La Factoría
LA FACTORÍA
Serigrafia
2004 / 03-18 / 04-02
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisauak
 Produktuak
 Prozesua
 Materialak
 Prezioak


PROZESUAK

Gain-gainetik bada ere, ikus dezagun zein pauso eman behar izaten diren azulejoak serigrafiatzeko:

1. Egin beharreko lana aztertzea.

Zenbaitetan, bezeroak ez du oso garbi izaten zer nahi duen. Hortaz, bere ideia zehazten joan dadin, bi emakumeek adibide edo ereduak erakusten dizkiote, zer eta nola, zein neurritakoa, zein koloretan eta zenbat pieza egingo dituzten erabaki arte.

Egin beharreko produktuaren arabera erabakiko dute lanerako zein teknika eta material beharko dituzten, bai eskuzkoak (txantiloiak, pintzelak, arrabolak, belakiak, etab.), bai serigrafikoak (plantxa edo euskarriak).

Tailerraren ikuspegi orokorra.
Tailerraren ikuspegi orokorra.

2. Marraztea.

Originalaren gainean, egin beharreko elementua marrazten da, izango dituen kolore eta marrak argi eta garbi zehaztuz.

3. Desglosatzea.

Azetatozkoa izan ohi den euskarri garden batean, kolore bakoitzeko diapositiba bat egiten da; kolore bakoitzak, beraz, bere plantxa edo azetatoa izango du. Tinten bidez, azetato bakoitzeko kolore bakoitza argiarekiko opako bihurtuko da.

4. Intsolatzea.

Euskarri edo pantailari emultsio fotosentikor bat ematen zaio, eta UV izpien eta poliesterrezko pantaila fotosentikorraren artean "diapositiba" sartzen da (lehen aipatutako azetatoa, alegia). Argiak, horrela, tinta opakoz beteta zeuden zuloak izan ezik gainerako guztiak gogortzen edo itsutzen ditu, eta, modu horretan, inprimatu beharreko irudiaren txikle positiboak lortzen dira. Kolore bakoitzeko pantaila bat egin behar izaten da.

5. Garbitzea.

Gogortu gabe gelditu den emultsioa urez kentzen da, eta gainerakoa blokeatuta gelditzen da. Horrela, prest izango dugu inprimatzeko pantaila.

Bost koloretako elementu bat egiteko jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituen panel bat.
Bost koloretako elementu bat egiteko jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituen panel bat.

6. Inprimatzea.

Pantaila, txikia bada, zuzenean mahai baten gainean inprima daiteke, eskuz; bestela, inprimatzeko mahaiaren gainean jartzen da, eta, bertan dagoela, gainazal guztian zehar errasketa koloredun bat pasatzen da, batetik forma berdintzeko eta bestetik dagokion kolorea (oxidoa) emateko. Tinta hori oihalaren zuloetatik barna igaroko da, eta ez ordea itxita, beteta edo blokeatuta daudenetatik.

Prozesu hau pantaila bakoitzarekin errepikatu behar da, gogoan izanik kolore adina pantaila egongo direla. Normalena zortzi kolore erabiltzea izaten da, eta, beraz, beste hainbeste pantaila, baina lan batzuetan pantaila gutxiago eta beste batzuetan gehiago behar izaten dira.

Prozesu honetan kontu handia izan behar da pantailak ondo doitzeko orduan, koloreak dagokien lekuan inprima daitezen. Nolanahi ere, beti dago bukaeran azken ukituak eskuz emateko aukera.

7. Laberatzea.

Materiala azulejoa denean, labean sartzen da, baina beste produkturen bat denean (kartoia, papera, oihala) ez, jakina. Kasuz kasu, koloragarri mota bat edo beste erabiliko da.

Labea 800 eta 900ºC inguruan jartzen da normalean ("tenperatura ertain-baxua"), eta baxuagoan sartu beharreko elementua kristalezkoa denean. Labeak hartuko duen tenperaturaren arabera, esmalte zeramiko bat edo beste erabili beharko da.

Argazkia

Piezari pixkanaka hozten utzi beharko zaio, bat-bateko tenperatura aldaketekin hautsi egin daiteke-eta.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen