Sarrera | |
Historia | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Museoa | |
Prozesuak | |
Prezioak |
PROZESUA
Erlezain baten lan-prozesu normala azalduko dugu, bakoitzak bere sistema eta aldaera dituela ahaztu gabe.
ERLEZAINA, abarasken prestaketa
Basoko erleek eztia sor dezakete; izan ere, zuhaitz- edo arroka-zokoetan nahiz erlezainak jarritako erlauntz artifizialetan egiten dituzte abaraskak. Lehenari erlezaintza finkoa deritzo, eta bigarrenari berriz, erlezaintza mugikorra, abarasken mugimenduaren arabera.
Erlezainak bere zeregina izugarri maite du, eta naturaren artisau baten grinez eta arretaz egiten du bere lana. Horretarako, erleen ohituren, gaixotasunen eta etsaien berri izan behar du zehatz-mehatz, eta erlauntzeko produktuak kontserbatzeko eta aprobetxatzeko prozedurak ere ondo ezagutu.
Erlezaintzarako landaredi ugariko natura-inguruneak behar dira, eta bertan loratzen diren landare asko egon behar dute. Hala ere, garrantzitsua da inguruneko aldaera zehatzak eta klimaren gorabeherak aldez aurretik aztertzea; izan ere, muturreko tenperaturek abaraskak kaltetzen dituzte.
Erlezaina etengabe arduratu behar da erlauntzez, urte osoan seguru eta ongi antolatuta eta behar bezala elikatuta egon daitezen. Udaberrian, erlezainak abaraska zaharrak garbitzen ditu eta hurrengo kanpainarako prestatu.
Abaraska bakoitza presio-eltze handi batean sartzen du; alde batetik, argizari zaharra urtu egiten da, eta bestetik, pilatutako hondakin guztiak desegiten dira.
Abaraskak garbitu ondoren, erlazuloak argizari hutsezko plakez estaltzen dira, eta beroaren bidez alanbre batzuetan soldatu. Abaraska berri horiek erlekume-etxeak izango dira hurrengo sasoian.
Merkatuan hainbat lore eta jatorriko eztiak eskaintzen dira, baina gogoratu beharra dago, Euskal Herriko ezti batzuek beren kalitateko Labela dutela, eta horrek aspalditik eztia produzitzen diharduten artisauen ahalegina aitortzea dakar.
ERLEZAINA, eztiaren bilketa
Uda amaitzean, eta erlauntzak neguko loaldi luzean sartu baino lehen, erlezainak abaraskak kentzen ditu ezti preziatua jasotzeko.
Erlezainak gorputz osoa estaltzen dion ekipo bat jartzen du abaraskak husteko, baita erleak lokartu ere. Lehen, ganaduaren simaur lehorra erretzean sortutako kea (goroxa) erabiltzen zuen zeregin horretarako. Gaur egun, haritzaren, akaziaren edo pagoaren txirbilaz baliatzen da erlezaina; izan ere, goroxak baino ke zuriagoa eta usain gozoagoa du. Gogoratu beharra dago, keak intsektuak lozorrotzen dituela.
Erlezainak banan-banan husten ditu abaraskak, erleak eztia bertan uzten doaz eta.
Erlearen ziztadak sortzen duen mina haren ezteneko pozoiak duen azido formikotik dator. Pertsona batzuek alergia diote sustantzia horri, eta asaldura larriak jasaten dituzte erleek zitatzen badituzte. Hala ere, nahikoa izan ohi da antihistaminiko eta kortikoideak hartzea mina eta hantura berehala desagertzeko.
Erlezainek eztia tratatzeko behar bezalako laborategia dute etxe barruan. Esan beharra dago, erlezain batzuek enpresa bat sortu dutela, eta han egoki ateratzen, poteratzen eta etiketatzen dutela eztia, betiere osasun-berme guztiak betez.
Jarrai dezagun erlezainaren lana azaltzen. Lehenbizi, abaraska estaltzen duen kanpoko argizari-geruza (operkulu-argizaria edo argizari hutsa) kendu behar da, hori da eta kalitate onena duena. Gure artisauek argizari hori depuratu eta ukendu eta pomada naturalak egiteko erabiltzen dute.
Jarraian, abaraskak zentrifugagailu batean sartzen dira, eta eztia txandaka ateratzen da erlazuloetatik. Eztiaren ezaugarriak nektarraren araberakoak dira; faktore horrek erabakiko du gainera produktua bera zertarako erabiliko den, hots, zuzeneko kontsumorako, bizkotxoak eta pastelak egiteko edo farmakologiarako.
Ondoren, eztia altzairu herdoilgaitzeko upel batera pasako da, hots, araztegira, eta horrek filtro bat izango du. Eztia 15-20 egunez pausatzen uzten da bertan, eta gero, poteratu egiten da.
Jakin beharra dago, erleek xurgatutako landarearen araberakoa dela eztiaren dentsitatea. Horrela, txilar-eztia lodia da, eta zuzenean poteratuz gero, solidoa da ia, oso azkar kristalizatzen baita. Aitzitik, udaberriko, akaziako edo laharreko eztiak esate baterako, askoz ere finagoak dira. “Basoko eztia”, adibidez, hasieran ez da lodia, baina kristalizatzen denean, lodi geratzen da.
Ezti lodiak krematsuagoak izateko, aldian behin horiek irabiatzen dituen gailu batean sartzen dira, eta horrela, egun batzuen buruan, amaierako produktua lodia baina krematsua izatea lortzen da.
Ezti horiek guztiak naturalak dira, ez zaie gehigarrik botatzen, ezta iraunarazle kimikorik ere, eta arrakasta handia dute merkatuan. Eta ez da gutxiagorako, produktu horrek bitamina asko ditu, oso ekonomikoa da eta mota eta zapore ugari ditu aukeran.
EKIPOAK
1.- Operkuluaren estalkia eskuz kentzeko gailua.
2.- Operkuluaren estalkia automatikoki kentzeko gailua.
3.- Zentrifugagailu.
4.- Lantzeko edo dekantatzeko gailua.
5.- Ezti krematsuagoa egiteko irabiagailua erabiltzen da.
6.- Poteratzeko makina.
TRANSUMANTZIA
Otegi-Epelde familiak bere erlauntzak transumatu egiten ditu produkzioa hobetzeko. Horrela, udako hilabeteetan (uztaila, abuztua eta iraila) Codes ingurura (Nafarroa) edo Elgeako mendilerrora (Araba) eramaten ditu erlauntzak; neguan, berriz, jada txilarrik ez dagoenean, Urola inguruko mendietara ekartzen ditu. Hori dela-eta, udako asteburu guztietan joan behar izaten dute erlauntzak kontrolatu eta zaintzera.
Erleek funtzio oso garrantzitsua dute polinizazioan, eta hori dela-eta, fruta-arbolak landatu dituztenek erlauntzak nahi dituzte ondoan.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria