Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak ARTEA honela definitzen du: Materia, irudia edo soinua erabiliz, gizakiak material edo inmateriala dena espresatu edo imitatzen duen ekintza edo ahalmena; herri edo garai jakin bateko artelanen multzoa. Arte erromatarra, Erdi Aroko artea.
Kairoko Arabiar Hizkuntzaren Akademiako hiztegian hitz bera begiratuz gero, ARTEAren honako definizio hau aurkituko dugu: emozioak eta sentimenduak, eta bereziki edertasunaren sentimendua, kitzikatzeko gizakiak erabiltzen dituen baliabideen multzoa.
Baina, ARTEA ez da unibertsala, izan ere, gizarte batzuek ez baitute kontzeptu hori beren hizkuntzan. Halere, badute estetikaren aurrean erantzuteko gaitasuna, estetikaren plazeraz gozatzekoa, izan ere, gizaki orok dugu gaitasun hori.
ARTEA jasotzen (ikusten, entzuten...) duenarengan erantzun estetikoa sortzen duen objektua edo jarduera da. Ikertzaile batzuek baieztatzen dute “gizaki guztiek gozatzen dutela estetikaren plazeraz”, nahiz eta artea dela ez jakin, gehituko nuke nik.
F. Boas antropologoak honako hau zioen: “gizakiak, aldeko egoeretan, bereziki nahikoa denbora libre zuenean, antzina baino antzinago hasi ziren artean trebatzen”. Horren arabera, aisialdirako denbora gehiago izateak suspertu zuen artea.
EDERTASUNAREN ideia beste gauza bat da. Hori kultura-talde bakoitzaren araberakoa da, eta ez da kontzeptu unibertsala. Giza talde bakoitzak EDERTASUNAREN bere kontzeptua du, eta hortaz, lan bat ARTELAN gisa baloratzeko irizpide desberdina du.
Jacques Maquet irakaslearentzat edertasuna objektuan eta behatzailearen begietan oinarritzen da, eta horien bien artean “komunikazioa” egon behar da. Artistak beretzat eta gizartearentzat sortzen du. Sortze guztien azken xedea beste batzuei gozaraztea da, beste batzuek ikustea.
Lourdes Méndez Pérez irakasleak bere “La Antropología ante las artes plásticas” lanean honako hau zioen: “Artista batek lan bat sortzen duenean, estetikaren bitartez balio kultural batzuk adieraztea nahi izaten ditu, eta horretarako, bere irudipena erabiliz hori lortzen hobekien lagunduko dioten adierazpide formalak bilatzen ditu”.
Artea, estetika, edertasuna, hiru gai ezin hobe norbere gogoetarako.
Antxon AGUIRRE SORONDO
AINES BITXIGILEA
Mundaiz kalea, 10, 13. lokala
20012 DONOSTIA
Tel. / Faxa: 943 28 35 05
Posta elektronikoa: ainesjoyas@gmail.com
Web orria: www.ainesjoyas.com
Zuraren tailarekin, zilarraren artisauekin (nahiz eta beste elementu batzuekin ere lan egiten duten, hala nola, urrearekin, kobrearekin, harriekin eta abarrekin) batera, atal honetara aukera askotan ekarri izan ditugu bitxi-diseinatzaileak. Horren adibide ditugu EUSKONEWS aldizkariaren 237, 295, 317, 341, 475, 481 eta 501 zenbakiak.
Horietan harrien esangurari, zilarraren historiari, kutunei edo amuletuei eta lanbideko terminoei buruz hitz egin dugu, eta etnografiarekin eta sinesmenekin duen lotura jorratu dugu.
Gaur, sarreran ARTE kontzeptuaren inguruan egingo dugu gogoeta, izan ere, aurkeztuko dizuegun artisauak horretarako bidea ematen digu. Hain zuzen, AINESi buruz hitz egingo dugu, bere burua “bitxi-diseinatzaile” gisa aurkezten duena.
Aines Fernández Azanza Donostian jaio zen. Lehen mailako ikasketen ostean, Arte Ederrak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilboko egoitzan, eta lizentziatura atera zuen. Massana Eskolan ezagutzak handitzeko Bartzelonara joan zen, eta horren ostean, jaio zen hirian bere bitxigintzako tailerra ireki zuen.
Madrileko eta Municheko bitxi-azoketara joaten da sarritan, eta bere sortzeak erosten dizkioten bezero-sarea du.
Artistak berak produktu-linea batzuk sortu ditu, eta horiei izen erakargarriak jarri dizkie:
Marrak: Hainbat lodieratako eta konbinaziotako marra horizontalez eta bertikalez apainduriko elementuak dira, batez ere eraztunak.
Labirintoa: Belarritakoak, eraztunak, lepokoak… Zilarrezko ari eta zirrindolekin eginiko bitxiak, irudimen handiz nahastuak eta elkarlotuak.
Olioa: Metal noblea goresten eta sustatzen duten koloreak dituzten belarritakoak eta eraztunak.
Barraskiloak: Lepokoak, belarritakoak, eraztunak… Uhin formako bitxiak, oxidoekin konbinatuak eta Bilboko Guggenheim Museoan inspiratuak. Azken horren kasuan bezala, bere sortze-lanetan forma okerrak itsasadarreko urarekin nahasten dira eta itsas kutsua ematen die.
Kuboak: Linea horretako piezek “inspirazio ipartarra” dutela esaten du artistak. Horietan zilar oxidatua hainbat erlieberekin bateratzen du. Niri, pertsonalki, itsas kai-muturretan jartzen diren harri-bloke handiak ekartzen dizkidate gogora, non itsasoaren indar boteretsua eta harriaren erresistentzia batzen diren: mugimendua eta gelditasuna era armoniatsuan batuak bitxi-dendetako piezen forman.
Pai-Pai: Belarritakoak eta eraztunak, batez ere, zilarrezkoak eta urrezkoak eta marradura-teknikarekin dekoratuak. Horrek bolumena eta kolorea ematen dio jatorriz laua den gainazalari.
Fosila-Braillea: Egia esan ikerketa estetikoko bi ildo finkatu ditzakegu. Lehenean, zuhaitz-adarrak hartzen ditu inspirazio gisa, lehenik harri eta ondoren zilarrezko bihurtu balira bezala. Bigarrenean, eraztunek, belarritakoek eta lepokoek askotariko irudi karratuak dituzte, eta Braille idazkera gogorarazten digute.
Obala-Espirala: Zilarra eta urrea espiral handitan eta turkesa-kolore ukituekin konbinatuz egindako piezak dira. Koralak ere erabiltzen dira, uhin-forma emanez piezak mugimendua izan dezan, forma eta elementuen bidez itsasoa imitatzeko.
Plakak: Forma puruak, biribilak, dituzten piezak dira. Horietan urrea, zilarra, kobrea eta harri erdi-bitxiak konbinatzen dira, eta askotan talka egiten dute mugimendua eta soinua sortuz. Benetako bitxi biziak dira.
Adarrak: Zilarrezko eta urrezko gainazal handi lauak nagusitzen dira bitxi horietan. Pieza ikusgarriak eta dotoreak dira.
Eguzkia: Urrea eta zilarra erabiltzen ditu, natura gogorarazten duten formak sortzeko.
Ainesen produktuak diseinuko produktuak dira, paregabeak, merkatuko materialik onenekin eginak.
Laneko elementu nagusia zilarra den arren, urrea, kobrea, harri erdi-bitxiak, fosilak, koralak... ere erabiltzen ditu, baita konbinazioak egin ere.
Bestalde, ehundura edo testurak ateratzea gustatzen zaio, batzuetan formen nahiz bolumenaren bidez eta beste batzuetan oxidoen eta distiren bidez.
Ainesek honela definitzen du bere lana hitz poetikoak erabiliz:
Nuestras joyas de Autor realizadas de forma artesanal en plata, oro…, son un pequeño y personalísimo objeto creado para despertar la complicidad de quien las elige, las usa, las viste, las mueve….
En libertad y utilizando la intuición como método de trabajo, disfrutamos creando una forma de expresión artística tuya la pieza y al llevarla cobra vida.
Tailer bat du Donostiako Mundaiz pasealekuan, eta bertan lanerako behar duen guztia du, baita argi ugari ere, funtsezkoa baita eskuez, begiez... eta bihotzaz lan egiten dutenentzat.
Irakurleen iritziak: