· Belarritakoak, 20 €tik aurrera.
· Lepokoak, 35 €tik aurrera.
· Eskumuturrekoak, 30 €tik aurrera.
· Paparrekoak, 30 €tik aurrera.
· Argazki-koadroak, 40 €tik aurrera.
· Lanparak, 120 €tik aurrera.
· Ispiluak, 50 €tik aurrera.
Antxon AGUIRRE SORONDO
ESKULAN
Bista Eder kalea, 1
20600 EIBAR
Web orria: www.eskulan.net
Posta elektronikoa: eskulan@eskulan.net
Lehenago ere ekarri izan ditugu beira lantzen duten artisauak EUSKONEWSen atal honetara:
· Beira puztua, 154. zk.
· Beirate beruneztatuak, 221., 233., 363. eta 431. zenbakiak.
· “Fusing” beira, 267., 329. eta 371. zenbakiak.
· Beira tailatzea, 281. zk.
· Tiffany beira, 291. zk.
Oraingo honetan, Eibarko bi emakume artisau aipatuko ditugu: Josune Mugerza Urkidi eta Nerea Lazpita Aseginolaza. Tiffany teknika erabiltzen duten arren, laster izango dira fusing sistemaren bidez piezak sortzeko gai, eta beira grabatzeko moduan ere bai.
ESKULAN beirazko artisau-lanak egiten dituen denda bat da, Eibarko bi gaztek sortutakoa: Josune Mugerza Urkidi (Eibar, 1971ko maiatzaren 10a) eta Nerea Lazpita Aseginolaza (Eibar, 1971ko maiatzaren 17a).
Txiki-txikitatik elkarren lagun izanik, egun batean euren auzoan beirazko artisau-lanak egiteko denda bat sortzea erabaki zuten. Denda egokitu eta lanean hasi ziren, lanarekin batera ikastaroak ere emanez.
Bost urte igaro ondoren, ikastaroak utzi eta bete-betean artisautza-lanetan murgiltzea erabaki zuten. Orduan hasi ziren Artisautza Azoketara joaten.
Urteak igaro ahala, ESKULAN ere aldatu egin da. Gaur egun, azoketan eta dendan bertan saldutakoaz gain, moda-dendetan eta ile-apaindegietan ere banatzen dute sortutako lanen zati bat.
Duela gutxi, Maika Hernandez diseinugilearekin elkarlanean hasi da ESKULAN. Horren ondorioz, lantegia handitu egin behar izan dute, lan-teknika berriak sartu ahal izateko 66 m2ko lokala errentan hartuz.
Bi artisauak Eibarko EIBART Artisau Elkarteko kide dira.
ESKULANen egiten diren pieza gehienak ale bakarrak izaten dira. Batzuetan, ordea, multzo txikitan ere lantzen dituzte, baina pieza pertsonalizatuak erabiliz betiere.
Era askotako lanak egiten dituzte. Hona hemen, horien sailkapena:
1. Lanparak: sabaikoak, zorukoak nahiz mahai gainekoak.
2. Ispiluak.
3. Beirateak.
4. Osagarriak; hala nola, beirazko burukoak emaztegaien orrazkeretarako, zintzilikariak, belarritakoak, eskumuturrekoak, lepokoak, paparrekoak, etab.
Beira Tiffany sistemaren bidez lantzea (piezak kateatzea, uztartzea), Louis Comfort Tiffanyk asmatu zuen. New Yorken jaioa 1848ko otsailaren 18an, bitxi-enpresa bat zuen Charles L. Tiffanyren seme zaharrena zen. 1881ean, Louisek Tiffany and Company dekorazio-enpresa sortu zuen, eta urtebetean berebiziko ospea erdietsi zuen (ikusi xehetasun gehiago Euskonewsen 291. zenbakian).
Tiffany sistema, laburbilduz, beira zatiak elkartzea da. Produktua edo pieza osoa eratzeko, zatien ertzetan kobrezko xafla itsaskor bereziak ipini eta gero soldatu egiten dira, era horretan zatiak elkarrekin uztartuz.
Horrek, ordea, aldez aurretik zenbait lan egitea eskatzen du; hala nola, egin beharreko gaia eta osatuko duten beiretako bakoitza diseinatzea; beira marraztu eta ebakitzeko eredu modura erabiliko ditugun kartoizko txantiloiak prestatzea; eta ertz guztiak leundu eta ertz zorrotzak kentzea.
Lan horietarako, 3 milimetroko lodiera duten beira lauak erabiltzen dira, bereziki horretarako egindakoak. Merkatuan kolore askotakoak daude eta xafletan eskuratu ohi dira.
Pieza guztiak eztainuz soldatu ondoren, batzuetan soldadurak margotu edo tindatu egiten dira; eta behar izanez gero, pieza sendotu ere egiten da, atzealdean burdina-hariak eta metalezko hagatxoak ipiniz. Hori beirate handien kasuan batik bat.
Laburbilduz, tiffany teknika edo kobrezko zintarena erabiltzen dute. Gogoan izan, ordea, batzuetan bestelako tratamenduak ere erabili behar izaten direla. Adibidez, tailatzea; grabatzea; hotzean apaintzea; grisailaz margotzea (Erdi Aroko teknika horren bitartez, beira oxidoez apaindu eta laberatu egiten da); termoeratua, etab. Objektuak ere txertatu ohi dituzte piezetan. Era horretan, testura eta akabera ugari lortzen dituzte.
Lana gauzatu ahal izateko, ongi hornitua dute Eibarko lantegi-denda.
Irakurleen iritziak: