Barrenetxe familia
Okin eta pastelgile artisauak

Antxon AGUIRRE SORONDO

BARRENETXE FAMILIA
Gipuzkoako plaza, 9
20004 DONOSTIA
Tel.: 943 42 44 82
www.barrenetxe.net

Barrenetxe

Pastak.

Sarrera

Jorratua dugu gozoaren mundua lehenago ere atal honetan. Gogoan ditugu: Gorrotxategi familia; gozogileak (EUSKONEWS, 361); Antxon Adarraga (EUSKONEWS, 311) eta Javier Aramendia (EUSKONEWS, 415) pastelgileak; Bixente Marichular eta haren “euskal pastela” (EUSKONEWS, 337); eta Koldo Salinas maisu txokolategilea (EUSKONEWS, 435). Fitxa horietan, irakurle interesatuak datu ugari aurkituko du euskal gozogintzaren historiaz.

Baina egun ez dakargu hona, ohi bezala, artisau bat, baizik eta artisau-familia bat. Gutxik eskain ditzakete egun Barrenetxe familiak eskaintzen dituen ugaritasuna eta kalitatea. Horregatik bakarrik ere, gure aitorpena merezi dute.

Artisauak

Rosa Gisasola, Héctor Barrenetxeren emaztea, familiaren genealogia ikertzen aritu da 1699tik hasita. Rosaren arabera, Barrenetxe familia Zugarramurdiko (Nafarroa) Etxenikea etxeko bere gozotegian aritzen zen aspaldidanik.

Baina garai berriagoetara itzulita, hor dugu familia hori ogia, gozoak eta argizariak egiten, Zugarramurdiko Etxenikea baserrian. Asto batek ibilarazten zuen errotatxo bat zeukaten, eta hortxe egiten zuten txokolatea. Jendeak oraindik gogoan ditu haien “asto-kaka” ospetsuak, baina ez dakigu zer ziren zehazki.

Barrenetxe

Donostiako Barrenetxe gozotegia.

Esaten dute antzina Donibane-Lohizunetik ekartzen zutela argindarra Zugarramurdira. Barrenetxetar batek motor berezi bat ikusi zuen behin Parisen. Motorra olioz zebilen, eta ogia egiteko erabiltzen zen. Zugarramurdiarrek erosi egin zuten. Kontatzen da zebilenean motorrak sekulako zarata egiten zuela. Barrenetxetarrak Donostiaraino eta Donibane-Lohizuneraino joaten ziren argizariak saltzera.

1920 aldera, Juan Cruz Barrenetxek, Antxonen aitak, gozotegi bat jarri zuen Donostiako Narrika kalean. Grazi deitu zion. Hor hasi ziren lanean Antxon eta Roman haren bi semeak. Anton izeneko laguntzaile hungariar bat ere aritu zen gozotegian. Lehen Mundu Gerrako iheslari bat zen, eta lanbideaz zekiena ekarri zuen.

Gerra zibilaren ondoren, arrazoi ugarigatik, Antxon Barrenetxe Eibarra aldatu zen. Salera Eibarresa izeneko elkartea sortu zuen han. Horrek kolonialak eta pastelak saltzen zituen. Handik urte gutxira, elkartea desegin zenean, Antxon gozotegiarekin gelditu zen. Bi semeak, Oscar eta Héctor, batu zitzaizkion. Geroago, azken hori Donostiara aldatu zen, Rosa emaztearekin eta Héctor eta Elena seme-alabekin. Labeak izeneko gozotegia ireki zuten Legazpi kalean. 1990ean, Gipuzkoako plazara aldatu ziren, Donostian hori ere, eta hortxe diraute oraindik.

Barrenetxe

Okindegiko mostradorea.

Antxonen anaia batek, Alejandro Barrenetxek, Sacha izeneko “salon de thé” bat muntatu zuen Donostiako egungo Askatasunaren Hiribidean, 1927an. Gerra amaitu zenean, itxi hori, eta Bartzelonara joan zen. Han, Sacha gozotegia badabil oraindik. Alejandrori adiskideek eman zioten gaitzizena da Sacha.

Héctor Barrenetxe Rosa Gisasolarekin ezkondu zen, 1963an, eta bi haur izan zituzten: mutil bat, Héctor (1966an sortua) eta Elena (1970). Azken horrek biloba eder bat eman die jadanik: Danel. Bi urte ditu.

Biak, Héctor eta Elena, aitaren ofizioan ari dira oraindik.

Produktuak

Beste gai garrantzitsu eta aipagarri bat: saltzen duten oro (karameluak izan ezik) berek egiten dute.

Nik neuk produktu-lerro hauetan sailkatuko nuke artisau horien ekoizpena:

A. OGIAK

Eguneko ore freskoarekin egindako 35 ogi mota erre berriak dituzte: artoarekin, sojarekin, zekalearekin, 5 labore, zekale eta intxaur, greko, malta, integral, txapata, egur-labeko ogi (etxekoak).

Moldeko ogi normalak eta bereziak: laranjarekin eta txokolatearekin, mahaspasa, aran eta intxaur, mahaspasa eta fruituak, gurina, eta txokolatearekin eta arbendolekin.

Opil normalak eta bereziak: txokolatearekin, mahaspasa eta intxaur, fruituak, gurina, azenarioa... flauta normalak eta txistorradunak, etab.

Ogi motak: Viena, Baguette, Fisela, Soja, Zekale, Laboreak, Arto, Integralak, Baratxuri, Amona, Aitona, Cándidos, Incolazas, Laxante, Txapata, Potxolo, Viena flautak, Txistorra-flautak, Stolen, etab.

Madalenak eta txokolatezko madalenak.

Opiltxo eta opiltxo bereziak, honako hauekin: intxaurrak, mahaspasak eta intxaurrak, fruituak eta mahaspasak, azenarioa, antxoa, txokolatea edo tipula.

Moldeko ogia: integralak; mahaspasekin eta intxaurrekin; mahaspasak, intxaurrak eta aranak; fruitu eta arbendola; laranja eta txokolate, Viena txikia, Viena handia eta Viena erraldoia.

Barrenetxe

Txintxorro.

B. TARTAK

Asko berek asmatuak, hala nola TXINTXORROAK. Hona osagaiak: bizkotxoa, arbendola ehoa, laranja-zatitxoak eta, gainean, krokantea.

DONOSTIA tarta. Osagaiak: arbendola-bizkotxoa, marraskino-likorea eta fondart-a.

Ezkontza- eta urtebetetze-tartak, errege-erroskoak, etab.

C. PASTAK

Zigarro eta teila ospetsu eta unibertsalak, sanblasak, San Markoren opilak, etab.

Te mini-pastak, limoi-pastela, fruitu-pastela, arroz-pastela (krema egosia), merlitón (arbendola-bizkotxoa), diplomatikoak, minipastelak, laranja-tartak, gazta-tarta, trufa-tarta, rústica, etab.

Barrenetxe

Donostiarra.

D. BONBOIAK

Berek erosten dute orea, zeinari “estaldura” deitzen zaion teknikoki, eta hari, gero, kasu bakoitzean behar diren osagaiak eransten dizkiote, bonboi trinkoak edota beteak egiteko.

Jatorri askotako (Boli Kosta, Madagaskar, Venezuela) kakaoak darabiltzate, eta kakao ehuneko desberdinetako (% 59, 65, 75, 85 eta 99) txokolateak egiten dituzte, eta ezin dira ahaztu trufak eta era guztietako bonboiak (zuriak, esnedunak, beltzak, arbendoladunak, krokanteak) eta txokolateak (fruitu lehorrekin, laranjarekin eta, are, kakao txigortuarekin).

Eguberriak datozenean, txokolatezko mota guztietako elementuak (monas) prestatzen dituzte.

E. BESTE BATZUK

Adibidez, bolaos-ak, edo gozotegiko produktu gaziak, hala nola: miniaperitibo hotzak eta beroak, ezusteko ogiak, sandwich-ak, croque monsieur, etab.

Rosak dioskun gauzarik interesgarrienetako bat da normalean pastak egiten dituzten gozogileek ore bakarra egiten dutela, edo gehienez ere hiru, eta gero osagai desberdinak eransten dizkietela produktu desberdinak ateratzeko. Berak, aldiz, 6 ore desberdinetatik abiatzen dira, eta, beraz, ez dira produktuen itxurak bakarrik desberdinak, baizik eta dastamen-elementuak ere bai.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media