Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Portugaldar Bake Justiziaren ereduak alde nabarmenak ditu espainiar ereduarekin konparatzen badugu. Espainian, Bake Epaitegiak bere jurisdikzioa udalaren lurraldean egikaritzen du beti, eta lurralde honen mugak ezin dira aldatu, ez zabaldu, ezta gutxitu ere. Portugalen, aldiz, Bake Epaitegi batek bere jurisdikzioa udal baten lurraldean egikaritu dezake, baina baita udal multzo edo talde baten lurraldera zabaldu ere, eta alderantziz, udal bateko auzo edo parrokia (freguesia) bat edo gehiagotara mugatua izan dezake. Hain zuzen ere, Gobernuari dagokio Bake Epaitegi bakoitzak zein lurraldean egikarituko duen bere jurisdikzioa zehaztea. Bake Epaitegien antolakuntzaren ikuspegitik ere badago beste desberdintasun bat Espainako Bake Epaitegiekiko, Portugalen Epaitegi bakoitzean egon daitezke atal edo sekzio bat baino gehiago. Atal bakoitzeko buru bezala Epaile bat dago.
Bake Epaileen estatutuari dagokionez, badaude hainbat baldintza bat datozenak Espainian eta Portugalen. Adibidez, nazionalitatearen eskakizuna: Bake Epaile bezala jarduteko portugaldar nazionalitatea izatea nahitaezkoa da. Bere eskubide zibil eta politikoen egikaritza osoan egon behar du eta ezin daiteke iruzurrezko delitu bategatik kondenatua edo egotzia izan. Baina gai honetan ere, desberdintasunak nabarmenak dira. Nagusiena zuzenbidean lizentziatua izateko eskakizuna litzateke eta, bestalde, gutxienez 30 urteko adinekoa izan behar da. Espainian berriz, ez da beharrezkoa zuzenbide ikasketak izatea eta edonor, adinez nagusia izanda, izan daiteke Bake Epailea. Espainiako eta Portugaleko Bake Epaileen arteko beste alde nabarmen bat honakoa da: Portugalen Epaileek esklusiboki jarduera judiziala dutela, hau da, ezin dezakete beste jarduera publiko edo pribaturik egikaritu. Beraz, bere erregimen juridikoa karrerazko Magistratuena bezalakoa da.
Portugaldar Bake Epaileen hautaketa lehiaketa publiko bidez egiten da. Lehiaketa publiko honen bidez hautagaien curriculuma neurtzen da, froga publiko batzuen bidez. Froga publiko hauek egin beharrik ez dute aurretik hainbat lanbide edo funtzio juridiko egikaritu dituztenek, hala nola, Magistratuek, Ministeritza Publikoko kideek edo Unibertsitate Irakasle izandakoek. Hautaketa prozesu hau Justizia Ministeritzak antolatzen duen Bake Epaileentzako prestakuntza ikastaro berezi batez osatzen da. Bake Epailearen izendapena aldi baterakoa da. Portugaldar araudiaren arabera hiru urte bitartekoa izango da. Hala ere, araudi honek ez du espresuki aurreikusten izendapenaren luzapena, ezta horrelakorik espresuki debekatzen ere.
Argazkia: blmurch.
http://www.flickr.com/photos/blmurch/328589580/
Portugaleko Bake Epaileek arlo zibilean dute esklusiboki eskumena. Hala ere, hainbat kasutan delitutik sortzen den erantzukizun zibilaren eskaerara ere zabaltzen da eskumen hori (ebasketak, kalte arinak, lesio arinak, irainak, etab.) baldin eta akzio penala ez bada egikaritzen edo egikaritzari uko egiten bazaio. Zenbatekoa kontutan hartuta, Portugaleko Bake Epaitegien eskumenak zibil arloan 3.750 eurotan du muga, eta materia edo gaia kontutan hartuz, berriz, eskaera hauetara zabaltzen da: gauza higigarriak emateko arazoekin lotura duten eskaerak, jabekidetzan oinarritzen diren eskaerak, kontratuak betetzeko eskaerak, lan kontratuaren kasuan salbu, hiri-errentamendu eskaerak, kaleratzearen kasua salbu, etab. Espainiar Bake Epaileekin alderatuz, portugaldarrak ez du penal arloan eskumenik. Zibil arloan, aldiz, askoz ere zabalagoak dituzte.
Portugaldar Bake Epaileen aurrean jarraitu behar den izapidetzak sinpletasuna eta informaltasuna ditu ezaugarri, ahozkotasun printzipioarekin batera. Adierazitako sinpletasunaren esparruan eta bere adibide gisa, esan behar da arazoa duten pertsonek (alderdi prozesalek, alegia) bere kabuz edo zuzenean jardun daitezkeela, hau da, ez da premiazkoa abokatu bitartez jardutea Epailearen aurrean. Espainian gertatzen den bezala, abokatuaren behar ezak ez du esan nahi teknikari hauen parte hartzea ukatua dagoenik erabat. Beraz, alderdiek horrela nahi izanez gero, jardun daitezke abokatuen bitartez. Ezaugarri honen beste adierazpen bat idazki prozesalak aurkezterakoan dakusagu. Bai demanda, bai erantzuna, bai idatziz bai ahoz aurkez daitezke eta akats prozesal nahiz materialak izanez gero, Epaileak ofizioz adieraziko die alderdiei zeintzuk diren eta konpontzera gonbidatu.
Bake Epaitegien aurreko izapidetza edo prozeduraren beste ezaugarri garrantzitsua portugaldar legeak arazoa konpontzeko eskaintzen dituen alternatibak dira eta bereziki mediazio edo bitartekaritzaren alde egiten duen apustua. Hau da, bide judiziala jarraitu beharrean, posible da legearen esparruan alderdiek zuzenean parte hartzea beren arteko arazoa konpontzen saiatzeko eta akordio batera iristeko. Konponbide batera iritsi ahal izateko, alderdiek bitartekari baten laguntza izango dute. Bitartekaritza prozeduran aurre fase bat bereiz daiteke, non bitartekariak alderdiei jakinaraziko die zertan datzan alternatiba hau eta aldi-baterako azterketa egingo du alderdiek arazoa bitartekaritzaren bidez konpontzeko borondatea duten ala ez jakin ahal izateko. Bitartekariak ez badu alderdiengan arazoa negoziazioaren bidez konpontzeko borondaterik somatzen, berehala jakinaraziko dio Bake Epaileari honek epaiketa ospatzeko data zehaztu dezan. Aldiz, alderdiek bitartekaritza erabiltzeko borondatea adierazten badute, bitartekaritza fasea hasiko da, beste bitartekari desberdin baten zuzendaritzapean.
Bitartekaritza saioak Bake Epaitegiaren egoitzan garatzen dira eta, printzipioz, alderdiei dagokie bitartekari gisa jardungo den pertsona hautatzea urtero berritzen den zerrenda batetatik. Alderdiek edozein mementotan egin diezaiokete uko bitartekaritzari eta kasu horietan bitartekariak berehala jakinaraziko dio Epaileari arazoak bide judizialetik jarrai dezan. Aldiz, alderdiak bitartekaritzaren bidez akordio batetara iristen badira, honek epaiaren indar berdina izango du behin alderdiek sinatu ondoren eta Epaileak homologazioaren bidez oniritzia ematen badio.
Bitartekaritza prozesuan erabateko garrantzia du bitartekariaren lanak. Bitartekariak lan horretan jarduteko gaituak dauden profesionalak dira eta bere jardun horretan inpartzialtasunez, independentziaz, arduraz eta isilpean aritu behar dira. Bitartekari bezala jarduteko nahitaezkoa da 25 urtetik gora izatea, lizentziatura baten jabe izan, gaitasuna eskuratzeko Justizia Ministeritzak onartu duen ikastaro bat gainditzea eta ahal bada, Bake Epaitegiak bere egoitza duen herrian izatea helbidea.
Frantzian, 1958. urteraino jardun ziren profesionalak ez ziren Bake Epaitegiak. Epaile hauek ekitatean (eta ez zuzenbidean) oinarrituz erabakitzen zituzten larriak ez ziren arazoak eta ahal zen neurrian bitartekari gisa jarduten ziren. Esan bezala, 1958an Bake Epaitegi hauek desagertu egiten dira eta bere eskuduntzak Tribunal d’Instanceren artean, arazoa zibila zenean, eta Tribunal de Policeren artean, arazoa penala zenean, banatzen dira. Egoera berri honek 2003.urtera arte irauten du, organo judizial berriak sortzen diren urtea hain zuzen ere: Hurbiltasun Epaitegiak.
Hurbiltasun Epaitegiak lehen auzialdi bezala kokatzen dira frantziar antolakuntza jurisdikzionalaren esparruan eta arlo penalean eta zibilean dute eskumena, baldin eta, azken kasu honetan, arazoaren zenbatekoa txikia bada. Antolakuntzaren ikuspegitik esan behar da, frantziar ordenamenduaren arabera Apelazio Auzitegi bakoitzaren lurralde eremuan lehen auzialdiko jurisdikzioa osatuko dela hurbiltasun jurisdikzio bezala.
Esan dugun bezala, Hurbiltasun Epaitegiek zibil eta penal arloan zabaltzen dute bere eskumena. Zibil arloan arazoak ezin dira izan zenbateko handikoak ezta korapilatsuak ere. Esandakoa zehaztuz, zibil arloan Hurbiltasun Epaileak bere eskumena zabalduko du obligazioak betetzeko demandetara gai hauetan: auzokideen arteko arazoak, kontsumo arloko arazoak, etab. baldin eta zenbatekoak ez badu 1.500 euroko kopurua gainditzen. Gerta daiteke arazoa Hurbiltasun Epailearen eskuduntzapean egotea zenbatekoa kontutan hartuz, baina zailtasun bereziak izatea. Kasu hauetan, bai alderdien eskariz, bai Epaileak ofizioz erabaki dezake arazo hori Tribunal d’Instancera igortzea.
Argazkia: umjanedoan.
http://www.flickr.com/photos/umjanedoan/496656416/
Hurbiltasun Epaitegien aurrean jarraitu behar den prozedurari buruz esan behar da zibil arloko gainerako Epaitegi eta Auzitegien aurrean aplikagarriak diren arau eta printzipio berdinak direla aplikagarri. Bake Epaitegiak jarduten ziren garaian bezala, Hurbiltasun Epaileak ere alderdien arteko arazoa adiskidetze saio baten bitartez konpontzen ahaleginduko dira. Adiskidetze saio hau gauzatzerakoan Hurbiltasun Epaitegiak berak har dezake ardura osoa, baina alderdiek nahi izanez gero, hirugarren pertsona batek ere, baldin eta Estatu mailan zehaztuta dauden baldintza batzuk betetzen baditu. Hirugarren pertsona baten bitartez lortzen bada adiskidetze saioaren emaitza positibo bat, honek eragina izan dezan nahitaezkoa izango da Epaileak akordioaren aldeko homologazioa ematea.
Era berean, penal arloan ere Hurbiltasun Epailearen eskuduntza mugatua da, hau da, arlo penaleko urratze arinetara zabaltzen da bakarrik. Egileak, berriz, helduak zein adintxikikoak izan daitezke. Bere eskumen propioaz aparte, Tribunal de Grande Instanceko Buruak horrela onartzen badu delegazioz, Hurbiltasun Epaileak ere baliozkoa eman diezaioke konposizioaren bitartez lortutako emaitzari. Konposizio penalaren bitartez, urratze penalak arinak direnean Ministeritza Penalak delituaren egileari hainbat neurri proposatzen dizkio akzio penala egikaritu ordez, hala nola, isun bat ordaintzea, aldi-baterako ibilgailua ematea edo baita ere gidatzeko edo ehizarako baimena, ordaindu gabeko lanak egitea gizartearen onurarako, etab. Horretarako nahitaezkoa da ustezko delitugileak onartzea urratzearen burutzea, ez bada horrela, Fiskalak akzio penala egikarituko du.
Hurbiltasun Epaileen estatutu pertsonalari dagokionez, aipatu behar da ez direla karrerako epaile iraunkorrak edo permanenteak. Aldiz, profil edo ezaugarri profesional zehatz bat duten pertsonak dira aldi baterako funtzio jurisdikzionalak egikaritzeko izendatutakoak. Hala ere, behin izendatu ondoren eta funtzio jurisdikzionala egikaritzen duten bitartean bere estatutu pertsonala karrerako epaile eta magistratuenari egokitzen zaio. Hurbiltasun Epaile bezala jarduteko izendapena zazpi urterako egiten da eta epe hau agortu ondoren karguari utziko dio. Kargu uztea gertatuko da baita ere 75 urte bete ondoren edo aurretik hala eskatuz gero eta baita funtzio jurisdikzionaletik apartatzea dakarren zehapen disziplinarioa ezarriz gero ere.
Hurbiltasun Epailearen funtzio jurisdikzionala beste jarduera profesionalekin bateragarria da. Hala ere, beste jardun profesionalekin bateratze honek ezin dezake inola ere ekarri bere funtzio jurisdikzionalean inpartzialtasuna edo independentziaren gutxitze edo urratze bat. Adibide gisa, Hurbiltasun Epaileak bere funtzio jurisdikzionalaz gain beste jarduera profesional bat egikaritzen badu izaera juridikoa duena, ezin izango du Epaile bezala aritu Tribunal de Grande Instancearen lurralde eremuan bere egoitza profesionala bertan izanez gero. Hurbiltasun Epaileak egikaritzen duen beste lanbide edo jardun profesionalean aldaketaren bat eginez gero, berehala jakinarazi beharko dio Tribunal de Grande Instanceko Buruari eta honek aztertu eta erabakiko du bateragarria den ala ez funtzio jurisdikzionalarekin.