Laureano Paniagua
LAUREANO PANIAGUA
Zumearen Artisaua
2004 / 07 / 02-16
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Historia
 Lehengaia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Zumea, izen bereko zuhaitzaren adar gazte eta malguari deitzen zaio. Bat baino gehiago dira horrelako adarrak ematen dituzten espezieak, eta horien artean onenak, eta gehien erabiltzen direnak, honakoak ditugu:

Zumeen artean ezagunena, salix viminalis edo "zume jatorra" dugu. Zuhaitza ez, baizik eta zuhaixka bat da, neurri ertainekoa, azal orlegi edo horixka distiratsuduna, eta uraren ertzean bizi ohi da, ibai, urmael zein putzuen alboan. Nolanahi ere, lurzoru hezeetan bizi bada ere -udan freskoak, eta negu partean urez gainezka egoten direnak-, tenperaturak ez dio gehiegi eragiten, eta, horregatik, zumeak oso kokapen geografiko ezberdinetan aurki ditzakegu, Europako iparraldetik hasi eta Afrikara bitartean. Orri lantzeolatu eta estuak ditu, gerbazko loreak, eta kapsula itxurako fruitua ematen du. Adar aldaxken bidez ugaltzen da. Lehendabiziko uzta urtebetera ematen du, eta, hortik aurrera, urtez urte.

Adar bati punta ateratzen.
Adar bati punta ateratzen.

Espainian, zumearekin artisautza egiteko ohitura Asturiasen eta Galizian dago errotuen, eta Portugalen ere nahiko zabaldua dago.

Paniagua sendiak bere zumeak izaten zituen Nava del Rey herrian. Landatu eta zaindu egiten zituzten, eta hauetatik ateratzen zuten lanerako lehengaia.

Lau motako zumeak erabiltzen dituzte: horia, gorria, grisa eta tamariza. Azken hau ibaien ertzetan hazten da, eta bere adarrak finagoak izaten dira. Nolanahi ere, kalitate eta gogortasunaren aldetik, zume grisa iruditzen zaie guztietan onena.

  Saskia egiten.
Saskia egiten.
Garai batean, alboko adarrak mozten zituzten, ahal izanez gero urtarrileko ilbeheran -“zura hobea ateratzen da-eta”-, baina orain egurra erosi egiten du. Jerte ingurukoa da, “eta oso material ona da”.

Bi zume motekin aritzen da lanean: zurituarekin eta zuritu gabearekin. Zume zuritua erabiliz egiten den elementua zuria izaten da, eta zuritu gabearekin egiten dena, berriz, marroi iluna, zumearen azalaren kolorekoa. Dena den, gaur egun elementu batzuk zume zurituz egin, eta ondoren tindagai koloredunetako bainuontzietan sartzen dituzte, kolorea emateko. Zenbaitetan, berniza ere ematen zaie.

Zume zuriz egiten diren elementuek, zuritu gabeko zumez egindakoek baino 7-10 aldiz gehiago irauten dute.

Zume zurituarekin, lanik "finenak" egiten ziren: txanbilentzako estalkiak, besaulkiak, ogiarentzako saskitxoak, etab. Zuritu gabeko zumea, aldiz, lanerako tresnak egiteko erabiltzen zen: mahatsa biltzeko saskiak -hauxe zen gehien egiten zena-, lepo-otarreak, zaranak, lastoa biltzeko otarreak, etab.

Z
  Asentatzen.
Asentatzen.
uritu gabeko zumea lantzeko, moztu ondoren jaso egiten da, eta lantzen hasi baino hogei bat egun lehenago, uretan sartzen da, biguntzeko.

Zuritu beharrekoa, aldiz, moztu ondoren lurperatu egiten da, eta tarte horretan begia edo ernamuina ateratzen zaie adarrei. Maiatzean atera egiten dira, zuritu, eta leku lehor batean bildu. Zume hauek ere, landu edo erabili baino lehen, uretan sartu behar izaten dira, baina kasuotan nahikoa da lau ordu lehenago egitea.

Beraz, ikusi dugunaren arabera, zumearen zikloa honakoa genuke: urtarrilean moztu, eta maiatzean zuritu. Urtarriletik maiatzera bitartean, aurreko urteko zumea lantzen da.

Laureanok lanerako erabiltzen dituen erremintak hauetxek ditugu: zerra, guraizeak, bi neurritako kurrikak, erregela bat -kolpeak emateko mailu modura erabiltzen du-, mozteko labana bat, eta ezten bat, zerrendak zabaldu eta beste zume bat sartzeko.

Zerrendak prest izatean egiten den lehendabiziko zatia, elementuaren hondo edo "ipurdia" da, eta gero, zerrenda horizontalak ipiniz, saskiaren gorputza. Zerrenda kopuru jakin bakoitzero, zume handiago batzuk sartzen dira, piezari sendotasuna emateko eta, aldi berean, politagoa gelditzeko. Eta horrela, pieza amaitu arte.

Goialdera iristean, zerrenda handiago batzuk erabiltzen dira ixteko, pieza sendoagoa gelditzeko.

Ertzak gogortzeko ipinitako zumearen soberakina mozten.
Ertzak gogortzeko ipinitako zumearen soberakina mozten.

Bukatzeko, piezari kolore pixka bat eman nahi izatekotan, ur epeletan anilina bat desegin, eta bertan sartzen du pieza. Zenbaitetan, disoluzio horretatik ateratakoan bernizatu ere egiten ditu.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen