Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
TAPIZAREN HISTORIA
Tapizaren historiak oso aspaldiko garaietara garamatza, gizakiak antzina-antzinatik egin baititu horrelako lanak.
K.a. 4.400 urtean, ehungailu baten marrazkia zeukan zeramikazko platera aurkitu zuten Badar-eko (Egipto) hilobi batean. Bestalde, egiaztatuta dago K. a. 2.920. urtea aldera eskuzko ehungailuaren erabilera oso hedatuta zegoela Egipton, eta Mesopotamian hainbat mende lehenago jadanik ezagutzen zutela. Gailu haiekin, lihozko ehunak egiten zituzten. Ehungailuak egurrezko markoa zuen, eta goiko zeharkako oholari hariak lotzen zizkioten, buztinezko pisu txiki batzuk zintzilik utziz. Goitik behera egiten zuten lana.
Ezagutzen diren tapizik zaharrenak Tutmosis IV.aren hilobian, Tebasen, aurkitu zituzten. Egiptoko XVIII. dinastiako (K.a. 1567tik 1320ra bitartean) erregea izan zen Tutmosis. Txinan, K.a. 1766tik 1222ra gutxi gorabehera, ehungailu konplexu bat sortu zuten, marrazki korapilatsuz apaindutako zetazko oihalak egiteko. Konkistatzaile espainiarrek ere lan harrigarriak aurkitu zituzten Mexikon, Perun eta Bolivian.
Sorkuntzaren animaliak. Sorkuntza tapizaren xehetasunak. XII. mendea – Geronako Katedrala. |
Literaturan ere izan du oihartzuna pazientzia handia eskatzen duen lan liluragarri horrek. Odisean, Homerok zeregin horretan aurkezten digu Penelope, Ulisesen emazte leiala: belo luze bat egiten eta desegiten ari da, senarra itzultzeko zain dagoela. Ovidio Aracneren historiaz mintzo zaigu Metamorfosisen. Aracne armiarma bihurtu zen, zeregin zail horretan Minerva jainkosarekin lehiatzera ausartzeagatik.
Gortinen tankerako tapiz handiak XIII. mendean sortu ziren. 1376an, Nicholas Bataillek munduan inoiz izan den tapizik handiena egin zuen Arras-en, Anjouko Luis I.aren aginduz. 156 m-ko luzera eta 6 m-ko altuera zituen.
Flandes izan zen irazki-hari altuak egiten hasi zen lehen herrialdea. XIV. eta XV. mendeetan, Arraseko ehuleek Europako gainerako herrialdeetara esportatzen zituzten horrelako lanak. Gotikoan izan zuten, ordea, goraldirik handiena. Berebiziko garrantzia hartu zuten; horrela, XIV. mendearen bukaeran, gaztelu eta eliza guzti-guztietan zituzten tapizak, funtsezko apaingarritzat jotzen zituzten eta. 1662an, Gobelin eta Aubusson tailerrei esker, Frantzia jaun eta jabe bihurtu zen hizpide ditugun arte-lanen alorrean.
Sorkuntzaren tapiza. XII. mendea – Geronako Katedrala. |
XVI. mendean, Italiako Errenazimenduaren ondorioz, gustuak errotik aldatu ziren. Tapizgintzaren ordez pintura hasi zen hedatzen, lehenengoaren izen onak tinko iraun zuen arren.
Espainian, Santa Barbara Errege Tapiz Fabrikako lanak, Goiaren kartoietako ereduetan oinarrituak, oso preziatuak dira.
Gaur egun, ez dira egiten tapiz lauak soilik. Aniztasun izugarria dago formetan, materialetan eta lan egiteko moduetan, eta aukerak uztarturik, sormen handiko estetikei ematen zaie bidea.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria