Carmen Pérez
Eskultura zeramikoa

Antxon AGUIRRE SORONDO

Carmen Pérez Martín
Larra baserria
Arrueta auzunea
MALLABIA / BIZKAIA
Web: www.carmenpemar.es
E-posta: carmenpemar@hotmail.com

Carmen Pérez

Sarrera

Orain arte, buztingintzarekin eta portzelanarekin lotutako fitxa hauek argitaratu ditugu Euskonewsen:

· Elena Txintxurreta, euskal buztingintza (160. zk.).
· Daniel Fioramante, buztinlari-eskultorea (164. zk.).
· Luz Ares, “hari idorreko” zeramikaria (196. zk.).
· Fernando Aguirre, erregogorreko eskultorea (231. zk.).
· Paco Presa, mosaikoetan espezializatua (255. zk.).
· María Pilar Ansa, buztinezko irudiak (257. zk.).
· Blanka Gómez, euskal buztingintza (327. zk.).
· Marta Gómez, zeramika artistikoa (333. zk.).
· Koki Hernández, zeramikaria (375. zk.).
· Conchi Laca, portzelanaren artista (429. zk.).

Horietan, buztingintzari eta zeramikari buruzko datu historikoak eta teknikoak aurkituko ditu irakurleak. Beraz, ez ditugu lehen esanak errepikatu behar.

Gaur, benetako artista bat dakargu sail honetara, artelanen sortzaile bat, nahiz eta buztina eta erregogorra bezain material pobreak darabiltzan, eta pieza txikiak sortzen dituen, baina zer da, diamanteak “ikatz sinple eta txiki batzuk” baldin badira?

Artea ez datza, ez materialean, ez tamainan, baizik eta sentsazioen bilaketan piezak transmititzen duen sentsibilitatean, piezaren bitartez sortzailearen eta ikuslearen artean sortzen den elkarrizketan, eta, horretan guztian, Carmen aditu bat da. Kezkaz betetako pertsona bat. Carmenek ez du bilatzen “pieza bat egitea”, baizik eta egiturak eta koloreak ikertzea.

Carmen Pérez

Artista

Carmen Pérez Martín 1962an jaio zen, El Perdigón-en (Zamora). Salvador Pérez du aita, eta Catalina Martín, ama. Horiek bi seme-alaba dituzte: Rodolfo eta Carmen.

Salvador eta Catalina nekazariak ziren, eta, seme-alabentzako etorkizun hobe baten bila, Durangora (Bizkaia) etorri ziren, Carmen artean haurra zela.

Lehen mailako ikasketen ondoren, Carmenek Lanbide Heziketa egin zuen Industria Delineazioa alorrean. Eskulanetarako zeukan zaletasunagatik, Debako (Gipuzkoa) Arte Eskolan sartu zen, eta, 1980tik 1983ra, zeramika ikasi zuen. Kalkografiarekin, zur- eta harri-lanketarekin, eta pinturarekin osatu zuen hori. Ikasketak amaiturik, bere artisau-bizitzari ekin zion. Zenbait lan egin zituen erregogorrean, eta eskolak ematen hasi zen Zaldibarko eta Durangoko (biak Bizkaian) kultura-etxeetan. Egun, Durangoko eskolak ematen jarraitzen du. Esan behar dugu eskola horietara adin guztietako pertsonak joaten direla, baina 20 urtetik gorakoak, normalean. Batzuk gaia bera, zeramika, interesatzen zaielako joaten dira; beste batzuk, aldiz, pinturako sailean lekurik ez delako. Batzuek urtebete bakarrik egiten dute eskoletan; beste batzuek, urte asko. Gizon batek 20 urte egin ditu. Carmenek dio zeramikak ikasle guztiak “harrapatzen” eta zaletzen dituela azkenean. Gogoz edo gogorik gabe hasiko dira, baina azkenean zeramikaren ederra aurkitzen dute, esku hutsez pieza bat egitea zein zirraragarria den.

Eta datu bitxi bat: haren neba Rodolfok ere (Castellón bizi da) sekulako zaletasuna du arterako, margotu eta zilarra lantzen baitu.

Carmenek bi jarduera aldizkatzen ditu: irakaslana eta piezak egitea. Piezok zuzenean saltzen ditu joaten den bospasei artisautza-azoketan, tailerrean bertan eta, berrikitan, bere web orriaren (www.carmenpemar.es) bitartez.

Baserrian lan egiten du, bertan baititu tailerra eta labea, leku zoragarri batean, bista harrigarriak dituela. Ziur gaude horiek ere laguntzen diotela artelanak sortzen.

Bi haur ditu: Oier (1988an sortua) eta Hegoi (1990).

Curriculuma:

· 1982: Delineazioko Teknikari Espezialista titulua. Durangoko San Jose-Maristak ikastetxea.
· 1983-86: zeramika-ikasketak, Debako Arte Eskolan.
· 1984: Debako erakusketa kolektiboan parte hartu.
· 1985: Debako erakusketa kolektiboan parte hartu. Teknologiako XIV. esperientzian parte hartu, Sargadelos-eko (Lugo) eskola librean.
· 1985-86: zeramikako hastapen-ikastaro batean irakasle. “Herria” auzo-elkartea. Durango. Artisautza Eskolak emandako beka, “ontzi baten diseinua” lanagatiko saritzat.
· 1986: artisau zeramikari diploma.
· 1986: erakusketa ibiltari batean parte hartu: Donostia, Bilbo, Gasteiz, Eibar eta Deba.
· 1987-88: zeramika-irakasle, INEMen. Lanik gabeko langileentzako ikastaroak. Durango.
· 1988-89: Durangoko artisautza-azoketan parte hartu.
· 1989: zeramika-irakasle, okupazio-terapiako monitoreei eta erizaintzako laguntzaileei zuzendutako ikastaro batzuetan. Zaldibarko Ospitale Psikiatrikoa.
· 1992-2006: irakasle, Zaldibarko udal zeramika-eskolan.
· 1993-2002: zeramika-irakasle, gaixo psikikoei zuzendutako ikastaro batzuetan. Zaldibarko Ospitale Psikiatrikoa.
· 1989-2006: zeramika-irakasle, Durangoko Kultura-etxean.
· 1997-2002: zeramika-irakasle, haurrentzako ikastaro batzuetan. Intxaurrondo ikastetxe publikoa (Durango).
· 2001: erakusketa, Durangoko Ezkurdi aretoan.
· 2002: erakusketa, Arnhem-eko (Herbehereak) Vlasblom arte-galerian.
· 2002: Erakusketa, Bilboko Basandere galerian.
· 2006-7: eskolak ematen jarraitzen du Zaldibarko tailerrean eta Durangoko kultura-etxean, eta bere obra pertsonala egiten, artisau gisa, zeramikazko eta brontzezko zenbait lan egiten dituela.
· 2007: Getxoko XXIV. artisautza-azokan partzen hartzen du, eta saltokien lehiaketako lehen saria eskuratzen.
· 2009: Getxoko, Durangoko, Bilboko eta Errenteriako artisautza-azoketan hartzen du parte, eta eskolak ematen jarraitzen du Durangoko kultura-etxean.

Carmen Pérez

Produktuak

Esan daiteke bi produktu-lerro handi dituela: alde batetik, helburu funtzional batekin egindako piezak; buztinezko xafla batzuekin egiten ditu, batik bat, eta, gero, zati modelatu, torneatu edo beste edozelan landutako bat eransten die, nahi duen efektua iristeko; bestetik, formatu txikiko eskultura batzuk, ia beti buztina moldeatuta.

Egiten dituen pieza guztiak bakarrak dira, sekula ez du bat errepikatzen, eskultura handi bat egin behar duenean izan ezik, hor eskala txikiko maketa bat egiten baitu aurretik.

Haren linea modernoa da; bolumen bete eta hutsak aldizkatzen ditu, lerro zuzenetatik ihesi, eta tonu kromatiko leun eta malenkoniatsuz apaintzen eta pintatzen ditu lanak, berdeak eta urdinak nagusi direla, eta horrek bake- eta lasaitasun-sentsazioak sortzen dizkio ikusleari.

Bere eskulturetan giza irudia eratzea gustatzen zaio, bai bakarka, bai taldean: ama-semeak, emakumeak, etab. Elementu erabilgarri bitxiak sartzen ditu osagarritzat, hala nola lorontzi ederrak, goporrak, kutxak, teontziak, ispiluak, erlojuak, are hautsontziak, kopak, pitxerrak, etab. ere, guztia zeramika erregogorrean. Brontzezko eskulturak ere egiten ditu.

“Buztinarekiko lehen harremana 1983an izan nuen, Debako Arte Eskola ireki zenean. 2005etik —orduan jarri bainintzen autonomo gisa—, azoketarako artisautza-produktuak egiten ditut gehienbat, baina ez dut alde batera uzten eskultura, hura interesatzen zait gehien eta. Nahiz eta azoketarako egiten ditudan piezak (kutxak, pitxerrak, erlojuak, teontziak…) nagusiki funtzionalak diren, eskulturak balira bezala tratatzen ditut, hau da, bakoitza pieza bakarra da, gainerakoetatik bestelakoa, bai forman, bai kolorean, eta halakoak balira bezala egiten ditut, asmatzen ditudanetik labetik irteten diren arte”.

Carmenen iritzian, eskuz produktu erabilgarri bat sortzen zuena zen artisaua. Hark ez zeukan “artearen” ikuspegirik, nahiz eta pieza artistikoak, are gustu eta estetika onekoak egiten zituen. Artista, berriz, “ideia bat gauzatzen duena” da, “elementu material baten bitartez zerbait adierazi nahi duena”. Hor, soinuaren artistak dira salbuespena, horiek edertasun immateriala sortzen baitute.

Carmen mintzo da berriro:

“Artea ideia bat da. Ideia hori material batean ezartzen du artistak. Iruditzen zait antzinako artisauak ez zeukala artearen kontzepturik. Hark egiten zuen piezaren erabilgarritasuna zeukan buruan beti. Artistak ez du erabilgarritasuna bilatzen; haren produktua ikuslearen zentzumenak estimulatzeko da. Artisautza funtzionalagoa da, lanbide bat. Antzinako artistez, esan liteke inguruko errealitatea kopiatzen zutela, argazki bat egin nahi izan baliote bezala. Egun, adibidez, argazkigintza ere artearen adar bat da.

Artistak zerbait adierazi nahi du bere obraren bitartez. Beste gai bat da ea ikusleak mezu hori irakurtzen dakien, askotan ez baitu lortzen. Kontuan eduki behar da eskoletan ez digutela irakatsi artea irakurtzen, zoritxarrez”.

Carmen Pérez

Prozesuak

Buztin guztiak, gresa, erregogorra, buztin gorria, edo portzelana jadanik prestatua, erosten ditu, lan bakoitzerako behar duen motakoa (normalean gres txamoteatua), zeren kalitate desberdinak baitaude, kolore, tenperatura eta egitura desberdinetakoak, eta hezetasun jakin batekin kontserbatu eta landu behar da materiala, plastikotasunik gal ez dezan.

Gasteizko saltoki berezi batean erosten du guztia.

Artisauak lan bat egiten du aurrena: pasta oratu, hau da, eskuez landu, ogia oratzen ari balitz bezala, homogeneizatzeko, zati batzuk besteak baino gogorrago geldi ez daitezen, eta, batik bat, barruan izan litezkeen aire-burbuilak kentzeko, horiek hautsi egin bailezakete pieza.

Dela tornuaz, dela hura gabe modelatuz, dela zurezko arrabolaz xaflak eginez, edo zerrendak, edo erruloak, bolumena ematen dio masari, pieza amaitu arte. Gero, lehortzen uzten du, era naturalean; uneko eguraldiaren arabera, ordu batzuk izan daiteke hori, edo zenbait egun. Behartutako lehorketak pitzatuak sor ditzake piezan.

Lehortu denean, labean sartzen da pieza, normalean 900 ºC-tan. Jakin behar da materiala edo buztina nolakoa den, “bizkotxatzearen” (horrela deitzen da prozesua) tenperatura ere desberdina izaten dela. Oso garrantzitsua da tenperatura zehatza aukeratzea, zeren ez bagara heltzen tenperaturara, pieza ez baita behar beste egosten eta hauskor gelditzen baita, eta, aldiz, tenperaturatik “pasatzen” bagara, pieza erre edo are urtu egiten baita.

Piezak ez badu inongo esmalterik eraman behar, zuzenean egosten da bere azken tenperaturan, 850 edo 900 ºC-tan, eta bukatutzat jo dezakegu, baina kolorea edo esmaltea ipini behar badiogu, horixe da unea. Apainketa hori era askotan egin daiteke, teknika desberdinak erabilita: brotxazko edo pistolazko esmalteztatzea, latex-erreserbak, esgrafiatuak, etab., eta pinturaren kasuan, oxidoak, esmalteak edo engobeak erabilita.

Behin bigarren fase hori bukatutakoan, pieza labean sartzen da berriro, 1.250 ºC-ko tenperaturaraino, pinturak eta esmalteak beira bihur daitezen. Tenperatura horretara iritsitakoan (6tik 8 ordura, gutxi gorabehera), hozten uzten zaie piezei labearen barruan, hori ireki gabe. Izan ere, igotzean bezalaxe, astiro jaitsi behar du tenperaturak, bat-bateko tenperatura-aldaketek hautsi edo lehertu egiten baitituzte piezak.

Honako material hauek erabiltzen ditu: batik bat tenperatura handitarako buztin erregogorrak, gres txamoteatua eta, noizean behin, buztin gorria, loza-buztina eta, are, portzelana.

Esmalteak ere artisauak berak egiten ditu behin eta berriro, berak nahi dituen kolorea eta egitura iritsi arte. Horretarako, buztinak, arrokak eta metal-oxidoak erabiltzen ditu. Elkarrekin nahastuta, horiek kolore, egitura eta ñabardura ugari sortzen dituzte.

Egosketak labe elektriko batean egiten ditu normalean, nahiz eta batzuetan Raku motako egosketa batzuk egiten dituen berak egindako eta gasez dabilen labe berezi batean.

Tailerra lanerako ekipamendu guztiaz hornituta dauka, nahiz eta, egia esan, ez den hainbeste ekipamendu behar: tornuak, buztina lautzeko arrabolak, tornetak, modelatzeko zotzak (normalean ezpel-egurrezkoak), eta material suntsikorrak: buztinak, erregogorrak, esmalteak, koloreak, etab.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media