Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Nor, zer eta nola: bake epailearen estatutu juridikoaren lerro nagusiak

1. Testuingurua eta gure asmoa

Den guztia izandakotik geratzen dena den heinean, bake justizia zer den eta honetan aritzen diren bake epaileen lana ulertzeko ezinbestekoa da bake epaitegien historiari begirada azkar bat egitea.

Bake epaitegiak 1855-ko urriak 22ko Errege Dekretuz sortu ziren. Lege honek udaletxea zuten herri guztietan irakurtzen eta idazten zekiten -nahiz eta zuzenbidean adituak ez izan- 25 urtetik gorako auzotarren esku jarri zuen diru munta gutxiko arazo zibilen eta hutsegite edo falta arinen epaiketa. Audientziako Buruak izendatzen zituen.1

Nahiz eta beranduago 1870eko Botere Judizialaren Lege Organikoak bake epaitegiak ezabatu eta haien ordez udal-epaitegiak sortu, Udal Justiziaren Oinarrien Legeak (1944ko uztailak 19koa) berriro ezarri zituen bake epaitegiak udal-epaitegiak eta eskualde-epaitegiak ez zituzten herrietan. Gauzak horrela, hamarkada askotan zehar hiru epaitegi hauek batera bizi izan ziren, 1974.-an, urte horretako azaroak 28-ko Oinarri Legeak udal-epaitegiak eta eskualde-epaitegiak barruti-epaitegietan bateratu eta udalerri guztietan bake epaitegi bat sortu zuen arte. Ordutik hona, bake epaitegiak beti izan dira: 1977ko uztailak 29-ko Dekretuak barruti-epaitegirik ez zuten udaletan bake epaitegi bat aurreikusi zuen eta egun indarrean dagoen Botere Judizialaren Lege Organikoak (BJLO) (uztailak 1eko 1985/6 legea), barruti-epaitegiak ezabatu eta lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez duten udalerri guztietan bake epaitegi bat ezartzen du. Bake epaitegi honek dagokion udalerri zehatzean du jurisdikzioa (BJLO-ren 99. art.), horretan arazo zibil eta penaletaz (BJLO-ren 100 art.) ezagutzen duen bake epaile bat (BJLO-ren 101 art.) aritzen delarik.

Artikulu honen helburu xumea bake epaitegietan aritzen diren bake epaileen nondik norakoak aztertzea da: nola bihurtzen den pertsona bat bake epaile, behin karguan dagoela dituen eskubide eta betebeharrak, eta kargua noiz eta nola bukatzen den. Guzti horiek bake epaileen estatutua osatzen dute. Beraz, gure xedea Estatutu horren lerro nagusiak azaltzea da.

Bake epaileen estatutua, BJLO-an eta, batez ere, Epai Boterearen Kontseilu Orokorrak emandako 1995/3, ekainak 7ko erregelamenduan jasotzen da.2

2. Nor. Nola heltzen da norbanako bat bake epaile izatera? Bake epaile izateko baldintzak eta aukeratzeko erak

Bake epaile edozein espainiar adin nagusiko izan daiteke, nahiz eta Zuzenbidean Lizentziaduna ez izan, baldin eta hiru baldintza betetzen baditu: funtzio judiziala egikaritzeko fisikoki edo psikoki ezgaituta ez egotea, nahita egindako delitu batengatik kondenatua izan ez bada edo prozesatua ez badago eta bere eskubide zibil guztien egikaritzan badago.3

Zalantzarik gabe, bake justizia, eta bereziki bake epailearen eta honen ordezko kargua, herritarrek Justiziaren Administrazioan esku-hartzeko era bat da. Herritarrak hurbileko justiziaren arduradun bihurtzen dira.

Bake epailea eta bere ordezkoa lau urtetarako izendatzen ditu tokian tokiko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak.4 Baina aukeratu normalean udaletxe bakoitzeko udalbatzak aukeratzen du, aurretik deialdi publiko bat eginez eta beti ere legearekin bat arituz.5 Aukeraketak udalbatzaren kideen gehiengo osoa galdatzen du. Posible da, hautagairik aurkeztu ez geroz, udaletxeko osoko bilkurak berak hautagai bat aurkeztea eta aukeratzea. Aukeraketaren berri Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari eman behar zaio. Honek, udalbatzak aukeratutako bi pertsonak epaile titular eta ordezko izendatuko ditu, kargu horiek betetzeko aipatutako baldintzak betetzen badituzte. Betetzen ez badituzte edo udalbatzak hautagairik aurkezten ez badu, aipatutako Gobernu Salak deialdi publiko bat egingo du eta merituen arabera aukeratuko ditu bake epailea eta honen ordezkoa. Azken hau bake epailea aukeratzeko ez-ohiko bidea da.

Argazkia: peterblaisephotography.
http://www.flickr.com/photos/peterblaise/2768318758/

Behin izendatuta, bake epaileak eta honen ordezkoak Probintziako Aldizkari Ofizialean izendapena agertu eta hurrengoko 20 eguneko epean bere kargua hartuko dute.

Kargua bukatu berriz, izendapenetik 4 urte igarotzen direnean bukatzen da, bake epaileek karguan jarraitzeko asmoa erakusten ez badute behintzat eta horrela izateko arazorik ez bada. Posible da baita ere, arinago bake epaileak karguari uko egitea, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari horrela jakinerazi beharko diolarik. Legeak aurreikusten dituen beste 4 egoeratan ere bake epaileak bere kargua utzi beharko du: ezgaitasun edo bateraezintasun kari bat pairatzen duenean; zehapen diziplinario bat ezartzen zaionean; espainiar nazionalitatea galtzen duenean eta nahita egindako delitu batengatik kartzela zigorra ezartzen zaionean.

3. Zer eta nola. Bake epaileen eskubide eta betebeharrak

Bake epaileen lana, beren eskuduntzen barnean, funtzio jurisdikzionala egikaritzea da, eta horregatik Epai Boterearen parte dira, zehazki Estatuko epaile egituraren lehen maila dira, nahiz eta Espainiako epaile karreraren parte ez izan. Ez gara sartuko bere funtzioen azterketan, beroiek honekin batera irakur daitezkeen beste artikulu batzuetan jorratzen direlako, baina bere eskubideen eremuan sartuz, azpimarratzekoa da, nahiz eta epaile profesionalak ez izan, haien moduan, karguan dauden bitartean agintariak direla. Horregatik, “jaun-andre” (espainiarrez, “Señoría”) tratua eman behar zaie. Gobernu Salak izendatzen dituenean bere izendapenaren ziurtagiria ematen die. Gainera, mugiezinak dira, hau da, ezin izango dira beren kargutik kendu legeak jasotako eran eta kariekin bat ez bada.

Beren lanaren truk, nahiz eta Administrazioarekin lan harremanik ez izan, ordainsari bat ematen zaie,6 eta gaixorik daudenean edo bestelako arrazoi bat dela bitarteko (amatasuna, baimen bereziak,...) beren lana burutu ezin dutenean, bake epaile lanak honen ordezkoak egingo ditu. Ordezkorik ez badago, Justizia Auzitegiaren Gobernu Salak beste udalerri batetako bake epaileari hutsik dagoen epaitegi horretan aritzeko boterea aintzatetsiko dio.7

Goazen betebeharrekin. Asko dira eta denak aipatu ahal izateko labur-labur jorratuko ditugu.

Beren karguan dauden bitartean bake epaileei bateraezintasun eta debeku batzuk aintzatesten zaizkie. Lehenengoen eremuan, bake epaileek ezin dute epaitegietan beste funtziorik egikaritu; ezin dute herriak aukeratutako edo politikoa den beste kargurik bete; ezin dute Administrazio publiko batentzat lanik egin; ezin dira abokatu edo prokuradore moduan aritu, ezta aholku juridikorik eman —nahiz eta dohainik egin—. Berezitasun gisa aipatu behar, nahiz eta karrerako epaileei ez zaien uzten beste lanbide bat izatea edo enpresa batentzat lanik egitea, logikoki, bake epaileei, profesionalak ez direnez, bateraezintasun bi hauek ez zaizkiela aplikatzen.

Bake epaileek ezin diete Botereei, agintariei, funtzionario publikoei edo korporazio ofizialei bere egintzengatik zorionak eman edo gaitzespena erakutsi. Gainera, legegintza eta udal hauteskundeetan ezin dute beren burua hautagai moduan aurkeztu. Hauteskunde hauetan izan dezaketen parte hartzea boza ematea besterik ezin daiteke izan. Ezin dira alderdi politikoetako edo sindikatuetako kide izan, edo horientzat lanik egin.

Legearekin bat bake epaileak funtzio jurisdikzionalak betetzen dituzten herrietan bizi behar dira, nahiz eta Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak beste herri batetan bizitzeko baimena eman ahal dien.

Bake epaileek beren lana sekretupean gorde behar dute. Horrela galdatzen die beren jarduera arautzen duen aipatutako erregelamenduak (24. art., EBLO-ren 296. art. garatuz).

Azkenik, bake epaileek beren karguaren eta lanaren egikaritzan erantzukizuna dute. Legeak hiru motatako erantzukizuna leporatzen die: zibila, penala eta diziplinazkoa. Lehenengoaren arabera, bake epaileek beren karguaren egikaritzan delitu ez diren nahita edo arduragabekeriaz egindako edo sortutako kaltegalerengatik erantzukizuna dute (BJLO-ren 411-413 art.-ak). Gainera, bere karguaren egikaritzan delitu edo faltaren bat egiten badute,8 hari ere aurre egin beharko diote (BJLO-ren 405-410 art-ak). Era berean, bere karguaren burutzean epaileei eskatzen zaizkien jarrerak eta jokabideak jarraitzen ez badituzte erantzukizun diziplinarioa izango dute (BJLO-ren 414-427), hau da, beren gobernu organoen aurrean erantzun beharko dute.

1 Egia da, aurretik, Justiziaren Administraziorako Behin Behineko Erregelamenduak (1835-ko irailak 26-ko Errege Dekretuz onartua), udalerri guztietan bake epaitegiak aurreikusten zituela, baina LÓPEZ DEL MORAL, J.L., FERNÁNDEZ SIMÓN, M., ALONSO IZQUIERDO, C., Manual de los Juzgados de Paz, 4. arg., La Ley, Madril 2008, 53. or.-ek ondo esaten dutenez, epaile lanak alkate eta alkateordeen esku geratzen ziren.

2 Bake epaileen Estatutu hau epaile arrunten (hau da, karrerako epaileen) Estatutuaren oso antzekoa da. Are gehiago, legearekin bat Estatutu bera da, nahiz eta bake epaileen ez-profesionaltasunetik eta bere karguaren edo agintaldiaren aldibaterakotasunetik ezaugarri bereziak eratorri hauentzat. Honetan indar egiten dute, BONET NAVARRO, J., IVARS RUÍZ, J., “Algunas consideraciones en relación al juez de paz”, Revista del Poder Judicial, 1998/49 zk.

3 Nahiz eta jubilatuta egon, hau da, 65 urtetik gorakoa izan, bake epaile izan daiteke (1995/3 erregelamenduaren 13. art.)

4 Euskal Autonomi Erkidegokoa Bilbon dago.

5 Deialdia Probintziako Aldizkari Ofizialean, bake epailerako deia egiten duen herriko udaletxeko iragarki taulan, barruti judizialeko lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegian eta bake epaitegian bertan publikatutako da. Bake epailearen aukeraketan legearekin bat eta publikoki aritzea ezinbestekotzat jotzen du Zuzenbidezko Estatu baten eremuan, GARCÍA CASAS, J., “El juez de paz en la Ordenación Jurisdiccional Española”, Justicia: Revista de Derecho Procesal, 1990/3 zk.

6 Estatuko Aurrekontu Orokorretan finkatzen da zenbateko hau, herri bakoitzeko populazioaren araberakoa izanik. Egia esan, sinbolikoa da, eta inor ezin daiteke ordainsari honi esker bizi. Horregatik, gainerako epaileei ez bezala, bake epaileei lan bat edo jarduera profesional bat izatea baimentzen zaie. Egun indarrean dauden ordainsariak 2006ko abenduak 29ko Estatuko Aldizkari Ofizialaren 56. xedapen gehiagarrian jaso ziren: 1.999 biztanlerarteko herrietako bake epaileek 1.082,12 €-ko ordainsaria jasoko du; 2.000 biztanle eta 4.999 biztanle bitarteko herrietako bake epaileek 1.623,12 €; 5.000-6.999 biztanle bitarteko herrietakoek 2.164,16 €; 7.000-14.999 biztanle bitarteko herrietakoek 3.246,20 eta 15.000 biztanle baino gehiagoko herritakoek 4.328,28 €.

7 “Jurisdikzio luzapena” deritzona emango da.

8 Epaileek burutu dezaketen deliturik arruntenak prebarikazioa —hau da, erabaki bat ematea nahiz eta bidegabekoa dela jakin— eta eroskeria —norbaiten aldeko erabaki bat ematea horretarako dirua jasoz— dira.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media