Argazkia
Concha Laca
Portzelanaren artista
2008  /  02-22  /  03-07
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Portzelana
 Prozesuak
 Ilustrazioak
 Bibliografia


ARTISAUA

Madrilen jaio zen 1925eko martxoaren 21ean. Aitak Dotoreo Laca zuen izena eta Markinan (Bizkaia) jaiotakoa zen. Mekanikoa zen, Naviera Aznar enpresako sei autoen arduraduna. Aitaren ogibidearen eraginez, 7 hil Madrilen eta 5 hil Berrizen (Bizkaian) igarotzen zituzten. Amak Soledad Ugaldebere zuen izena eta Bilbon jaiotakoa zen. Bi alaba izan ziren, Conchi txikiena.

Administrari izateko ikasi zuen, baina hori gustuko ez zuenez, 1939an Zeramikako Madrilgo Udal Eskolan, Francisco Alcántarak zuzendutakoan, sartu zen. Aitak horren berri izan zuenean, mertzeria bat jarri nahi izan zion, alaba ez zedin artean aritu. Egoera ikusita, amak eskolako zuzendariarekin hitz egin zuen, ez baitzuen nahi alabak denborarik galtzea. Sei hilabeteko proba-aldia ematea erabaki zuten. Sei hilabete horiek igarotakoan, bazuela lanbiderako gaitasunik esan zuen irakasleak, eta diru-laguntza bat jasotzeko proposatu zutela. Hasieran diru-laguntza horrekin, eta ondoren, artisautzako Obra Sindical-eko beste batekin, eskola hartan egin zituen ikasketak 1947ra arte. Ordutik 1952ra arte, irakasle laguntzaile izan zen eskolan bertan, eta horrez gainera, hainbat lan egiten zituen eskolan, osagarri moduan: goi-mailako jantzigintzarako zeramikazko botoiak, erliebedun zerbeza-pitxerrak, etab.

Mariano Benlliure jaunaren laguntzaile aritu zen Conchita, artistak bere obretako batzuk portzelanan egin nahi izan zituenean.

1952an Irungo Porcelanas del Bidasoa enpresan dekoratzaileen bila zebiltzala entzun zuen. Bere burua aurkeztu eta, probako hil baten ondoren, lanpostua lortu zuen. Manuel Benedicto jauna zen orduan enpresa horretako zuzendari artistikoa.

Madrilgo eskolatik joan zenean, bertako zuzendari Jacinto Alcántarak (sortzailearen semeak) hau esan zion: “Pozten naiz enpresan hartu zaituztelako, Europako onenetarikoa da, baina ohar bat egin behar dizut, enpresa askotatik eskatu dizkidate langileak, baina gizonezkoak soilik nahi dituzte, eta ez ahaztu orain esango dizudana: gizonei besteko kategoria eman diezazuten, askoz ere gehiago balio duzula erakutsi beharko duzu, eta horrela ere, ez zaituzte inoiz kategoria berean jarriko”. Hala azaldu zigun Conchitak barre artean, eta bukaeran “eta egia izan zen!” gaineratu zuen. Baikortzat jotzen du bere burua. Ezaugarri horri esker eta bere lana hain gustuko izateagatik iraun zuen hainbeste denbora enpresan.

1952tik 1984ra aritu zen lanean Porcelanas del Bidasoa enpresan, 34 urte guztira. Hasieran dekoratzaile aritu zen, 12 pertsonaz osatutako talde batean; denak gizonak ziren, bera izan ezik.

Jasotzen zuen diru urria osatzeko, Artes Gráficas enpresan aritu zen lanean ordukako soldatapean, fotolitoentzako marrazkiak prestatzen.

1957 urtean, portzelanan loreak modelatzen zekien ikaskideren bat ezagutzen zuen galdetu zion Manuel Beneditok. Pentsatu gabe, berak egin zezakeela erantzun zion, eta Beneditok proba batzuk egiteko eskatu zion. Horrela hasi zen loreak egiten. Inoiz ez zuen lorerik egin, baina portzelana lantzeko teknika oso ongi ezagutzen zuenez, lanari ekin zion. Hasieran, arazoak izan zituen portzelanarekin, eta plastikotasun handiagoa lortzeko, pastari zuringoa (azken finean albumina, gero fabrikan destrinarekin egingo zena) botatzen hasi zen. Bi arrosa, bi krabelin eta bi dalia egin zituenean, fabrikaren zuzendariarengana joan zen Madrilera, lana erakustera. Zuzendariak hau esan zion: “Nahi dudana da. Irunera itzultzean, dekorazioko saila utziko duzu, loreen sail bat sortuko da, eta zu izango zara bertako laguntzaile”. Une hartatik aurrera, Conchiren bizitza aldatu egin zen. Jada ez zuen fabrikako inorekin lehian aritu behar, eta Conchita Laca moduan aintzakotzat hartzen hasi ziren. Une hartatik aurrera, Artes Gráficas enpresa utzi eta Porcelanas del Bidasoan soilik lan egiten hasi zen.

Gogoan du betibizi batzuetan 400 petalo baino gehiago jarri zituela, ia gardenak.

Denbora gutxiren buruan, fabrikan lan egiten zuen eskultore oso on batek Lladró enpresara alde egin zuen. Horren ondorioz, bere lanpostua eskaini zioten, eta Conchitak onartu egin zuen. Memento hartatik aitzinean, eskultore izatera pasa zen.

Laurogeiko hamarkadako egun batean, enpresa baten iragarkia ikusi zuen, iragarkietarako marrazkilariak behar zituzten, eta haiekin lanen batzuk egiten hasi zen. Jesús Rodríguez Catalán zen enpresa hartako zuzendari artistikoa orduan, eta Donostiako Catalina Erauso Arte Elkarteko irakaslea ere bazen. Egun baten, erretiroa hartu eta elkartea utzi nahi zuela azaldu zion Catalánek, eta arte-elkarteko irakasle-lanpostua eskaini zion; Conchitak onartu egin zuen. Horrenbestez, 1983tik aurrera, lanean aritu da elkartearekin.

Porcelanas del Bidasoan enpresan erretiroa hartu zuen 1984an; dena den, 2000ra arte lanen batzuk egiten jarraitu zuen, eskatzen zizkioten diseinu batzuk eginez.

Erretiratzean, tailer txiki bat jarri nahi izan zuen etxean, loreak egiten jarraitzeko, apetak eman ziolako. Baina sei milioi pezeta eskatu zizkioten metro kubiko erdiko edukierako labe batengatik, eta diru asko zenez, ideia baztertu egin zuen.

1984tik akuarelako (astean bi aldiz) eta portzelanaren dekorazioko (astean behin) eskolak ematen ditu, Catalina Erauso Arte Eskolan. Modu altruistan egindako lan horregatik, eskolak eta ikasleek omenaldi bat egin zioten 2006an.

Aldian-aldian, Conchitaren ikasleek taldearen lanen erakustak egiten dituzte Donostiako Kutxako aretoetan; arrakasta handiz egin ere.

Madrilgo Udalak eta Artisautzako Nazioko Obrak saritu zuten Conchitaren lana.

1995ean, Gipuzkoako artisau kutun izendatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Askotan egin ditu erakusketak bere akuarelekin.

1975ko ekainaren 28ko UNIDAD egunkariko artikulu luze batean hau aipatzen da: “Conchita Laca: marrazkilaria, margolaria eta eskultorea”. Eta 1975eko maiatzaren 24ko beste batean: “Conchita Lacaren obrak: Europako obra onenak”.

Sasoi onean dago, eta egunero-egunero, neguan eta udan, 6 km ibiltzen da.

María Concepción Laca Ugaldebere
Alarde kalea, 5
20303 Irun
Tel.: 943 627 264

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen