Argazkia
Concha Laca
Portzelanaren artista
2008  /  02-22  /  03-07
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Portzelana
 Prozesuak
 Ilustrazioak
 Bibliografia


HISTORIA

Artisauei buruzko fitxetan, buztingintzaren historia jorratu izan dugu, bai unibertsala, bai Euskal Herrikoa. Gaur, portzelana izango dugu hizpide.

Portzelana Txinan agertu zen, Shui dinastiaren garaian (581-617). Uste denez, Marco Polo izan zen produktu-mota hau aipatzen lehena; dena den, XIV. mendean inportatu ziren lehen aldiz Txinako portzelanak Europara. Portzelana egiteko formula ezkutukoa zen, eta Europan saio asko egin ziren antzeko zerbait lortzeko, baina 1708-1709ra arte, ez zuten emaitzarik lortu. Dresdeneko gorteko Friedrich Böttger alkimista alemaniarrak lortu zuen Txinako portzelanaren antz handia zuen material bat egitea, Augusto II.aren gobernuaren mandatupean. Arrakastaren ondorioz, portzelana-fabrika bat sortu zuen 1710ean Meissan (Saxonia). Denbora gutxira, bere teknikarietako batzuk Vienara, Veneziara eta Napolira joan ziren, eta hiri horietan, portzelana fabrikatzeko tailerrak sortu zituzten.

Espainiari dagokionez, Carlos III.ak sortu zuen, 1760 inguruan, Buen Retiro portzelana-fabrika; eta ondoren, La Moncloa-koa etorri zen, Fernando VII.ak sustatutakoa. Azken hori 1850an itxi zuten.

1804an, Sargadelos sortu zen Lugon, loza fina ekoizten zuten bertan. 1839an, Charles Pickman merkatari ingelesak “La Cartuja de Sevilla” sortu zuen, loza fina ingeles-erara fabrikatzeko. Ez dira ahaztu behar Cartagenako “La Amistad” eta “La Cartagenera Industrial Cerámica” ere.

Euskal Herrian

Historialari batzuen ustez, XVII. mende bukaeratik aurrera jarri ziren modan hiriko aristokrazian portzelanazko objektuak. XVIII. menderako ohikoa zen, gizarte-maila dirudunetan, luxuzko beste elementu bat bezala portzelana erabiltzea; eta leku askotatik inportatzen zen.

Portzelana egiteko fabrikak hainbat lekutan izan ziren: Ezpeletan, Mugerren, Garrisen, Baionan (Gorostarsurena eta Novionena) Biarritzen, Donibane Lohizunen, eta Zuberoan (Soubeletterena 1780ean sortua).

Bizkaian portzelanari buruz ditugun lehen berriak Bilboko “Santa Casa de Misericordia” izeneko tailerretik datozkigu. Tailer hori 1724an sortu zen eskola-tailer moduan eta 1872ra arte egon zen martxan. Hainbat motatako “loza fina” irten zen Bilboko tailer horietatik.

Tolosan, 1820 inguruan, loza fina fabrikatzeko tailer bat zabaldu zuten. Jose Maria Etxeberriak sustatu zuen tailer hori eta “talavera-ekoizletzat” zuen bere burua. Bost urteko bizitza laburra izan zuen.

Ezin dugu ahaztu Busturiako (Bizkaia) San Mamesko loza fineko fabrika. 1842an sortu zuen Jose Eusebio de Chirapozuk Busturiako fabrika, Gaspar Bulucuarekin eta Manuel Santosekin batera, eta 1867ra arte egon zen zabalik.

Nafarroan, Igantzin zehazki, loza fina ekoizteko tailer bat ireki zuten 1865 inguruan. Tailerrak Fábrica de Media Porcelana Belarra y Cia. zuen izena eta mende horren bukaeran desagertu zen.

Leandro Silban egileak artisau-piezak egin zituzten beste zeramikari batzuk aipatzen ditu: Ángel Cañada; Luis Peña, Donostian; Ángel Garraza eta Pilar Álvarez, Algortan (Bizkaia); Maria Medici eta Conchi Maoño; Alfonso López, Berrizen (Bizkaia); Daniel Zuloaga eta beste batzuk.

Hernaniko (Gipuzkoa) Cerámicas San Miguel ere aipatu beharra dago. Francisco Ibáñez Alonso zen fabrikako buru, eta 1918tik portzelanazko eta gresezko komun-ontziak egin zituzten. Pieza artistikoak egiten ere lehen urratsak eman zituzten. Gerraren ondotik, Francisco Sangrá katalanaren enpresak bereganatu zuen Cerámicas San Miguel.

Euskal Herriko portzelanaren historian, ezinbestekoa da gai honetan puntakoak izan diren euskal enpresetako batzuk aipatzea.

Portzelana fabrikak Erandion

Sala y Compañía SRC (sozietate erregular kolektiboa) sortu zen 1917ko ekainaren 28an, portzelanazko isolatzaileak fabrikatzeko. 1919ko martxoaren 26an lursail berriak erosi eta urte bereko maiatzaren 17an desegin zen.

1938ko uztailaren 7an Porcelana Industrial SA enpresa sortu zen, eta bere jarduera abian jartzeko aurrekoari lurrak erosi zizkion. Jarduera bera zuen helburu.

1922ko urriaren 21ean Cerámicas del Norte, S.L. enpresak Salas ondoko lurrak erosi zituen. Enpresa hori Ángel de Loinaz y Araluce jaunak (merkataria), haren anaia Jesús jaunak (ingeniaria) eta Emiliano Sala y Trobat jaunak (mekanikoa) osatzen zuten, eta aurrez Porcelanas del Norte SA izena izan zuen. 1923ko urtarrilaren 17an Cerámica del Norte SA izena hartu zuen, eta ondoren Industria Agro Química SA.

1951n FRIMOTORek –motorraren industriako enpresak– hartu zituen lehen aipaturiko enpresen lurrak.

1923an Productos de Loza del Nervión SAk bere enpresarentzako lurrak erosi zituen Axpen. Horrek mahaietarako eta bainugeletarako produktu zeramikoak produzitzen zituen.

1931ko Bizkaiko Industriaren Gidaren arabera, “produktu zeramikoak” fabrikatzen zituzten bi enpresa baino ez zeuden jardunean: Cerámica del Norte SA eta Uriarte Hermanos y Cia.; eta “portzelanak” fabrikatzen zituen bat: Loizaga y Cia. Horiek guztiak Erandion.

Pasaiako Portzelana Fabrika

C. Baignol-ek, Étienne Baignol-en ilobak, sortu zuen 1851n. Limogeseko portzelana-fabrikako kide garrantzitsuenetako bat zen Étienne Baignol.

Pasaian jarri zen fabrika, lehenago jesuitak bizi ziren eraikin batean. Arazo ekonomikoak zirela eta, 1858an sozietate bat osatu zuen Modesto Lusonárizek, Pedro Bollarekin eta Faustino Echevarriarekin. Sozietate hori disolbatu egin zen 1878an, eta enpresaren ondasunak enkantean jarri zituzten. Ramón Llanosek eta Pedro Fussadek erosi zituzten ondasun horiek eta enpresa martxan jarri zuten berriro. Oso kalitate oneko produktuak ekoitzi zituzten.

1894an argitaratutako “La Industria Gipuzcoana” lanean, Nicolás de Bustinduyk “Manufactura de porcelana de Fusada y Comp” esaten dio enpresari eta honako hauek erabiltzen zituztela gehitzen du: “Limogeseko feldespatoa eta kaolina; Villagarciako arragoentzako lur erregogorra; harea erregogorra; eta moldeentzako igeltsua, Bordelekoa. Erregai moduan, harrikatza, eta haritzen zura. Labe on bat, tornuak, mahaiak eta diskoak torneatzaile eta moldeatzaileentzat, eta pastarentzako gordailuak eta terreinak. Labearen sailaz eta gailuen gelez gain, margolarientzako gela berezi bat zuen, bai eta mufla-labe bat ere. Urtean 30 labealdi egiten zituzten, eta 52 langile zituzten”.

1896an, Manuel Cámarak fabrika errentan hartu zuen, eta 1911n instalazio elektrikoetako portzelanazko pieza isolatzaileak egiteko erabili ziren instalaziook.

Bidaniako Portzelanak

1933an, Joan eta Miguel Muñoa anaiek pabilioi bat eraiki zuten Bidania ibaiaren ertzean, Zubia inguruan, loza finezko objektuak egiteko: kikarak, platerak, santuen irudiak... Dionisio Azkue (Dunixi ezizenez) idazle ezaguna jarri zuten pabilioiko arduradun, eta Vicente Muñoa Loinaz langileen arduradun.

10 eta 12 pertsona artean aritzen ziren lanean. Gerra arte ongi funtzionatu zuen, baina gerraren ondorioz, jabeek Frantzian hartu behar izan zuten babesa. Gerraren ondoren, 1950 inguruan, Porcelanas del Bidasoa negozioan sartu zen, eta horren ondorioz, Irungo fabrikatik hainbat pertsona eraman zituzten Bidaniako pabilioira. Une hartatik aurrera, portzelanazko produktuak ekoitzi ziren bertan. 24 pertsonak egiten zuten lan eta kalitate handiko produktuak egiten zituzten. 1953 inguruan, zenbait zailtasunen eraginez, itxi egin behar izan zuten.

Porcelanas del Bidasoa, S.A.

Irungo Ventas auzoan sortu zen enpresa 1935ean. Sortu zenetik bi zeregin egin ziren fabrika hartan. Batetik, portzelana zuria ekoitzi eta saltzen zuten eta, bestetik, apaindutako ornamentazio-piezak saltzen. Fabrika hartan, Conchi Lacaren garaian, 12 “maisu dekoratzaile” izatera heldu ziren, eta maisu haiek Europako hoberenak zirela esaten zen.

Beste produktu mota bat ere ekoizten zuten: ostalaritzarako piezak. Mota horretako piezak ez ziren hain landuak. Egun, jarduera horri eusten diote fabrikan.

Porcelanas del Norte, S.A. (PONSAL)

Iruñan sortu zen 1957an. 252 langile izatera heldu zen, eta portzelana zuria ekoizten zuten, bai dekoraziorako, bai ostalaritzarako. Irabia markarekin izenpetzen zituzten lanak. 2000 urtean itxi egin zuten. Une hartan 187 langile zituen eta COMEPOR zuen izena.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen