Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Museoa | |
Prezioak |
ARTISAUA
Blanka
Zeanurin jaio zen (Bizkaia), 1952an, baina markinarra da bihotzez, bertan
igaro baitzituen haurtzaro eta gaztaroa. Teknikari administratibo eta delineatzaile
ikasketak egin zituen arren, 1978an zeramikarantz zuzendu zuen bere prestaketa
profesionala. Madrilen aritu zen lehendabizi, eta Ondarroako Kresala eskolan
ondoren.
1979tik 1986ra bitartean, zeramikan espezializatutako eskolak jaso zituen
Madrilen, Bartzelonan, La Bisbalen (Girona), eta Sargadelosen (Galizia).
1979az geroztik, Markinako Arte Eskola taldeko kidea da. 1982tik 1987ra
bitartean, zeramika eskolak eman zituen Arte Eskolan, eta programa didaktikoak
landu zituen Lea-Artibai eskualdeko lehen hezkuntzako ikastetxeetarako.
Arte Eskolan emandako urte haietan, Blankak, zeramika ikastaroak eman ez
ezik, espezializazio ikastaroak jaso ere egiten zituen, bere ezagutzak handitzeko
asmoz. Horrela ezagutu zuen Olleríasko azken buztinlaria. Euskal
zeramika tradizionalaren aztarnak ikertzeko asmotan zebilela, beka bat eman
zion Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Ollerías herrira jo zuen, José
Ortiz de Zárate buztinlaria ezagutzera. Une hartatik aurrera, oso
garbi ikusi zuen bere lanbidean buztingintzaren ildoa hartuko zuela.
1987tik 1993ra bitartean, Joséren tailerrean aritu zen lanean.
1993an, zaharberritu egin zuen José Ortiz de Zárateren antzinako
tailerra, eta euskal buztingintzaren museo-tailer bihurtu zuen sendiarekin
batera.
Aipaturiko fitxa hartan (Euskonews, 160. zenbakia), zera genion buztinlari honi buruz:
“José Ortiz de Zárate, Elosuko Ollerías
auzoan jaio zen, Araban, 1913ko abenduaren 8an. Buztingileen seme eta
biloba da. Haurra besterik ez zela hasi zen tornuarekin lanean, aitak,
bere dohainak ikusi orduko, berehala sartu zuelako buztingintzan. Josék
berak dioenez, eskolatik itzulitakoan, jolastera joan baino lehen, dozena
erdi katilu egin behar izaten zituen egunero. Eskola utzi zuenean, bete-betean
sartu zen lanbidean. Familiaren buztinolan 1958an egin zen azken labekada, inguruetan pantano bat eraikitzearen ondorioz ur azpian gelditu zirelako Josék lanerako erabiltzen zituen buztinak. Hasiera batean materiala beste nonbaitetik ekartzea pentsatu zuen arren, ordurako baziren beste buztinola lehiakorrago batzuk, industrializatuagoak ere bai, eta, beraz, lanbidean jarraitzea ez zuela merezi erabaki zuen. Geroztik, nekazaritza eta abeltzaintzan jardun du. Urte batzuk geroago, ostera, buztingintzari buruz zeuzkan ezagutzak ikasteko interesa zeukatenei irakasteko eskatu zioten, eta konbentzitu egin zuten”. |
Elosu inguru hauetan, 5 buztinola egon ziren garai batean.
Gaur egun (2005eko urrian), antzinako hiru buztinlari bakarrik bizi dira Araban:
Jarrai dezagun gure artisauaren biografia aztertzen: 1974an Josetxo Jaiorekin ezkondu zen, eta bi alaba ditu: Iratxe -Arte Ederrak ikasi zituen, eta gaur egun artearen munduan dihardu, Holanda eta Euskadi artean-, eta Itsaso -INEFen lizentziaduna eta hezkuntza fisikoko irakaslea-.
Blankaren asmo nagusia, buztingintzaren inguruko eskola bat sortzea da, ahal dela erakunde ofizialen laguntzarekin. Gaur egun bere tailerrean aritzen da lanean, eta beren maila hobetu nahi duten buztinlariei irakasten. Izan ere, beretzat erantzukizun modukoa da mendeetan zehar gorde den jakituria besteei transmititzeko lana, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza behin betiko galtzeko arriskua baitago. Gaur-gaurkoz, Debako (Gipuzkoa) eskolan bakarrik ematen dituzte zeramika eskola arautuak.
Blanka Gómez de Segura Ollería baserria 9 Ollerías-01510 ELOSU / ARABA Tef.: 945 45 51 45 Fax: 945 45 53 33 Web: www.euskalzeramika.com Mail: olleriasmuseo@euskalnet.net |
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria