Sarrera | |
Historia | |
Prozesua | |
Materialak | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prezioak | |
Bibliografia |
ARTISAUA
Artisaua josten. |
Diru-premiak bultzatuta, zortzi urterekin Artzain Onaren parrokiako abesbatzan sartu zen, eskolak emateaz gain hiru hilean behin 15 pezeta ematen zizkiotelako. Eskolatik ateratakoan, Martin Arrietak Donostiako Urbieta kaleko 37.ean zeukan Arka oihal-dendara joaten zen enkarguak egitera. Trukean, jantziak ematen zizkioten, eta 60 pezeta hilean, garai haietarako batere makala ez zen soldatatxoa. Handik gutxira, Artzain Onaren elizako meza-laguntzaile izendatu zuten, eta hilean 70 pezeta ematen zizkioten. 1952an utzi egin zion meza-laguntzaile izateari, eta Víctor Praderaren eskola publikora joaten hasi zen. Oihal-dendako enkarguak egiten jarraitzen zuen. Igandeetan jantzi batzuk eramateagatik, gainera, 6 edo 7 pezeta ematen zizkioten, bezeroek mesedeagatik ematen zizkioten eskupekoak ahaztu gabe.
Hamalau urterekin, Antonio Pascual jostunarekin hasi zen lanean, lanbidea ikasteko, Donostiako Arrasate kaleko 7.ean, eta hemeretzi urte bete arte egongo zen bertan, orduan Enrique Garcíaren tailerrera igaro baitzen, Konstituzioaren enparantzako 13.ean. Hasieran, asteko 80 pezeta ordaintzen zizkioten, 10 orduko lanegunekin, baina aldiro-aldiro handitu egiten zioten soldata. Hogeita zazpi urte bete arte egon zen bertan, adin horrekin lana utzi eta ezkondu egin baitzen. Bartzelonara joan zen, jostungintzan hobetzeko ikastaro batzuk egin eta titulua jasotzera.
Ezkondu ondoren, Irunera joan zen bizitzera, eta bere etxean beste jostunentzako lanak eta bere bezeroen enkarguak egiten hasi zen. Besteak beste, txikitan aritutako Arka oihal-dendarentzako lanak egiten zituen, hauek ez baitzeukaten tailerrik. Dendetan enkarguak hartu, eta ondoren jostunei pasatzen zizkieten jantziak egiteko lana. Jostun hauen artean zegoen Jose Negrillo, eta baita ere Antonio Pascual (lanbidea erakutsi zionaren semea) eta beste hainbat eta hainbat jostun.
Makinaz josten. |
Rosario Picaza Zabalarekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba ditu, Miren eta Mikel, eta bi biloba, Mirenen haurrak.
Bai jostunek, bai jostun-ikasleek, beti ospatzen omen zuten Santa Luzia eguna, taldean. Normalean elkarrekin bazkaltzen zuten, eta, gero, gazteenak dantza egitera joaten ziren. Orain festa hori ospatzen dutenen artean jostorratz bat eskuetan sekula hartu ez duen jende asko dagoela esan digu Josek.