Laureano Paniagua
LAUREANO PANIAGUA
Zumearen Artisaua
2004 / 07 / 02-16
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Historia
 Lehengaia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


HISTORIA

  Heldulekudun saskia.
Heldulekudun saskia.
Zabalki onartuta dago Neolitiko garaian sortu zirela lehendabiziko saskiak, Ekialdean, K.a. 7.000. urtearen inguruan, hain zuzen ere gizakia bere elikaduran nekazaritzaren bitartez lantzen zituen elementuak sartzen hasi zenean. Izan ere, saskiei esker, aleak eta bestelakoak hartu eta alde batetik bestera joateko aukera zeukala ikusi zuen. Orduantxe hasi ziren zumea saskigintzako lehengai modura erabiltzen.

Garai horretan bertan, gizakiari ideia bikain bat bururatu zitzaion, ura gorde ahal izateko: zumezko saskien barrualdea buztinez estaltzea. Halabeharrez ziurrenik, pieza hauetakoren bat sutondoan jarriko zuen noizbait, eta buztina gogortu egin zela ikusi zuen. Bada, horra hor nola sortu zen eltzegintza. Arte hau lantzen eta garatzen joan ahala, gizakia oinarri begetala bazterrean uzten joan zen. Beraz, ikus dezakegunez, saskigintzak zerikusi handia izan zuen gizateriaren lorpenik nagusietarikoa dugun eltzegintzaren sorrerarekin, non gizakiak, bere eskuez baliatuz, hiru dimentsiotako ontzi bat egitea lortu baitzuen. Kontzeptu estetiko berri bat sortu zuen.

Danubio ibaiaren inguruetan, Historiaurreko zeramikazko hainbat pieza aurkitu dituzte, elkarri lotuta dauden zumezko saski batzuk irudikatzen dituztenak.

Neolitiko garaiko etxeen hormak ere zumez egiten zituzten, eta gero buztinez estaltzen.

Egiptoko Merinda Beni-Salamé aztarnategian (Behe Inperiokoa, K.a. 6.000. urtearen ingurukoa), zume-aleak gordetzeko biltegiak aurkitu dituzte etxeetako zoruetan.

Eta, Egiptotik atera gabe, Marmar eskualdean, gizon bat zumezko hilkutxa batean hilobiratuta aurkitu zuten. Bitxitasunik bazuen, ordea: bere aldamenean txakur bat ere hilobiratu zuten, baina honakoa zur sendo eta lodiko kaxa batean. Tratamenduaren aldetik halako ezberdintasuna jasotzearen arrazoia izan daiteke txakurra, kultura horretan, dibinizatuta zeukatela.

Mesopotamian ere aurkitu dute zumezko hilkutxarik.

K.a. 3.000 eta 2.000 urteen artean, Egipton elementu ugari egiten zituzten zumeaz baliatuz; hala nola, erlauntzak -teknika hori munduko leku askotara hedatu zen-, gaztanontziak, eta abar.

Gure inguruneari dagokionez, Euskal Herrian azaldu zaizkigun lehendabiziko saski zein eltzeak Neolitiko garaiaren erdialdekoak ditugu.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen