Ingurumena

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Armañon

Azalera: Parke Naturalak 2.971 ha eta Zona Periferiko Babestuak 548 ha
Kokapena: Bizkaiko ipar-mendebaldean

Euskal Herrian den eskualderik landatarrenetako batean kokatuta dago Armañon Parke Naturala. Hala, baserri-jarduerak dira bertako paisaian gehien eragiten dutenak, abeltzaintzak bereziki. Dena den, edertasun handiko balioak ditu paisaia honek, kareharriaren litologiari esker: harkaitzak, lapiazak, dolinak, arrailak.

Balio arkeologiko et espeleologiko handiko haitzuloz beterik dago lur-azpia. Horien artean nabarmenetakoak Pozalagua haitzuloa (oso estalaktita bereziak ditu) eta Torca del Carlista (ezagutzen den haitzulorik handienetakoa: 500 m-ko luzera eta 125 m-ko altuera).

Gaur egun oraindik kontserbatzen diren basoen artean azpimarragarrienak eguteretako artadiak eta laiotzetako pagadiak dira. Baina, lehenago esan dugun moduan, zuhaixkez eta belarraz osatutako formazioak dira mendi hauetako ezaugarri nagusienak.

Lurralde honek Kantabriako baso-guneekin lotura estua duenez, faunaren aberastasuna handia da. Zentzu horretan, interes handiko eremutzat jo dezakegu. Erbinude zuria eta elur-sagua bertan soilik topa ditzakegu Euskadi osoan.

Populazioa eta erabilera

Raneroko nukleoa salbu, ez dago bizigunerik eremuaren barruan. Bertako bi udalerrietako biztanleen kopurua txikia da: 3.144 biztanle Karrantzan eta 534 Turtziozen. Jabegoa publikoa da gehienean.

Ranero - Jorrios mendien inguruko baliabideen ustiaketa nagusia primarioa da, abeltzaintzakoa nagusiki.

Abeltzaintzaren hedapen handiranzko gradiente altitudinal positiboa adierazgarria da. Abeltzaintza hori hiru taldetan bana daiteke: esnetarako behi-aziendak ustiaketen inguruko larreetan, kontzesioetan (partikularrek mendiko lur publikoak abeltzaintzarako edo basozaintzarako okupatzea) eta larre garaietan (berauetan ardiek, zaldiek eta haragitarako behiek bazkatzen dute). Bestalde, abeltzaintzak duen garrantzi ekonomikoari dagokionez, gradiente altitudinala negatiboa da.

Argazkia: Maider Sillero

Argazkia: Maider Sillero.

Eremu honetako basogintza-erabilera gehiena Erabilera Publikoko mendietan ematen da. Mendiotan hazkunde azkarreko nahiz hazkunde geldoko masak daude aldi berean. Lehenengoen artean adierazgarrienak insignis pinua eta eukaliptoa dira, 600 m-tik beherako altueretan hedadura handiak hartu baitituzte. Hazkunde geldoko masak zuhaitz hostotsuak dira gehienetan, pago eta haritzak orokorrean.

Ranero - Jorrios eremuan ehizak garrantzia handia du. Hauek dira ehizarako espezie preziatuenak: basurdea, oilagorra (pinudi eta hariztietan bereziki), pagausoak eta birigarroak (Armañon inguruko mendi-lepoetan), orkatza (zelatan eta uxaldian) eta erbia.

Bestalde, turismorako eta aisialdirako erakargarritasun handiko zona da, bere kokapen geografikoaren ondorioz oraindik ere jende gutxik ezagutzen badu ere. Zonaldeko erliebea muinoek eta neurrizko maldak osatzen dute erdiko aldean. Ertzetan Ranero, Armañon, Jorrios, Betayo (iparraldean) eta Ordunte (hegoaldean) mendiek mugatzen dute. Horrela, jarduera linealak burutzeko eskualde aproposa da: mendi-ibiliak, mendizaletasuna, etab. eta lantzean behin picnicak, eskalada, parapentea, etab.

Ondare historiko-kulturala

Ikertutako eskualdea estrategikoa izan zen paleolitikoko eta eneolitikoko gizakientzat. Horren lekuko da haitzuloetatik irteten hasi zirenean utzi zituzten arrastoen multzo handia. Erliebe zakarra eta haitzarteak oso aproposak dira ehizarako. Itsasoaren hurbiltasuna eta ur-ibilera ugariak ere oso garrantzizkoak izan ziren paleolitoan bertan bizi izan zirenentzat. Ezaugarri horiek guztiak komunak dira Kantauriko Mendietan. Ikertutako eremuan, gainera, egitura karstiko asko dago. Horrela, historiaurreko gizakiarentzat bizileku aproposa zen, eta aztarna-multzo handia lekuko da: grabatuak, ehorzketak, monumentu megalitikoak... Horien guztien artean adierazgarrienak: La Perra Bentako grabatuak, Surbias eta Armañongo larreetako harrespilak, tumuluak eta dolmenak. Baita Carcelares gainetakoak ere.

Zona hau, gainera, oso aberatsa da ondare historikoan, nahiz zibil edo erlijiosoan: dorretxeak, baselizak eta elizak, etab. Industri arkeologian ere ondare handikoa da, kasu batzutan dagoeneko desagertu badira ere: errotak eta burdinolak, etab.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media