ko azaroan, tapizgintzari buruzko lehen erakusketa antolatu zuen, eta handik aurrera Espainiako hainbat hiritan eman du ezagutzera.

ERAKUSKETAK

1987

- Bilboko Udal Aurrezki Kutxako Kultura Gela

- Leioako Udaleko Kultura Gela (Bizkaia)

1988

- La Roblako Udaleko Kultura Gela (Leon)

- Ponferradako Udaleko Kultura Gela (Leon)

1989

- Pallarés Zentroko Ehungintza Arteari buruzko Erakusketan hartu zuen parte (Leon)

- Sala Revilla Fundazioa (Valladolid)

1990

- Granadako Aurrezki Kutxa Probintzialeko Erakusketa Galeria

1991

- Santillana Fundazioa, Santillana del Mar (Kantabria)

- Ehungintza Arte Garaikidearen Erakusketan hartu zuen parte, Pallarés-en (Leon)

- “Marisa Almazán” Arte Galeria, Las Rozas (Madril)

- Caixa del Penedés Fundazioa, Villafranca del Penedés (Bartzelona)

1992

- “Exposiciones” Arte Galeria (Gasteiz)

1993

- “Montmartre” Arte Galeria (Bilbo)

- “Aitor” Arte Galeria (Gasteiz)

1994

- Erretiroko Mendi Artifiziala, Madril (UNESCOk eta Madrileko Udalak babestutako babestutako Hezkuntza, Ekologia eta Arte Proiektua)

- Caixa del Penedés Fundazioa, Villafranca del Penedés (Bartzelona)

- “Forum” Arte Galeria (Girona)

- Euskal Herriko XVI. Artisautza Azoka, Errenteria (Gipuzkoa)

1995

- Bakearen aldeko Fundazioa, Bartzelona

Tapizaren Arte Ederraren aldeko apustua erronka izan da Mediavillarentzat. Ia “ahaztuta” zegoen arte zaharrarekin topo egin izanak eragindako erronka. Hala ere, tapizgintzaz egindako interpretaziotik abiatuta, adierazpide horren bidez, estetikaren mugak gainditzen dituzten balioak irudikatzeko eta helarazteko gai da gure gizona. Artea komunikazioa dela uste du, eta bizitza sorkuntza: “sortzeko sentsazioa sentitzen dugun heinean sentituko dugu bizitza”.

Espiritu sortzaile horri atxikita beti, inspirazioaren eta lanaren poderioz, Cuatro Estaciones entre Luces y Sombras (Lau urtaro, erdi argi, erdi itzal) proiektua, bere ikerkuntza-lanen ardatza, mamitu zuen. Argi eta soinu-muntaketa eszenografikoa da. Ikuskizun horretan, hiru dimentsioko tapizetan oinarrituta, sentsazioz betetako munduan barneratzen da ikuslea. San Lorenzo de El Escorialeko Carlos III Antzokian estreinatu zuen lana 1997an, Unibertsitate Autonomoak udal horretan antolatzen dituen udako ikastaroetan, eta ikusle asko eta arrakasta handia izan zituen.

Miguel A. Mediavilla

1999ko martxoan, CIDENen (Kataluniako Generalitateko Industria, Merkataritza eta Turismo Saila) aurkeztu zuen lana, eta 9.721 lagunek ikusi zuten hilabete batean. Urte bereko apirilean, Bartzelonako Arte Garaikideko Kultur Zentroan aurkeztu zuen, Fòrum Català per Repensar la Societat elkarteak Art Fòrum gunean antolatutako jardunaldietan.

Hilabete berean, 4ª Fira de la Terra Azokako Ekologia eta Ingurumen Jardunaldietan parte hartzera gonbidatu zuten, Bartzelonako Ciudadela Parkean. Día de la Terra elkarteak antolatutako ekimena izan zen.

2000ko ekainetik 2001eko irailera bitartean, Estibalizko Santutegiko (Araba) beneditarren komentuko abegi-etxean egon ziren ikuskizuna eta tapiz-erakusketa.

Miguel A. Mediavilla

2002ko udaberritik aurrera, Aita Pasiotarren Eubako egoitzan (Zornotza, Bizkaia) egon dira ikusgai. Eta gainera, gizarte-, arte- eta kultura-proiektu handi baten ondorioz eratu duten topaketa- eta harreman-plataforma sortzeko eta garatzeko urratsetan lan horiek erabili dituzte.

2007ko apirilean Euskal Herriko 29. Artisautza Azokan parte hartzera gonbidatu zuten, Errenterian (Gipuzkoa).

Gaur egun, Tapizaren Museo berezia eta bakarra ari dira antolatzen, Mediavillaren lanetan eta muntaketa eszenografikoan oinarrituta.

Miguel Ángel Mediavilla Hurtado
mamedur@gmail.com
Tel.: 653 35 13 04

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen