Emakumeen erresistentzia lerroartetik

DONOSTIAKO BILGUNE FEMINISTA

Lagundu

Zer dakigu 1813an Donostian bizi ziren emakumeei buruz? Nola bizi izan zuten aliatuen erasoaldi bortitza? Nola egin zioten aurre? Nolakoa izan zen emakumeen parte hartzea, bereziko, Donostia berreraikitzeko prozesuan?

Donostiako Bilgune Feministak 1813ko sarraskiaren inguruan gure hausnarketa eta ekarpena egin ahal izateko, hainbat iturburu baliatu ahal izan ditugu, hala nola, jasota geratu ziren 79 herritarren testigantzak, zenbait ikerlarik herritarrei buruz jasotako informazioa, eta baita nazioarteko beste gatazka batzuei buruz genero ikuspegitik egin diren zenbait ikerketa ere, emakumeen parte hartzea eta bizipenak kontuan hartzen dituztenak. Tamalez, emakumeen inguruko informazioa urria dela ohartu ginen, ikerketak gizonen narrazioak kontuan hartuta eta begirada androzentriko batetik egin direlako, hala, emakumeak ikusezin bihurtuz eta historiatik kanpo utziz.

Argazkia: Donostiako Udala

1813an herritarrak eta bereziki emakumeak nola bizi ziren jakitea oso zaila da, aipatutako informazio eskasiagatik.
Argazkia: Donostiako Udala

Azken urteotan, emakumeen kolektiboek eta mugimendu feministak egindako presioari esker, geroz eta gehiago hartzen dira aintzat emakumeak subjektu bezala gatazka testuinguruetan. Horri esker, informazio gehiago dugu eta hobeto uler dezakegu zergatik eta nola ematen diren generoen araberako ezberdintasun eta bereizkeriak. Nabarmenago atzematen ditugu generoen arteko rolak, indarkeria jasateko forma ezberdinak, maila ezberdinetan gizonek eta emakumeek duten parte hartzea (erabakiguneetan emakumeak ez egotea, euren behar eta interesak kontuan ez izatea...). Datuek analisirako markoa eskaintzen digute.

Horregatik, garrantzitsua da Donostian 1813ko abuztuan osotasunean zer gertatu zen jakiteko, genero aldagaia kontuan hartzea. Bai genero aldagaia, baita, besteak beste, klasearena ere. Donostiak bizi izan zuen sarraski bortitzena herritar guztiek pairatu bazuten ere, errealitatea ez distortsionatzeko eta benetan gertatu zen hartara hurbiltzeko, beharrezkoa da narrazio bakarra ez egotea, eta ezinbestekoa, orain arte estalita egon diren istorio eta ahotsak ikustaraztea.

1813an herritarrak eta bereziki emakumeak nola bizi ziren jakitea oso zaila da, aipatutako informazio eskasiagatik, baina bildu ziren 79 testigantzetako informazioari (bortxaketak, soldaduak etxeetan sartzen zireneko lekukotasunak...) eta ikerlarien lanari esker jakin izan dugu, garai hartan emakumeek nagusiki egiten zituzten lanak tradizioz emakumeen generoari lotutakoak zirela: otorduak prestatzea, garbiketa lanak, plantxatzea, zaintza lanak, heziketa lanak, ostalaritza, eta beste. Bestalde, jakina da baita ere, Espainiar aliatuen tropak hirian sartu zirenean, baita sartu aurretik ere, jauntxoek, aberatsek eta euren familiek hiritik ihes egin zutela (edo ihes egin ahal izan zutela behintzat). Harresi barruko Donostian klase xehea bakarrik geratu zen, ihes egiteko aukerarik ez zutenak: langileak, neskameak... Neskame asko eta asko Goierritarrak zirela jakin izan da. Datu horiekin argi ikusten da klase eta generoen araberako ezberdintasunak nabarmenak zirela eta, ondorioz, sarraskiaren inpaktua ere oso modu ezberdinean bizi izan zutela estatus ezberdinetako gizon-emakumeek.

Sutearen aurretik Donostia hiri aberatsa bazen ere, sutearen ostean, ordea, pobrezia nagusitu zen soldaduen ustiaketen eta sutearen triskantzaren ondorioz. Sarraski bortitza izan zen eta, oro har, herritar guztiek jasan zituzten senide eta lagunen galerak, etxe galtzeak, zauri larriak, torturak, izurritea, beldurra eta erailketak. Guztiek pairatu eta bizi izan zuten sarraskiaren gordintasuna eta gogortasuna, imajina ezinezko amets gaiztoa. Eta hori gutxi balitz, bizirik iraun zuten Donostiarren esku oso baliabide eta elikagai gutxi geratu eta bideratu ziren. Apenas iraun zuen zutik eraikinik bertan bizi ahal izateko. Esaterako, Trinitate sarreran kartzela zegoen eta bertan hartu zuten ostatu biziraun zutenetako 300 bat lagunek. Emakumeak eta haurrak ziren horietako asko, eta jakin ahal izan denez, bertan bizitzeaz gain, zenbait emakume irakasle aritu ziren kartzelako ziegak ikasgela bihurtu eta haurrak alfabetatu eta hezi asmoz.

Testigantzetan eta ikerlarien hitzetan behin eta berriz aipatua da, Donostian 1813ko abuztuan asko izan zirela bortxatutako emakumeak, gehienak herritik alde egin ezin izan zuten langileak eta neskameak, baina azaleko irakurketan geratzea litzateke beroriek kasualitateari egoztea. Gai honek azterketa sakonagoa behar du ezinbestean, berdin 1813an, berdin 200 urte geroago. Erasotutako eta bortxatutako emakumeei dagokienean, erantzun gabeko galdera andana sortzen da: Zergatik izan ziren emakumeak bortxatuak? Zenbat bortxaketa izan ziren sarraskiak iraun bitartean? Zeintzuk izan ziren emakumeek erasoekiko eratutako defentsa estrategiak? Laguntzarik edota babesik jaso al zuten? Haurdun geratu zirenek zer egin zuten umeekin? Ostera informazio urritasunarekin egiten dugu topo.

Ikerketen arabera, emakumeen aurkako indarkeria, oro har, gerra egoera guztietan ematen da, era espezifiko eta bortitzean, gainera. Bortxaketek gerra egoeratan izaera antolatua eta sistematikoa duten estrategia militarrak dira; tortura metodo bat; herri bat menpean hartzeko arma krudela. Segurtasunari buruzko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1325 Ebazpenean (2000) aitortzen da emakumeek gatazka egoeratan indarkeria espezifikoa jasaten dutela. Ondorioz, praktika horiek guztiz debekatuak daude, berez, nahiz jakina den egungo gatazka armatuetan ere emakumeek jazarpen sexuala jasaten dutela.

Argazkia: Donostiako Udala

Ikerketen arabera, emakumeen aurkako indarkeria, oro har, gerra egoera guztietan ematen da, era espezifiko eta bortitzean, gainera.
Argazkia: Donostiako Udala

Donostian bildutako testigantzei dagokienez, esanguratsua da erasotuak izan ziren hainbat donostiarren izen-abizenak aipatzen zirela, aldiz, bortxaketak zirenean ez zela emakumeen izenik ematen. Zergatik? Gure ustez, estigma soziala ekiditeko estali egiten zirelako. Gatazka egoeretako bortxaketek eta haien ondorioek trauma psikologiko eta fisiko oso latzak dakarzkie emakume askori. Alde batetik, haurdunaldiak, abortuak, gaixotasunak eta heriotza daude. Baina baita estigma soziala eta erruduntasun sentimenduak ere. Ez dakigu XIX. mendean bortxatu zituztenak mediku arretarik jaso zuten, edota beharrezko laguntza emateko erantzun antolaturik egon al zen. Badakigu, ordea, gatazka egoeretan bortxaketak eta indarkeria sexista ez direla salatu ohi, emakumeek hitz egiteko beldurra izaten dutelako, bortxatua izateak suposatzen duen zama eta estigma sozial latza tarteko. Estigma soziala emakume bortxatuek bizi artean jasan behar duten zama soziala da, zeinaren ondorioz, baztertuak izateko beldurragatik-edo, gertatua ezkutatu behar izaten duten bizimodu ahalik eta arruntena eraman ahal izateko, ezkondu ahal izateko, familiaren ohorea ez galtzeko edota bizi osorako biktimatzat hartua ez izateko, besteak beste. Askotan, gainera, ingurukoek ez dute behar besteko babesik ematen estigma soziala gainditu ahal izateko. Horrek guztiak argitzen du zergatik ez dagoen 1813ko donostiarren testigantzen artean lehenengo pertsonan bortxatuak izan zirela aitortzen duten emakumeen lekukotzarik.

Errekonozimenduari dagokionez, oso bestelakoa da gizonei eta emakumeei ematen zaien sufrimenduaren aitortza. Gizonentzat gerra zauriek nolabaiteko estatusa eta prestigioa suposatzen duten bitartean, emakumeak biktimatzat jotzen dira bizitza osorako. Emakume bortxatu gaixoa, esan ohi da halakoetan. Gatazken egoera latzei guztiek egin behar diete aurre, baina batzuei ematen zaien indarra eta besteei jarritako zama ez dira inolaz ere berberak. Aitortu gabeak izanagatik, bortxaketak ere gerra eta gatazka armatuetako zauriak dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da emakumeen aurkako indarkeria ikusarazi eta zigortzea. Soldadu, militar edota polizia batek emakume bat bortxatzea ez da bortizkeria ekintza pribatua. Estatua da horren arduradun eta berari dagokio indarkeria ikusarazi eta zigortzea, edo bestela, Nazioarteko Tribunalei. Ezinbestekoa da biktimek behar duten arreta jasotzea, eta bermatzea ez dela berriz erasorik izango. Hain zuzen, neurririk ez hartzeak, hots, aldaketarako borondate politikoaren faltak, sistema patriarkala bere horretan mantentzea dakar. Instituzioei eta herriari dagokie bortxatuak diren emakumeak ez biktimizatzeko eta estigma soziala deuseztatzeko tabua apurtzea eta beharrezko bitartekoak baliatzea. Emakumeei babesa eta merezitako aitortza sozial eta politikoa ematen zaiela bermatu behar da, emakumeak subjektu aktibotzat hartuz eta ez biktimatzat.

Egun, 1813ko genozidioarekin lotutako eguna donostiar askok ospakizun bezala bizi badute ere, ezinbestekoa da abuztu hartan Donostian izan ziren giza eskubideen urraketa larriak ikusaraztea eta ezkutatuak izan ziren kontakizunak azalaraztea. Horretarako, nahitaezkoa da gertakizun larri guzti haiek ikertzea, argitara ateratzea eta donostiar guztiok egia historikoaren jabe egin eta oroimen kolektiboa eraikitzen joatea. Gertaturikoari entzungor egin baino, gertatutako guztiaren aitortza sozial eta politikoa exijitzeko garaia da. Gertaera haiek inongo irakurketarik egin gabe ospatzea eta era faltsu batean eszenifikatzea krudela bezain onartezina da. Donostiarrok egia jakin nahi dugu eta egia zor zaigu.

Azkenik eta amaitzeko, gure aitortza osoa 1813ko abuztuaren 31n Donostian soldaduen sarraski eta bortxa jasan behar izan zuten herritarrei, eta bereziki emakumeei, erail zituztenei eta herria berreraikitzen jardun zirenei, egoera latzenei aurre egin zietelako, eta euren lan eta esfortzurik gabe, herriaren berreraikitze hori ez baitzen posible izango.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia