Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
HISTORIA
Errege-erreginek hainbat pragmatika onartu zituzten, Gipuzkoan egindako armak kanpora atera ez zitezen.
1576an, Soraluzeko (Gipuzkoako) Errege Arma Fabrika sortu zuten. Izen generikoa zen hura, armak edo arma-atalak egiten zituzten gremioko tailer txiki guztiak hartzen baitzituen barne.
Armagintzan ziharduten 4 gremio nagusiak honako hauek ziren: KAXAGINAK, KANOIGILEAK, TXINPARTAGILEAK edo GILTZAGINAK eta ERREMINTARIAK. Gerora, espezializazioaren ondorioz, ofizio edo zeregin berriei eman zitzaien sarbidea.
· KASEGIÑAK zirelakoak (KAXAGINAK): egurra lantzen zuten, kulatak egiteko.
· KANOIGILEAK: kanoiak egiten zituzten. FORJARIEK barrak forjan prestatzen zituzten.
· BARRENATZAILEEK zuloa egiten zuten barrena izeneko tresnarekin, eta
· KARRAKATZAILEEK akabera ematen zioten limaz baliatuta.
· TXINPARTAGILEEK txinparta edo sua pizteko sistema egiten zuten. Gremio horretakoak ziren MAILUKARIAK ere, mailuaz aritzen baitziren forja-lanetan.
· TRESNAGINEK mekanismo osagarriak prestatzen zituzten, hala nola, baketak, bridak, baionetak eta laguntza-material txikiak.
· ERREMINTARIEK hizpide ditugun ofizioetarako materialak egiten zituzten. Oro har, ofizial bakoitzak bere erremintak egiten zituen, kasuan kasuko premien arabera, baina lanabes batzuk ERREMINTARIEI erosten zizkieten.
Eibarko udaleko 1762ko apirilaren 25eko agiri batean zehazten denez, langile hauek guztiak zituen Soraluzeko Errege Fabrikak:
35 KAXAGIN 9 FORJARI 7 BARRENATZAILE 19 KARRAKATZAILE 13 TXINPARTAGILE 11 MAILUKARI 35 TRESNAGIN 8 ERREMINTA |
Espezializazioa hedatu ondoren, ordea, KAXAGILEEN artean funtzioak bereizten hasi ziren: PIKATZAILEEK kulatako marrak egiten zituzten, eta TXAROLISTEK egurrak bernizatzen zituzten. Denboraren poderioz, lan berriak gehitu zitzaizkien horiei guztiei: ILUNTZAILEAK, DAMASKINARIAK, LEUNTZAILEAK eta GRABATZAILEAK.
Bigarren karlistaldiaren ondoren, arma-lantegiak sortu ziren, adibidez, Soraluzeko Euskalduna eta beste antzeko hainbat Eibarren.
1980an, ORBEA arma-enpresak energia elektrikoa instalatu zuen, eta 1984an GACk.
1914ko irailaren 24an, Armagintza Eskola sortu zen, udalaren ekimenez. Industria-maisutza irakasten da gaur egun.
Ondoz ondoko krisialdien eta, batik bat, 1936-39ko gerra zibilaren osteko armen gaineko kontrol zorrotzaren ondorioz, lantegi horiek guztiek beste produktu batzuk (bizikletak, josteko makinak...) egiten hasi behar izan zuten.
Gure artisauaren aburuz, italiarrak dira grabatzailerik onenak. Gaiari buruzko makina bat liburu italiar erakutsi dizkit, eta esan didanez, haiengandik ikasteko erabiltzen ditu.
Garai batean Eibarren ziren 200 edo 300 grabatzaileetatik, kalitatezko 20 baino ez dira gaur egun geratzen.
Vicente Alberdiren hitzetan, desagertzear dago grabatzailearen lanbidea. Izan ere, adinduak dira egungo grabatzaile guztiak, eta ez dago lekukoa hartuko dien belaunaldi berririk, ezta grabatzaile-eskolarik ere.
Europan ere beste horrenbeste gertatzen da. Desagertu egin dira Ingalaterrako grabatzaile finak; Alemanian eta Italian bakarrik geratzen dira bakanen batzuk.
Bestalde, antzina bitxigintzarako lan ugari egiten ziren; gaur, ostera, pantografoz egiten da dena.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria