Henar Peso
HENAR PESO
Agiriak zaharberritzea
2004 / 04 / 02-23
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Tresnak
 Prezioak



HISTORIA

  Marrazki bat, zaharberritu baino lehen.
Marrazki bat, zaharberritu baino lehen.
Pergaminoa larru zati bat da, ahariarena gehienetan, higatua, adobatua eta tenkatuta egoten dena, eta, hain mehea izaten denez, ia-ia gardena ematen du. Garai batean, idazteko, liburuak forratzeko eta abar erabiltzen zen.

Papera, berriz, zelulosazko zuntzez eginiko orri mehea da, prozedura kimiko eta mekanikoen ondorioz ore bihurtua. Antzina, trapu, espartzu eta abarretatik ateratzen ziren zuntz horiek, eta gehienbat idazteko erabiltzen ziren.

Pergaminoa

Plinio Zaharraren esanetan, Pergamo hiriko Eumenes II.ak asmatu zuen pergaminoa; horra izenaren jatorria. Erromatarrek ezagutzen zuten, baina ez zuten idazteko erabiltzen. Dakigula, idatzita aurkitu den pergaminorik zaharrena VII. mendeko Virgilio Vaticano delakoa da. Garai batean, pergaminoak monasterioetan egiten ziren esklusiboki, harik eta XII. mendean, Europako hiririk garrantzitsuenetan, "pergamineroak" azaldu ziren arte.

Europara XIII. mendean trapuzko papera sartzean, eta XV. mendean inprenta asmatzean, pergaminoaren erabilerak nabarmen egin zuen behera.

Papera

  Idem, zaharberrituta.
Idem, zaharberrituta.
Aldizkari honetan bertan, 174. zenbakian, Juan Manuel Barbé eta Javier Viñaras Billabonako papergileekin mintzatu ginenean, adierazi genuen Txinan, Kristo aurreko 1125. urtean, palmen zuntzez egindako papera erabiltzen zutela, baina berehala desegiten zela. Kristo ondorengo 105. urtean, Txinan bertan baita ere, oihalaren zuntzak erabiltzen hasi ziren papera egiteko. Arabiarrek, VIII. mendean, "paper errota" direlakoetatik ateratako papera erabiltzen zuten idazteko, eta 900. urtean hasi ziren, pixkanaka, gure penintsulan agertzen, Europan lehenbizikoz. XIII. menderako, jada orokortuta zegoen idazteko paperaren erabilera.

Gure herrialdeari dagokionez, papera 1344an agertu zen Euskal Herrian, Nafarroa Beherean zehazki. 1385eko agiri bat ere iritsi zaigu, Nafarroako Karlos II.aren Gortean emana. Gipuzkoako paperezko lehen agiria, berriz, Tolosan 1456an egindako Batzar Nagusien bilera bateko akta dugu.

Gipuzkoan XIX. mendean hasi ziren papera egiten.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen