Historia

Edward Hawke Locker militar ingelesa gure artisauen eskualdetik, Tolosatik, igaro zenean, 1813an, honako hauxe idatzi zuen:

Bidea auzoko herrixketako nekazariz beteta zegoen, azokarako era askotako gaiak gainean zituztela. Festa-jantzi apainenak zituzten, eta emakumeenak bereziki dotoreak ziren. Espainiako emakume guztiek badute halako liraintasun nazional bat beren ibileran, atzerritarrarentzat biziki harrigarria dena; eta Gipuzkoako emakumeek, berriz, onura horrezaz gain, hegoaldeko probintzietan normalean ikusten ez den freskotasuna erakusten dute aurpegiko larruazalean. Mardultasun hori, askotan, areagotu egiten dute kopeta inguruan erakutsi ohi duten zinta sorta batez, atzean ilea ederki txirikordatuta dutela eta buru gainean apain asko ipinitako lepoko oihal dotorea.

Jantziari dagokionez, txaketa txuri mahukaduna jantzi ohi dute, batzuetan urre- edo zilar-koloreko botoiak dituena. Soinean korapilatutako petoa eramaten dute eta azpian gona arin eta motza. Eta janzkera guztia nabarmentzeko, belarritako eta lepoko ugari janzten dituzte, emakumeen itxurari distira handia emanez. Gizonezkoak lerdenak, garaiak eta indartsuak diren arren, emakumeen ondoan zerbait eskasagoak dira. Nagusi den ohiturak –kapa marroia eta galtza motzak, hegal zabaleko kapela eta gai izpitsuetako azpantar lasaiak, era gurutzatuan baldarki lotutakoak–, itxura harrigarria ematen die eta Apoloren simetria ere ezkutatu luke.

Prezioak

· Egindako euskal jantzia, mutiko edo neskatoarentzat, 70 eurotik hasita.
· Berdina, baina neurrira egina, 120 € inguru.
· Helduentzako jantzi arrunta (emakumezkoa), osagaitzat gona, blusa, gerruntzea edo jaka motza, mantala, buruzapia edo motots-sarea dituena: 130 €tik hasita.
· Berdina, baina ezkontzetarako, osagaitzat gona, blusa, mantal bainikaduna (behar izanez gero), buruzapia edo mototsa, azpikogona edo pololoak dituena: 200 €tik hasita.
· Helduentzako jantzi arrunta (gizonezkoa), osagaitzat galtzak, brusa, txalekoa edo brusa luzea, gerrikoa, txapela, zapia eta galtzerdiak dituena: 90 €tik hasita.
· Berdina, baina ezkontzetarako, osagaitzat galtzak, brusa, txalekoa, jaka, gerrikoa eta txapela dituena: 180 €tik hasita.
· Bordatutako txapelak, 90 €tik hasita.
· Zapi bordatuak, 50 €tik hasita.
· Erresetako zapiak bezalako ezkontzetarako osagarriak, 30 €tik hasita.
· Gurdirako apaingarriak (deusak), 150 €tik hasita.
· Bestelakoak, aurrekontuaren arabera.

Ganbara
Euskal ehun artisautza

Antxon AGUIRRE SORONDO

GANBARA: EUSKAL EHUN ARTISAUTZA
Nagusi kalea, 4
20400 TOLOSA / GIPUZKOA
Tel. 943 57 58 33
Web orria: www.ganbara.com
Posta elektronikoa: ganbaratol@hotmail.com

Ganbara

Sarrera

Euskal jantzi tradizionalak egiten dituzten artisauez jadanik hitz egin dugu EUSKONEWSen hainbat aletan: 205, 357, 369, 405, 411 eta 417.

Onartu beharrean gaude antzeko janzkiak egiten dituztela denek, baina artisau bakoitzak baditu berari dagozkion berezitasunak, nortasuna eta estiloa.

Artisaua

Gure berriemailearen aitonak, Pedro San Miguel-ek, jantziak egiteko lantegi bat zuen bere emazte Julia Cledou-rekin batera, Tolosako kale Nagusian. Haien seme-alabek ere, Maria Isabelek, Victorrek eta Mari Carmenek (Aitorren ama), lantegi hartan lan egin zuten.

Ganbara

Aipatutako Mari Carmen San Miguelek han ikasi zuen josten, eta geroago jantzigintza ikastaroak eginez bere ezaupideak hobetu egin zituen. Juan Cruz Ventureira-rekin ezkondu zenean, ondoko Ibarra herrira joan zen bizitzera eta han jantzigintza eskolak eman zituen Euskal Herria kaleko lokal txiki batean. 1995. urte inguruan, mota eta jatorri guztietako artisau-produktuak saltzeko denda bat ipini zuen Tolosan, eta 1999an jarduera hori bertan behera utzi zuen, bere seme Aitorrekin eta honen emazte Zulema Tenarekin euskal jantzi tradizionalak egiteko lantegi-denda bat prestatzeko.

Aitorri utziko diot hitz egiten:

“Nik beti izan dut euskal kultura tradizionalari buruzko jakin-mina eta kezka. Nire aitona ipuin-kontalari aparta zen eta gogoan ditut suaren ondoan gaztainak erretzen genituen arratsaldeak; aitonak ipuinak kontatzen zizkigun, asko eta asko berak asmatutakoak, eta mendira, batez ere Aralarrera, egindako ibilaldiak ere bai. Adina izan nuenean, lagunekin mendi-irteerak egiten hasi nintzen (Aralar, Pirinioak, Europako Mendiak, Urbion,…), eta, nire arreba Amak oparitutako Aralar izenburuko liburuaren bitartez, nire lehen harremana izan nuen Luis Pedro Peña Santiagoren obrarekin; haren obrak eta mundu tradizionala ikusteko erak geroz eta gehiago erakartzen ninduten, eta, horrela, gure herriko etnografiak, historiak eta arkeologiak geroz eta interes handiagoa piztu zuten niregan. Mitologia aitzakiatzat hartuta, Aunia aldizkariarekin ere lan egin dut, Aralarko ibilbide bati buruzko artikulu batekin, eta argitaratu gabeko hainbat testu ere baditut, euskal inauteriei eta dantzei buruz”.

Argazkigintza ere oso gogokoa du, eta hainbat argazki-erakusketa egin ditu euskal inauteriei buruz.

Produktuak

Diseinu tradizionaleko ehun-produktuak egin eta saltzen dituzte, bai janztekoak (barrukoak nahiz kanpokoak), bai etxeetarako —mahai-zapiak, errezelak, ohe-estalkiak, etab.—, baita beste erabilera batzuetarako ere (elizarako, elkarteetarako, banderak edo eskatzen dietena).

Jantzi asko egiten dituzte, dantza-taldeentzat, euskal jaietarako, bataioetarako, ezkontzetarako, etab.

Ganbara

Oso harro daude Arabako bi dantza-talde, Algara eta Indarra dantza-taldeak, oso-osorik jantzi dituztelako. Azken dantza-talde horrekin, Arabako dantza askatuko txapelketan jantzien 1. saria irabazi zuten 2009an, Estibalitzen.

Etxean ohikoak diren ehun-jantziak ere egiten dituzte, baina Aitorrek dioenez, berreskuratutako euskal jantzi tradizionala osasuntsu dagoen bezala, ez da gauza berdina gertatu antzinako diseinua duten etxerako jantziekin, “museotako gauzak” bailiran ikusten baitituzte gehiago.

Bordatuak eta hasierako letrak ere josten dituzte maindiretan, eskuzapietan, etab. Ezkontzetan asko oparitzen diren gauzak dira.

Amaitzeko, hona hemen artisauaren beraren hitzak:

“Ereduak liburu zaharretatik eta artxiboak arakatuz nire eskuetara heltzen diren argazki edo testu-azalpenetatik ateratzen ditut gehienetan. Lagunak ere baditut, aurkitzen dituzten datuak ematen dizkidatenak. Gaur egun, ohiko irutea egin ahal izateko txatila nola erabili ikasi nahian ari naiz, eta horretarako harremanak ditut Azpeitiko Xoxoteko Berastegi baserriko artzain-familiarekin. Ohiko ereduak kopiatuz edo geure jantziak diseinatuz, gure kultura tradizionalaren alderdi garrantzitsu horri eusten ahalegintzen gara”.

Ganbara

Prozesuak

Bezeroa dendara joaten denean neurrira egindako jantzia eskatzera, gehienetan ondo hartzen ditu jantzigileen iritziak, eta jantzia garrantzitsuagoa den heinean, ezkontzetarako adibidez, orduan eta hobeto hartzen ditu iritzi horiek. Orduan eskatzen dute jantziak, ehunak eta lana kalitate onenekoak izatea, nahiz eta beraientzat garestiago izan. Euskal jaietan, herrikoetan edo Eguberritan erabiltzeko badira, esate baterako, orduan ehunaren jatorriari baino gehiago ekonomiari begiratzen diote. Ezkontzetan, adibidez, lihozko ehunak, farfailak, bordatuak, etab. askotan erabiltzen dira, baina jantzi ekonomikoetan ez zaie axola tergalezkoa izatea.

Ganbara

Jantzia egiteko prozesua erraza izaten da. Lehenbizi jantzia aukeratzen da. Bezeroak nahi duena adierazten du eta horri buruzko ideiak ematen zaizkio; horretarako dendan eginak dauden jantziak, argazkiak edo marrazkiak ikusten dira; gero, nahi den oihal mota aukeratzen da, kolorea, etab.

Jantzia egiteko prozesuari berari dagokionez, paperezko patroiak prestatzen dira, gehienetan aurreko batzuk erabiliz, haiek egokituz edo berriak eginez. Patroiak egin ondoren, klarionaz oihalaren gainean margotu eta atzera-puntuak eginez josten da (patroia oihalaren gainean arinki josi eta ebaki egiten da).

Gero, atal guztiak albaindu egiten dira jantzi osoa eratzeko; hori egin ondoren, behar izanez gero lehen proba egiten da pertsonaren gainean, egin beharreko zuzenketa txikiak egiteko.

Makinaz josten dira. Oso kasu berezietan, orduan izaten da bigarren proba egiteko unea, eta horren ondoren elementu osagarriak —forruak, azpikoak, botoiak, krisketak, etab.— josi eta lisatu egiten dira.

Gehienetan lihozko, kotoizko eta artilezko oihalak erabiltzen dituzte, nahasian edo nahasi gabe.

Tresnei dagokienez, gutxi izaten dira: lanbidean ohikoak direnak (orratzak, hariak, titareak, botoiak, etab.), josteko makina eta lisa-burdina.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media