Henar Peso
HENAR PESO
Agiriak zaharberritzea
2004 / 04 / 02-23
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Tresnak
 Prezioak



PROZESUA

Labur-labur, ikus dezagun zein pauso eman behar izaten diren pergamino bat zaharberritzeko. Ondoren, paperezko liburu baten kasuan jarraitu beharrekoak azalduko ditugu.

Pergaminozko agiri bat zaharberritzea

1.- Garbitu.

Pergaminoak bi aurpegi izaten ditu: hialinoa bata, eta zuria bestea. Lehendabizikoa iletsua izaten da, eta bigarrena mamitsua. Testuak aurpegi zurian idazten dira. Garbiketa mekanikoa egiteko, goma arruntak, ura eta alkohola erabiltzen dira. Kontuan izan behar da edozein isurkari erabiltzen hasi baino lehen, tintek inolako disolbagarritasun arazorik sortuko ote duten begiratu beharra dagoela. Proba hori egitea are garrantzitsuagoa bihurtzen da tenpera, akuarela eta koloreak dauden kasuetan. Ahal dela, idazketa ez da ukitu ere egingo; gainetik garbitzera mugatu beharko da.

Liburu bat aztertzen.
Liburu bat aztertzen.

2.- Bainatu.

Pergaminoa ur eta alkoholaren nahasketa batean sartzen da, etilikoa batzuetan, metilikoa besteetan (%50ean gutxi gorabehera, nahiz eta honetarako ere bakoitzak bere gustuak izaten dituen). Materiala biguntzeko xedearekin sartzen denez pergaminoa nahasketa horretan, ur eta alkoholetan egon beharreko denbora materialaren lodieraren araberakoa izango da: batzuetan aski izango dira 10 minutu; beste batzuetan, ordu erdi ere beharko da.

3.- Prentsatu.

Pergaminoa biguna dagoenean, prentsa batean sartzen da, leun-leuna geldi dadin. Horretarako, alde bakoitzean lehorgarri bana ipintzen zaio, eta baita remay izeneko zuntz sintetiko bat ere. Zuntz hau pergaminoaren eta lehorgarrien artean jartzen da, isurkariak ez pasatzeko eta lehorgarria pergaminoari ez itsasteko. Noizean behin, lehorgarriak aldatu egin behar izaten dira, isurkaria xurga dezaten.

4.- Konpondu.

Pergaminoa garbi eta leuna dagoenean, pitzadurak konpondu eta txertaketak egiteko unea heltzen da.

Zaharberritzeko teknikei dagokienez, bi eskola bereiz daitezke. Batetik, eskola italiarra, txertaketak paper tankerako zelulosaz egitearen aldekoa. Bestetik, berriz, Espainiako zaharberritzaileen eskola dago, txertaketak pergaminoz egitea nahiago duena -betiere, pH egonkor eta egokia daukan pergamino bereziz-. Italiarren esanetan, papera, higroskopikoa izatean, hobeto egokitzen da tenperatura aldaketek pergaminoari eragiten dizkioten mugimenduetara; pergaminoak, aldiz, batzuetan "salto egiten duela" esaten dute, bere mugimendu eta aldaketak izaten dituela alegia, eta ez dela ondoegi egokitzen pergamino zaharretara. Nolanahi ere, gustu kontua da.

Bezeroek, gehienetan, Henarren esku uzten dute lanean aritzeko modua; dena den, badira zehazki zein material erabiltzea nahi duten adierazten diotenak ere; esate baterako, pergamino egonkor frantsesa.

5.- Prentsatu.

Txertaketak egiteko erabilitako itsasgarriek hezetasuna ematen diotenez pergaminoari, materiala berriro leundu behar izaten da, eta, horretarako, prentsatu egiten da.

  Garbiketa mekanikoa egiten.
Garbiketa mekanikoa egiten.
6.- Zinta eta zigilua.

Pergaminoak oihalik (zinta) eta berunezko zigilurik baldin badarama, oihala garbitu egin beharko da -edota aldatu, garbitzerik ez badago-, eta zigiluarekin batera ipini.


7.- Karpetak.

Pergaminoa ondo kontserba dadin, normalean karpeta edo gordetzeko kaxa batzuetan gordetzen da. Badira kaxa hauek egiten espezialista diren hainbat artisau. Karpeta edo kaxa hauen beharrik handiena izaten duten pergaminoak berunezko zigilua daukatenak dira, trokel berezi bat behar izaten dutelako zigilua ondo kokatuta egon eta ez mugitzeko. Karpeta hauek neurrira egiten dira.

Paperezko orriak dauzkan liburu bat zaharberritzea

1.- Aztertu.

Liburua ondo aztertu, eta berari buruzko datuak apuntatzen ditu Henarrek: orri bakoitzaren numerazioa, nola dauden josita, zein orrik osatzen duten koaderno bakoitza, orrialdeak zenbatzean akatsik ba ote dagoen, burualdeak -egotekotan- nola dauden eginda, etab. Liburuari argazkiak ateratzen dizkio, aurrera begira jakin dezan zein egoeratan zegoen pasa ziotenean.

Adierazi beharra dago liburuak josteko mota ezberdin batzuk daudela: txandakakoa, espainiar erara, frantses erara, kanpoaldekoa, txakurren hortzak bezala, etab.

2.- Garbitu.

Orri guztiak, banan-banan, brotxa batekin garbitu behar dira. Argizarizko orbanik egotekotan, bisturi batekin kentzen dira, eta hala ere arrastorik geldituko balitz, disolbatzaile berezi batekin. Ez da erabiltzen ez berorik, ez lehorgarririk ere, hauek argizaria paperean gehiago itsatsiko luketelako. Bisturiaren laguntzarekin, eulien gorozkiak, lokatz puskak eta gainerako partikula solidoak kentzen ditu.

3.- Desmuntatu.

Guarda orriak kendu egin behar izaten dira, eta, horretarako, oso lagungarria izaten da hezetasuna, orriak normalean animali kolekin itsatsita egoten direlako. Aleak guraize batzuen laguntzarekin askatzen dira.

4.- pH-a aztertu.

Orriek 6,5 eta 7 arteko pH-a izan behar dute, tarte horretan egoten delako materiala egonkor. Orrien pH-a zenbatekoa den jakiteko, ur neutro desmineralizatu tanta bat botatzen zaie gainean.

Azterketa hau liburuko hiruzpalau zatitan egiten da. Onddorik egonez gero, pH-a baxuagoa izaten da.

5.- Garbitu.

Liburu guztia, orriz orri, uretan garbitzen da. Paperaren loditasunaren arabera, 7 eta 20 minutu bitartean egon beharko du uretan.

6.- Egurastu.

Modu naturalean lehortzen dira orriak, giroko airean. Horretarako, sare moduko egitura batean jartzen dira, aireak tartean zirkula dezan.

Orri bat zaharberritzen.
Orri bat zaharberritzen.

7.- pH-a aztertu.

Bigarren aldiz aztertu beharko da materialaren pH-a, bainuari esker 6,5 eta 7ra egokitu ote den ikusteko. Ezezkoan, berriz ere uretan sartu beharko dira orriak.

8.- Desadifikatu.

pH-a nahi baino baxuagoa baldin bada, materiala desadifikatu egin beharko da. Horretarako, hidroxido kaltzikotan edo antzeko beste produktu batean sartzen da (bario hidroxidoan, adibidez), horrek paperaren pH-a igotzen laguntzen duelako (papera hondatzen duen elementua deuseztatzen, alegia).

9.- Egurastu.

Berriz egurastu beharko da.

10.- pH-a zenbatekoa den ikusi.

Dagoeneko 6,5 eta 7 artekoa dela suposatzen da.

11.- Desinfektatu.

pH-a interesatzen zaiguna dela suposatuz, orriek onddorik ba ote duten begiratu behar da. Baiezkoan, desinfektatu egin beharko dira, parasitoen aurkako bainu batean sartuta. Batzuetan, aurreko bainuren bat aprobetxatzen da horretarako.

Paperak azidotzen dituzten onddo eta mikroorganismo mota ugari dauden arren, gaur egungo antiparasitario modernoek guztiak ezabatzen dituzte.

12.- Egurastu.

Orriak lehortu egin beharko dira berriz ere.

Orri bat zaharberritzen.
Orri bat zaharberritzen.

13.- Kolatu.

Papera, gorputza emateko, kola erdi sintetikoan sartzen da. Paperak berez izaten ditu zuntz eta kolak, baina tratamenduekin kaltetu egiten direnez, kola berriak ematen zaizkio, sendotzeko.

14.- Berriz egurastu.

15.- Zuritu.

Zaharberritzaile batzuei orriak zuritzea gustatzen zaie, baina Henarrek nahiago du horrelakorik ez egin. Izan ere, agiriaren itxura hobetu egiten den arren, urteen poderioz hartutako patina iluna kentzeak kalte handia egiten dio paperari, zuntzak urratu egiten direlako. Guztiz beharrezkoa denean salbu, hobe da ahal dela horrelakorik ez egitea.

16. Zaharberritu.

Ondoren, pitzadura eta txertaketak konpondu beharko dira. Horretarako, "paper japoniarra" delakoa erabiltzen da -hasieran Japoniatik ekartzen zelako deitzen zaio horrela, baina gaur egun hemen bertan egiten da-. Paper sendoak izaten dira, oso zuntz luzeetakoak eta pH egonkorrekoak, eta lodiera zein tonu ezberdinetan aurki ditzakegu. Zaharberritzaileentzako bereziak izaten dira, eta nahiko garestiak gainera.

Pitzadurak konpontzeko, ostera, tizu mehe berezi batzuk erabiltzen dira. Nahiko gardenak izaten dira, eta landare jatorria daukaten kola erdi sintetikoekin edo almidoi egonkorreko kolekin erabiltzen dira.

17.- Hezetu.

Aurreko prozesua amaitutakoan, lainoztagailu batekin ur pixka bat botatzen zaie orriei.

18.- Prentsatu.

Orrialde bakoitzaren aurrealde eta atzealdean remay bana ipintzen da, eta prentsatu egiten da, leun-leuna geldi dadin.

19.- Muntatu.

Prozesuari hasiera eman baino lehen egindako txostenean oinarrituz -liburua nola eginda dagoen adierazten duena-, aleak zeuden moduan muntatu beharko dira. Lihozko haria erabiltzen da josteko.

Ale guztiak muntatu ostean, burualdeak jarri -baldin bazeuzkaten behintzat-, eta material guztia prentsatu egiten da.

Zaharberritutako orriak.
Zaharberritutako orriak.

20.- Prentsatu.

Liburuari tapak ipini baino lehen prentsatu behar izaten dira orriak, eta kontu handiz gainera. Oso garrantzitsua da liburua behar bezala egokitzea jatorrizko -baina jada zaharberrituta dauden- tapa eta bizkarrei. Izan ere, orriak ez badira behar adina prentsatzen, litekeena da oso zabalak gelditzea, eta beraz tapa zaharretan ez sartzea; eta alderantziz, berriz, gehiegi prentsatzen baldin badira, tapa bera handiegia geldituko da. Argi dago, beraz, arreta handiz ibili beharra dagoela.

21.- Bizkar eta tapak.

Bukatzeko, tapak eta bizkarra ipintzen dira. Liburua jatorrian nola zegoen ikusi beharko da kolaz itsatsiko diren edo ez jakiteko. Ahal izanez gero, hobe da kolarik eman gabe uztea, etorkizunean egin litezkeen zaharberritze lan berriei begira, baina liburua lodia bada, hobeto geldituko da kolaztatuta.

22.- Kaxa-kutxatila.

Henarrek berak egiten ditu liburua jasotzeko kaxa-kutxatilak.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen