Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Lanabesak | |
Prezioak |
PROZESUAK
Bi elementu mota ezberdin egiten dituenez, bakoitzaren kasuan jarraitzen duen prozesua arin-arin aztertuko dugu:
ABARKAK
Pauso hauek ematen ditu abarkak egiteko:
1. Larruaren gainean orkoi metalikoa jarri, eta ertzak zorrozten ditu. Prentsaren presioaren bidez, berriz, moztu egiten ditu orkoiak.
Zorroztutako aldea kanpoaldera begira gelditzen da, eta zorroztu gabea barrualdera.
2. Zulatzeko makinaren bidez, zulo mordo bat egiten dio larruari ertzean. Hain zuzen ere zulo hauetatik pasako da gero abarka lotzeko lokarria.
3. Piezak higatzeko makinan, apur bat jan edo mehetu egiten du orkoiaren ertza.
4. Azpialdean “krepelinazko” geruza bat eramango duten piezei, une honetan josten die pieza hau.
Krepelinak abarkaren oin-zola bakarrik estaltzen du, eta bi zeregin izaten ditu: bata, garrantzitsuena, lurra, harriak edo bestelako elementuren bat zapaltzean oina babestea, eta, bestea, ez irristatzea.
Gaur egun, ia abarka guztiek eramaten dute krepelina. Dantza txapelketetan lehiatzeko erabiltzen diren abarkak dira eramaten ez duten bakarrak.
5. Punta josten du. Eskuz egin dezake, zig-zag moduan -horrela egiten ziren garai batean, eta horrela gelditzen dira politen-, edota makinaz. Prezioaren aldetik merkeagoak izaten dira makinaz jositakoak.
6. Piezari buelta ematen dio, jositako zatia barrualdera gelditzen dela.
7. Nylonezko lokarri bat zuloetan barna sartu eta estutuz, abarka osatzen joaten da. Era berean, abarkak oinetara lotzeko lokarria joango den lekuetan begizta batzuk jartzen ditu.
Nylonezko haria ipintzen du berak, arrantzarako erabiltzen dena bezalakoa.
8. Kotoizko lokarri beltz lodia ipintzen du.
Duela bi hilabetera arte, berak egiten zituen lokarri hauek, kotoizko hariekin. Txirikordatzeko hiru makina eta karreteak bobinatzeko makina bat zeuzkan horretarako.
Besterik dira apaingarritarako edo giltzatarako egiten dituen abarka txikitxoak; edonola ere, orain arte azaldutako pauso guztiak ematen dira hauen kasuan ere.
20tik 48ra bitarteko abarkak egiteko -48. zenbakia da egiten dituen guztien artean handiena-, behiaren larrua erabiltzen du, taninoarekin edota landareekin ondua. Kromoan ondutako larruek baino askoz ere kolore eta ehundura politagoa izaten dute.
Abarka txikientzat, berriz, 20. zenbakitik beherakoentzat alegia, ardi larrua erabiltzen du, biguinagoa delako.
Taninoan ondutako larrua Gernikako Vascongada Zurrategian eta Galdakaoko Tenería Bilbaína-n erosten du -Bizkaian biak-, eta ardi larrua, berriz, Palentzian.
KUTXAK
Landareen bidez ondutako behi larruarekin egiten ditu.
Gehieneko neurria 16 x 8,5 x 9 cm-koa izaten da.
Materialak berak baldintzatzen du gehienezko neurri hori; handiagoa eginez gero, deformatu egingo litzateke.
Pauso hauek jarraitzen ditu:
1. Larrua moztu.
2. Piezak tindatu, normalean marroi ilunean.
3. Grabatu. Horretarako, ezten txiki batzuk dauzka. Mailu batekin larruaren gainean kolpatuz egiten ditu marrazkiak.
4. Ertzak alakatzen ditu, 45ºko angeluak sortuz.
5. Piezak itsasi.
6. Josi.
7. Gabila txiki batzuen bidez, taparako bandatxo batzuk ipintzen ditu. Gero, larruzko puska txiki batzuekin estaltzen ditu gabilen buruak.
8. Barrualdea urde larruz estaltzen du.
9. Ezten batekin, honako testua daraman zigilu bat jartzen die behealdean:
M. SUKIA DEBA GIPUZKOA |
10. Garbitu, eta argizari pixka bat ematen die.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria