Argazkia
Blanka Gómez de Segura
Maistra Buztinlaria
2005 / 12 / 16 - 2006 / 01 / 06
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Museoa
 Prezioak


BUZTIGINTZAREN HISTORIARI BURUZKO HAINBAT ZERTZELADA

Blankak, zeregin didaktikoa betetze aldera, datu eta bitxikeria ugari eskaini dizkigu bere tailerrera egin diogun ikustaldian, eta orain zuei eskaini nahi dizkizuet nik.

Buztinlarien tornuan egindako pieza bakoitza bakarra izaten da, parekorik gabea. Erromatarren piezek hiru sinadura eraman ohi zituzten: fabrika edo tailerraren jabearena, moldea egin zuenarena, eta pieza egin zuenarena. Horrek erakusten digu hiruren artean lankidetza estua zegoela, baina, gainera, bakoitzaren eremua oso garbi zehaztuta zegoela. Tamalez, gure buztinlari tradizionalek ez zioten ohitura horri eutsi; gaur egun, hala ere, pieza guztiek eraman behar dute sinadura bat.

Euskal Herriko buztinlariek, aspaldian, zeramikazko piezak iragazgaizteko, buztinlari arabarrek La Horca izeneko meategitik (Bernedo, Araba) ateratzen zuten silizezko harea nahasten zuten berun eta eztainuarekin.

Honako prozedura hau jarraitzen zuten: "padilla" izeneko labe txiki batean, Jaengo Linares meatzeetatik ekarritako beruna eta Ingalaterratik lingoteetan ekarritako eztainua berotzen zituzten. Padilla hori berotzean, beruna urtu egiten zen, eta eztainua gainean gelditzen zen, esne gain zuria bezala. Paleta baten laguntzaz, gan hori kendu egiten zen. Azkenean, hauts horixka bat lortzen zen, "calcine" deiturikoa, eta harearekin nahasten zuten. Ondoren, harrizko katilu batera bota, eta errotara eramaten zuten. Ondo ehotutakoan, ura botatzen zitzaion, eta orduan aplikatzen zitzaien piezei.

Blankaren aburuz, arabiarrengandik jasoa da euskal zeramika herrikoiean erabiltzen zen esmalte zuriaren teknika. Izan ere, arabiarrak konturatu omen ziren silize eta berunaren nahasketari eztainu pixka bat erantsiz gero, esmalte zuri opaku distiratsua lortzen zela. Esmalte honek, apaingarriak egiteko oinarri bezala balio zuen. Koloreak, berriz, oxido metalikoez egiten ziren.

Inguruetako buztinlari guztiak Elosuko Fernández de Larrinoa sendiaren errotara joaten zen esmalteak ehotzera. Gaur egun, pantanoko uren azpian dago herria. Esan beharra dago errota horretan lan hori besterik ez zela egiten. Harri bereziak zeuzkaten, gogorrak, Frantziatik ekarriak -pentsatzekoa da La Ferteko silizezko harriak izango zirela-.

1936-1939eko Gerra Zibileko blokeo ekonomikoaren eraginez, Ingalaterratik eztainurik ekartzeko aukerarik ez izatean, konponbide bat aurkitu zuten: piezen gainean "engobe" izeneko buztin zuri bat aplikatzea, Bilboko meatzeetatik ekarria. Kaolin zuriko zain bat zen, burdin mineralaren zainen aldamenean aurkitzen zutena. Pieza oraindik hezea zegoenean, buztin zuriaren geruza bat ematen zioten, eta lehortzen uzten zuten. Gero, beiratu egiten zen, eta egosi. Engobe honekin, ez zuten eztainuarekin bezainbesteko zuritasunik lortzen, pieza apur bat horiagoa gelditzen baitzen, baina erosleek harrera ona egin zioten.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen