Ezbeharraren aztarnen atzetik: Donostiaren setioa, suntsiketa eta berreraiketaren eskenatokiak

Alvaro ARAGÓN RUANO

Lagundu

Napoleondar gerrak eta “Peninsular War”

Donostiako arpilatzearen gertakaria Napoleonen gudan kokatu behar da bai edo bai ondo ulertzeko. Frantziako Iraultza 1789an hasi zen, baina Naopleonek ez zuen boterea eskuratuko 1799ra arte. Hiru urte beranduago, 1802an bizi osorako Kontsula izatea lortu zuen eta 1804an Frantziako Enperadore aukeratu zuen bere burua. Hemendik aurrera hedakuntza militarra jarri zuen abian. 1805ean Trafalgarreko porrota jaso arren, Austerlitzen austriarrak garaitu zituen, 1806an Jenan prusiarrak eta 1807an Tilsiteko hitzarmena sinatu zuen Errusiako Alejandro I.rekin. Hori horrela eta ikusita bere arerio ia bakarra Britain Handia zela, bere aliatua zen Portugal konkistatzeko aitzakiarekin 1808an Espainian sartu zen. Hasiera batean konkista oso erraza izan zen eta ia penintsula osoa hartu zuen, baina laster britainiarrek eta espainolek kontraerasoa antolatuko zuten. Gauzak primeran zihoazela ikusita, Napoleonen harrokeriak 1812an Errusia konkistatzen saiatzera bultzatu zuen. Baileneko eta Errusiako porrotek eragin zuten Frantziako Lehen Inperioaren gainbehera. 1814an aliatuak Parisen sartu ziren eta azkenean Napoleon Elba uhartean kartzelaratu zuten. Halere, bueltatu zen bere indarra berreskuratu nahian, baina Waterloo-ko porrota jaso zuen 1815ko ekainaren 18an. Santa Elenako uhartera eraman eta bertan hil zen.

1808-1814 bitarteko gerra ez zen “Independentziaren gerra” izan, kontzeptu hori XIX. eta XX. mendeetan zehar asmatu zen. Ingalaterran eta Frantzian “Espainiako” edo “Penintsulako gerra” deitu zioten. “Independentzia gerra” kontzeptua XIX. mendeko 20. eta 30. hamarkadetan sortu zen, Amerikako kolonien burujabetasun aldeko mugimenduaren garaian, eta 50. eta 60. hamarkadetan orokortu.

1812 arte ingelesek babes-gerra praktikatu zuten, baina Arapileseko gudutik aurrera eraso-gerra bihurtu zen. Napoleonek Errusiaren aurka egin beharreko gerra zela-eta Espainiatik 100.000 gizon atera zituen. Hori aprobetxatuta ingelesek erasoaldi orokor bat antolatu zuten. 1812ko urtarrilaren 19an Ciudad Rodrigo hartu zuten aliatuek. Martxoaren 16an Badajozeko setioa hasi eta apirilerako burutua zuten 70 mila soldaduko ejertzito batekin. Maiatzean distrakzio maniobrak hasi ziren: Katalunian lehorreratzea; Andaluzian zegoen Soult-en gudarosteen aurkako eraso zentrokidea; aurrerapausoak Kantauriko frentetik, itsas-armada lagunduta, Bizkaian lehorreratuko zena Longa eta Porlierrek zuzendutako gerrillak laguntzearren; Galiziako ejertzitoak Astorga erasotu behar zuen. Baina benetako ofentsiba ekainaren 13an hasi zen. 1812ko uztailaren 22an Arapileseko guda gertatu zen. Garaipenari esker Madrileko bidea aske geratu zen, frantsesak Andaluzia ebakuatzera bultzatuz eta hiru ejertzitoak Valentzian batzera behartuz. Ia urte bat mugimendurik gabe, azkenean azken erasoa hasi zen. 1813ko ekainaren 21ean Gasteiz erasotu zuten aliatuek. 1813ko ekainaren 24an Ordizian ziren eta 25ean Tolosa erasotu zuten. Zenbait ordu iraun arren, ingelesek artilleria zekartela ikusirik Foy jenerala Tolosa utzi eta Andoain eta Hernani aldera egin zuen, non 16.000 soldadu frantses zeuden. Iruñea eta Donostia bakarrik geratzen ziren. Soult saiatu zen kontraerasotzen Donibane Lohizunen batutako gudarosteekin, Nafarroatik sarturik, baina indar espainiarrek eta ingelesek geldiarazi zuten, eta Igantzi eta Etxalarretik bueltatu ziren Frantziara. Azken saiakera bat egin zuten Irundik, baina San Martzialeko gudua geldiarazi zituzten abuztuaren 31ean; bertan Asturiaseko boluntarioak, Kantauriar tiratzaileak, La Korona, Leon eta Guadalajara errejimenduak eta Gipuzkoako tertzioak, Mendizabalen agindupean, hartu zuten parte. Aldi berean Oiartzun eta Bera arteko bidean borrokatu zen. Ingelesek eta Longaren espainolek azkeneko frantsesak bota zituzten. Girón bere aldetik Etxalar eta Amaiurren zegoen muga zaintzen.

Argazkia: Donostiako Udala

Ekainaren 28an Mendizabal Donostiara ailegatu zen 7.000-8.000 soldaduekin, Tolosako guduaren ondoren.
Argazkia: Donostiako Udala

Donostiaren setioa

Donostiako setioari helduko diogu hemendik aurrera. Ekainaren 28an Mendizabal Donostiara ailegatu zen 7.000-8.000 soldaduekin, Tolosako guduaren ondoren. Frantsesek San Martin eta Santa Katalinako auzoak erre zituzten aliatuen aurre egitea ekidin ahal izateko. Rey jeneral frantsesak 3.500 soldadu zituen eta Foy jeneralak Tolosatik beste 700 soldadu ekarri zituen. San Bartolomeko komentuan beste 3.000 frantses eta 77 kanoi zeuden, Santa Katalinan 40 gizon eta Santa Klarako uhartean 25. Ekainaren 29an Mendizabal San Bartolome eskuratzen saiatu zen, baina ez zuen artilleriarik eta bere soldaduak —Tertzio gipuzkoarrak— gaizki hornituak zeuden. Uztailaren 3an ingeles itsas armada ailegatu zen Donostiara itsas blokeoa hasteko. Uztailaren 9-10ean Graham Donostiara ailegatu zen 10.000 soldaduekin: Oswalden menpe zegoen Bosgarren Dibisio ingelesa eta Bradforden eta Wilsonen aginpean zeuden portugaldar dibisioak. Uztailaren 11n Wellington ailegatu zen Hernanitik eta 1719an Berwick erabilitako estrategia bera erabiltzea erabaki zuen: ekialdeko harresitik erasotzea planteatu zuen, Txofreko dunetan artilleria jarriz. San Bartolome eskuratzea agindu zuen eta uztailaren 17an portugesek hartu zuten eta baita Hornabeke eta San Martin auzoaren arteko Rondeau-a (gotorleku borobila). Ingelesek Ulian, Txofren eta San Bartolomen jarritako kanoi-bateriek bonbak eta granadak hasi ziren botatzen.

Uztailaren 14an Wellingtonek Lesakako bidea hartu zuen Pirinioetako ejertzitoa zuzentzeko. Uztailaren 16an San Bartolome erre eta San Martingo gudua gertatu zen. Uztailaren 21ean Graham-ek Rey frantsesari gotorlekua errenditzea eskatu zion, baina honek muzin egin zion. Uztailaren 22an Amezketako eta Hornos-eko kuboetan 50 metroko pitzadura ireki zen. Egun bat beranduago, uztailaren 23an, pitzadura handitu egin zen eta 10 metroko beste bat ireki zen, Hornos eta San Telmoko baluartearen artean. Wellingtonek, Soult-en nahiak ezagutu ondoren, setioa blokeo bihurtu zuen eta erasoa agindu ere.

Lehen eraso hori uztailaren 25ean gertatu zen, eta porrotaren ondorioz 100 hildako, 400 zauritu gertatu ziren eta 189 britainiar eta portugaldar soldaduak atxilotu zituzten frantsesek. Irekitako pitzaduretatik sartzen saiatu ziren, baina frantsesek ondo hornituak geldiarazi zituzten. Hurrengo hiru asteetan bonbardaketak jarraitu zuten. Abuztuaren 15ean Napoleon Emperadorearen omenezko ospakizunak egin ziren, bonbardaketak jarraitu arren. Abuztuaren 26an Hornos eta Amezketako kuboak suntsitu ziren eta bien arteko harresia. Soult Donibane-Garaziko bidea hartu zuen eta Wellington Donostiara bueltatu zen. Abuztuaren 27tik 30era etengabeko bonbardaketa gertatu zen. Abuztuaren 29an MacAdam-ek gezurrezko erasoa egin zuen 9. Errejimenduko 19 eskoziarrekin. Wellingtonek pitzadurak behatu zituen eta azken erasoa abuztuaren 31ean goizeko 11etan, marea berarekin, egitea erabaki zuen. Wellingtonek Leith jenerala jarri zuen erasoaren buruan, Robinson, Hay eta Spry-ren 5. Dibisioko eta Bradforden portugaldar ehiztarien 5. Batailoiko 3.000 soldaduekin. Hondarratik, ordurako lehorra, Robinsonek erasotu zuen marea bera aprobetxatuz. Gauzak okerrera egin zuten batik bat San Juan baluartean zeudenentzat. Baina bat batean, gauzak inoiz baino zailago zeudenean, frantsesek pitzaduraren azpian zuten bonbaz eta granadaz beteriko bolborategia eztanda egin zuen. Erasoari esker, barnean sartu ziren ingelesak eta 600-700 frantses atxilotu zituzten.

Abuztuaren 31ko arratsaldean ingelesek eta portugesek Hiria hartu zuten. Arpilatzeak 7 egun iraun zuen eta bertan soldadu erasotzaileek, Astigarragatik etorritako errefortzuek eta Pasaian zegoen itsas-armadako marinelek hartu zuten parte. Sutea Kale Nagusiko Soto etxean hasi zen; Kale Nagusiko merkatarien etxe guztiei eman zieten sua, baita udaletxeari ere. Honekin batera arpilatzea, lapurreta eta bortxaketak hasi ziren etxez etxe. Donostian zeuden 600 etxeetatik bakarrik 36 geratu ziren, Trinidade kalekoak, non ingeles buruzagiak zeuden. Santa Maria eta San Bizente elizak ere salbatu egin ziren, ospitaleak, kuartelak eta alojamenduak baitziren. Horien artean ere Antonio Tastet merkatariaren etxea salbatu zen —agian Londoneko Fermin Tastet bankariaren anaia zelako—. 1813ko irailaren 1ean bertako biztanleei uzten zaie ateratzen. Irailaren 3an Motako gazteluan zegoen Rey jeneralari amore ematea eskatu zioten, baina Irailaren 8ra arte, noiz frantsesak muniziorik gabe geratu ziren, ez zen errendizioa burutu. Irailaren 8an bertan Zubietan elkartu ziren setioa gertatu baino lehen Donostiatik alde egin zuten jauntxoak eta kontzejuko partaideak eta bertan hartu zuten hiria berreraikitzeko erabakia.

Setioak honako datuak utzi zituen: 3.000 soldadu hildako frantsesen artean; 2.462 soldadu eta 161 ofizial hildako ingelesen artean; 600 etxe suntsituak; belloizko 102 milioi errealeko kalte materialak; 1.500 biktima donostiarren artean, 300 arpilatzearen eta ingeles eta portugaldar soldaduen gehiegikerien ondorioz eta 1.200 geroago gertaturiko izurritearen ondorioz.

Argazkia: Donostiako Udala

Abuztuaren 31ko arratsaldean ingelesek eta portugesek hiria hartu zuten.
Argazkia: Donostiako Udala

Arpilatzearen eta suntsiketaren zergatiak

Bukatzeko, geure buruei galdetu behar diegu zergatik gertatu zen horrelako gehiegikeria. Donostiako setioa gerraren setiorik luzeena izan zen, 63 egun iraun baitzuen, eta baita gogorrena, bonbardaketek etenik gabe iraun baitzuten ia uztailaren hasieratik. Hortaz, esan dezakegu soldadu erasotzaileak setioarekin bukatzeko deseatzen zeudela. Ez dugu ahantzi behar horrelako gehiegikeriak eta arpilatzeak ez zirela berriak, penintsulako beste lekuetan ere gertatu ziren, soldadu ingelesak, portugesak eta espainolak protagonista izanik: Manresa, Reus, A Coruña, Leon eta Galiziako lurrak, Benavente, Ciudad Rodrigo, Badajoz, Gasteiz eta Donostia. Aldiz, Madrilen, Toledon, Sevillan, Salamancan britainiarrei harrera hona egin zitzaien. Kadiz eta Palentzian harrera hotzagoa izan zen.

Zenbait kasutan suntsiketak egon ziren: Madrilen Casa China eta Retiroko Portzelana fabrika suntsitu zituzten ingelesek. Horrexegatik, Donostiakoa gertatu zenean Kadizeko Duende de los Cafés aldizkariak merkataritza gune garrantzitsu bat suntsitzeko izan ote zen susmoa zuten, kontuan izanik Donostia Frantziarentzat oinarrizkoa zela, batik bat kontrabandoaren kasuan. Egia da suntsiketa selektiboak gibelean interes ekonomiko estaliak ote zeuden susmoa sortzen dutela. Kasualitatez, erre zen lehen kalea merkatarien kalea izan zen eta udaletxea, non Donostiako Kontsulatuaren egoitza eta artxiboa zeuden. Kontuan izan behar da Donostia, Baionarekin zuen loturari esker, merkataritza gune estrategikoa zela donostiarrentzat eta frantziarrentzat, Amerikako eta Europako produktuen kontrabandoaren atea baitzen, eta merkatari britainiarren lehiakide nagusienetako bat.

Ciudad Rodrigon ingeles soldaduak mozkortu egin ziren eta horren ondorioz gehiegikeriak gertatu ziren. Badajozen ingeles, portuges eta espainiar soldaduak izan ziren gehiegikerien protagonistak. Gasteizen ere ingeles eta portugesekin batera, espainolak aritu ziren lapurretan. Mando ingelesek onartu egiten zituzten gehiegikeri horiek, tropen deskantsu psikologikoa eta morala indartzearren. Espainiarrek Leongo eta Galiziako lurretan, Ciudad Rodrigon eta Donostian parte hartu ez arren, Nafarroan eta Gipuzkoan ingelesak, portugesak eta espainiarrak gariak lapurtzen, garaiz mozten eta hesiak botatzen aritu ziren.

Beraz, ingelesenganako irudia okertuz joan zen. Ingelesek aurreiritzi asko zituzten Espainiari buruz. Espainolak baino gehiago zirela uste zuten, Ilustrazio garaian frantsesek sortutako irudiari esker: lur baztertua, atzeratua eta Europako kultur guneengandik aldendua. Espainia barroko garaian jarraitzen zuela uste zuten, kontrarreforma garaian, beraz, iluntasuna, krudeltasuna eta erlijio intolerantzia nagusi zirela uste zuten. Agian Peninsular War horretan jasandakoak metatzen joan ziren soldaduen buruan eta Donostian eztanda egin zuten. Ez dugu ahaztu behar gainera, zuela gutxi arte espainolak eta britainiarrak arerioak izan zirela eta, seguruenik, gerra bukatu ondoren berriro izango zirela, Amerikako koloniak zirela medio.

Asko espekulatu da arrazoi politikoen inguruan eta Castaños eta Araba jeneralen parte-hartzearen inguruan, baina teoria horiek ez dute inongo funtsik: ez bata eta ez bestea ez zeuden aspalditik Donostian; espainiar gudarosteak San Martzialen eta Nafarroan zeuden, ez Donostian; Wellington eta Graham ziren gudaroste britainiar eta portugaldarren buruzagiak eta espainiar jeneralek ez zuten inongo aginpiderik horien gainean; donostiarrak espainolak ziren Espainiako Fernando VII.aren edo Kadizeko errejentziaren menpekoak, beraz ez zuen inongo logikarik espainiarra zen gotorleku bat suntsiaraztea. Foruak aipatu dira, baina kasu horretan ere ez dago inongo logikarik, donostiarren gehiengoa, Fernando VII.a bezala, foruen aldekoa baitzen; merkatari bakan batzuk ziren foruen aldaketaren alde, baina inoiz foru ezabaketaren alde. Egun, ziurtasun guztiz dakigun gauza bakarra zera da: britainiar eta portugaldarrak izan zirela arpilatzea eta suntsiketaren erantzule.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia