Francisco Muriana
FRANCISCO MURIANA
Makilen Artisaua
2004 / 07-30 / 09-04
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Makila
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Artisaua, lanean.  
Artisaua, lanean.
Zura mendian hartzen du, edota inausketetan, orlegia dagoenean betiere.

Normalean hurritz, gaztainondo, aranondo, gereziondo, olibondo -Andaluziatik ekartzen dizkiote- eta eukaliptoen makilak erabiltzen ditu. Kalitatearen aldetik gehien gustatzen zaion zura hurritzarena da.

Zurak neguko ilbeheretan moztu behar izaten dira (ahal dela, abenduan edo urtarrilean), hurritza izan ezik, hau neguko ilgoretan moztu behar baita.

Zur hauetakoren bat okertuta egonez gero, bere etxeko balkoiean lotu eta ordu batzuetan horrela uzten du, zuzentzeko.

Lantzen hasi ahal izateko, zurek ondo lehortuta egon behar dute. Horregatik, gutxienez urtebetez itzaletan jasota izaten ditu, eguzki, euri zein airetik gordeta.

Lantzen hasterakoan, lehenik eta behin azala kentzen die, eta, ondoren, zizelkatu egiten ditu.

Zenbaitetan, fustean irudi batzuk egiten ditu, soldagailuaren laguntzarekin. Begiak eta burualdeko gainerako elementuak egiteko, pirograbatuaren sistema erabiltzen du.

Lanean.  
Lanean.
Kasu guztietan, makila edo fusta alde batetik, eta heldulekua bestetik egiten ditu, eta gero, bukaeran, biak muntatu. Makila edozein zur motarekin eginda ere, heldulekuak pago edo haritzarekin egiten ditu, baita bola itxurakoak izango badira ere. Fustearen puntan, hodi bat egin eta heldulekuaren aldean dagoen emean sartzen du. Gero, kolatu egiten ditu.

Amaitzeko, berniza ematen dio -hiru geruza, normalean-, eta, zenbaitetan, aurrez kolorea ere bai, intxaur-tinta edo antzekoren batekin. Zuraren berezko kolorea errespetatzen saiatzen denez, hurritz eta aranondoen kasuan berniz gardena baino ez du ematen. Batzuetan, bestetik, berniza eman baino lehen poroak estaltzeko geruza bat ematen du, batik bat beltzez margotuta joango diren makiletan (hirietako makila klasikoetan).

Mendirako makiletan, berak egindako larruzko zinta bat ipintzen du heldulekuaren inguruan.


Erremintak

Oso erreminta gutxi erabiltzen ditu gure artisauak: labana -hainbat dauzka-, zerrotea, arraspak, beira (distirarazteko), lixa finak, pirograbatzailea, larruzko zinta pasatzeko zuloa egiteko zulatzailea, soldatzailea (butanozkoa), brotxak, guraizeak eta orratzak.

Materiala

Zura, larrua, kolak eta tintak.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen