Andrea ETXANIZ
1813. urteko gertakari lazgarriak gogoratzen ditugu aurten. Jada bi mende pasa dira gure hiria suntsitu zutenetik. Modu batera zein bestera, denok entzun ditugu abuztuaren 31ko hartan Donostian eman ziren gertakarien inguruko aipuak, gutxi batzuek ordea erreparatzen diote hori guztia bizi izan zutenen inguruko bizipenei, Donostiarroi.
Lehenik, Donostiaren errekuntzaren zergatiak ulertzeko, XVIII. mendearen amaiera eta XIX. mendearen hasieran kokatu beharko ginateke, aurreko mendeetan zehar indarrean egondako erregimen absolutistatik, erregimen liberal burges baterako trantsizioan hain zuzen ere.
Egitura feudala eta estamentuetan oinarritutako gizarteak ziren Erregimen Zaharraren oinarri, pribilegioak ziren gizarte maila batean zein bestean kokarazten zituzten irizpideak. Gauzak ordea aldatuz joan ziren. Frantziako Iraultzan hasitako aldaketa politikoek Europan eragina izaten hasi ziren eta monarkia absolutistek gerra deklaratu zioten sortu berria zen Frantziar Errepublikari. Euskal Herrian ere aldaketa hauek nabaritu ziren, beti ere desberdintasun batzuekin:
Europan eta Espainiako erreinuan ez bezala, euskal lurraldeetako biztanleak kapareak ziren. Izatez, berdintasunean oinarritutako gizartea izatera bideraturik egongo zen. Funtsean ordea, maila ekonomiko desberdinak zituzten herritarrak batzen zituen. Horren adibide litzateke existitzen zen morrontza.
Gipuzkoak, Arabak, Bizkaiak eta Nafarroako Erresumak erregimen forala deituriko sistema politikoa zuten. Foruek koroarekin zituzten hala moduzko paktuak ziren, Austriarren dinastiatik hasi eta Borboidarren dinastia arte iraungo zutenak. Foruek euskal lurraldeei autogobernurako aukera handia ematen zien, ez ziren independenteak baina beraien erabakiak hartzeko eskumen handia zuten. Moneta kenduta, lurralde bakoitzak bere eskumen instituzionalak zituen.
Sistema foral hura, “erregimen oligarkiko” bezala definitu genezake. Funtsean sisteman herritarren parte hartze esanguratsua bazegoen ere; kontzeju, Batzar Nagusi eta Diputazioak “handikien” eskuetan egon ohi ziren. Herri bakoitzak biztanleria kopuruaren araberako bozkak zituen arren, oligarkek probintzia osora beraien mesederako onuragarriak ziren erabakiak inposatzen zituzten.
Honek guztiak hamaika liskar sortu zituen XVIII. mendean zehar hiri eta herri nagusien artean. Gehienetan liskar hauek kostaldeko eta barnealdeko herrien artean izaten ziren. Honen adibide litzateke Konbentzio Gerraren harira Napoleonen tropak Gipuzkoan sartu eta 1793. urtean Donostia okupatu zutenean, kostalde nahiz barnealdeko herri eta hiriek edukitako erantzuna. Nabarmentzekoa da okupazio hartan ez zela armen bidezko indarra erabili beharrik izan.
Getaria (Gipuzkoa) XIX. mende hasieran.
Frantziar armadaren presentzia zela eta kostaldeko herriak Getariako Batzarrean bildu ziren, bertan okupatzaileek helarazten zituzten ideia ilustratuez baliatuz negoziazio prozesuak burutu ahal izateko. Hala nola, bertan, Gipuzkoa Frantziar Inperioko “Errepublika Independente” aldarrikatu zen. Aldarrikapen hori ordea ezerezean gelditu zen, Frantziar Inperioak jaramonik egin ez baitzion. Ordainetan Gipuzkoarrek eta bereziki Donostiarrek ondorio lazgarriak jasoko zituzten ordea, 1794ko abuztuan Getariako Batzarrean hartutako erabakiengatik. Bien bitartean, kostaldeko herriek beraien aldarrikapenak egiten zihardutela, Gipuzkoa barnealdeko herriak Arrasateko Batzarrean bildu eta Espainiako Koroaren babespean egotea hautatu zuten.
Gipuzkoako lurraldea bi koroen arteko gunea zen, Frantziar eta Espainiarrarena, hortaz, interes geoestrategiko, logistiko eta ekonomiko handia zuen. Jada azken errege austriarra izango zen Karlos II.aren inguruan Europako monarkiek egindako paktu ezkutuetan, Frantziak Gipuzkoarekin geratzeko nahia erakusten zuen, bereziki Donostia eta Pasaiako portuekin. Izan ere, kokapen estrategiko izugarria zuen hiriak, bi koroen arteko pasabidea izateaz gain, kostaldeko hiria izanik, itsasorekin loturiko merkataritza indartsua baitzuen. Bertan kokatu beharko genuke Caracaseko Errege Konpainia, zeinak kolonietako kakao edo tabakoa bezalako produktuetan monopolioa zuen. Hiria asko aberastu zuen XVIII. mendearen erdialde arte. Hau dela eta, Donostiak interes handia pizten zuen momentu hartako inperioen artean.
XVIII. mendearen amaiera eta XIX. mendearen hasieran, Donostia hiri euskalduna zela esan genezake, biztanleriaren %90ak euskara baitzekien, guzti hauen artean gehiengoa elebakarra zelarik. Euskara izango zen hortaz merkataritzan gehien erabiliko zen hizkuntza eta horrelaxe jardungo zuten hirian aurki zitezkeen merkatari desberdinak ere. Aipatutako mende hauetan aldaketa politikoak emateaz gain, arlo ekonomikoan ere aldakuntzak jazo ziren, itsas merkataritzak eta bereziki Donostiako salerosleek krisi garaia bizi izan zuten eta. Aurreko mendeetan zehar hainbeste onura eta etekin eman zizkion itsas merkataritza hura behea jotzen hasia zen, Venezuelarekin edukitako monopolioaren inguruko salerosketek hainbat traba izaten hasi baitziren. Hala nola, 1778an koloniekin merkataritza askean aritzeko gaitasun hark diru galera handia suposatu zion Caracaseko Konpainiari. Honi momentuko gerren eragina gehitu beharko genieke eta honen guztiaren ondorioz, 1785ean konpainiak ordu arte edukitako monopolioaren boterea galdu egin zuen. Horrek hiriko merkataritzari kalte handiak eragin zizkion.
Maiz merkatari paper hauetan gizonezkoak irudikatzen ditugu soilik, jakina da goi kargu hauek gizonezkoek bete ohi zituztela. Dena den, Donostian baziren merkataritzan baino salerosketan ibiltzen ziren emakumeak ere. Sarritan emakume hauek beraien postuen jabe izaten ziren, eta burutzen zituzten ekintzen artean bakailaoaren salmenta nabarmendu genezake.
Emakumezkoak izaten ziren ere hiriko etxe nagusietan neskame moduan lan egiten zutenak. Azken hauen papera bereziki azpimarragarria litzateke, hauek izan baitziren herritar xumeekin batera hiriko setio eta ondorengo sarraskiak pairatu zituztenak. Etxeetako familiek, gerraren bilakaera ikusirik hiritik at zituzten ondasunetara alde egin edota familiartekoen etxeetan ostatu hartzeko aukera izan zuten bitartean, hirian, beraien neskameak etxearen ardurapean geratu ziren, askoren zorigaitza ekarriaz.
Hauek izan ziren tropa frantses zein aliatuen ankerkeri eta bortizkeriak bizi izan zituztenak eta gutxi batzuek kontatu ahal izan zutenak. Gutxi hauetako batzuen bizipenak 79 testigantza krudeletan irakur ditzakegu. Beraiek izan ziren egoera lazgarri eta krudel horren aurrean adorea erakutsi eta hiria berreraikitzeko indarra atera zutenak, nahiz eta hiriarekiko erasoan askok zuten gutxia galdu zuten. Aldaketa politiko eta ekonomiko handien unea izan zen 1813koa. Donostian bizitakoa momentu hartako krisi eta inperio handien norgehiagokaren botere erakustaldiaren ondorio lazgarria izan zela ezin dugu ahaztu ordea.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria